Duela 415 urte, Pierre Delancre Henri IV erregeak igorririko kontseilaria Baionara jin zen. Baionako Gaztelu Berrian dago Delancreren jatorrizko liburua, sorgin gisa izendatuak ziren emazteen ohiturak eta egunerokoa jasotzen dituena. Ez hori bakarrik, 1612ko Tableau de l’inconstance des mauvais anges et démons obran, Delancre inkisidoreak galdeketa saioak zein torturak xeheki aipatzen ditu. Tituluak berak adierazten duenez, sorgin gisa ikusiak zirenak galdekatzeko eta jujatzeko «eskuliburua» zen. 1609ko uztailetik urrira ikusirikoa kontatzen du Delancrek. Baionako Euskal Museoak BERRIAri ireki dizkio dokumentu funtsak gordeak dituzten tokiko ateak, hamazazpigarren mende hastapeneko gertakariak jasotzen dituen jatorrizko liburua ikusteko.
Maldan goiti abiaturik, parte zaharreko kaserna ohi batean kokatuak dira Baionako Euskal Museoko artxiboak. Artxiboetara ez, museoko dokumentu funtsak gordeak dituzten tokira sartu da Aña Mari Gale, Euskal Museoko komunikazio arduraduna. Alimaleko atea ireki, eta lehen estaian dago dokumentazio zentroa. Bertako teknikari Audrey Farabosek Delancreren jatorrizko hiru aleak ekarri artean, mahaia prestatzen ibili da museoko arduraduna. Harrizko eskaileratik beheiti jin da dokumentazio zentroko langilea, Delancre kontseilariaren hiru aleak ontsa hetsiriko kutxa berezietan zituela. 1610ekoa da lehen alea. 1612koan eta 1613koan bezalaxe, Lapurdira «sorginkeria» kondenatzeko hainbat zergati eta deskribapen agertzen dira. Guti gorabehera seiehun orriko hiru ale pausatu ditu. «Gu izan gintezkeen kondenatu horiek», erran dio Galek Farabos lankideari. Hiru liburuek larruzko azala dute, eta, erdian, azalaren egilearen armarria dago, kobrezkoa kasu honetan. De Beauvau jaunarena da 1612ko alean.
Deabru aldakorraren bila
Tristan Urtubikoa eta Jean de Caupenne, Lapurdiko Biltzarreko Frantziako erregearen bi ordezkariek galdeturik jin zen Delancre, Bordeleko (Okzitania) parlamentuko komisario gisa. Urtubiko jaunaren prestigioaren, ohoreen eta irabazi ekonomikoen galerarekin batera, Henrike IV.a erregeak Ziburu Urruñatik (Lapurdi) zatituko zela jakitean hasi ziren lehen gatazkak. Horrek Ziburuko portuaren kudeaketa korapilatsua ekarri zuen, Urtubiko jaunaren eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) burgesen arteko botere interesak zirela eta. Beñat Zintzo Garmendia historialariaren arabera, «sorgin» definitu zituzten emazteei botatzen zieten hoben guzia: «Izurrite beltzaren epidemiarengatik, sorginei botatzen zieten hobena. Tenpestak edo klima larrialdiak gertatzen zirelarik, sorginei botatzen zieten hobena». Finean, garai hartako aberatsen artean sorturiko gatazka bakoitza konpontzeko, sorgin gisa ikusiak zirenei leporatzen zieten ika-mikaren jatorria.
Lapurdi hainbat «deabruz» betea zela erran zuen Delancrek. Kontseilariaren arabera, itsasoaren erruz zabaldu zen sorginkeriaren epidemia. Geografia aldetik, Lapurdi toki «berezia» izateaz gain, Delancreren ustez, erregearen kontrolpetik «eskapu» egiten zuen lurraldea da. Hizkuntzaren aldetik, euskara hizkuntza «bitxitzat» hartu zuen, eta onartzen du itzultzaileen beharra zuela presondegiratu eta torturapean atxikiriko emazteak ulertzeko.
1612ko alean, akelarrea deskribatzen du, atal oso bat eskainiz «deabruzko» erritual horri. Atxilotu eta galdekatu zituen emazteen erantzunetatik abiatu zen: «Maria de Larralde, 28 urteko emazte ederrak sorgina zela eta, ttipitatik akelarreetara joaten zela onartu zuen. (...) erran zuen deabruak enbor forma zuela eta zangorik gabekoa zela gizaki batzuen aurpegiz apaindurik». Zintzo Garmendiaren hitzetan, atxiloturiko emazteei gorputzeko ile guziak mozten zizkieten, baita tortura fisiko eta psikologikoak eragiten ere, inkisidoreen parean amore eman zezaten. Ondorioz, haren ustez, beldurragatik eta presioagatik, inkisidoreek nahi zituzten erantzunak ukaiteko bultzatu zituzten atxilotu anitz.
Bertzalde, inkisidoreak ordu hartako Euskal Herriko ohiturak deskribatu eta kondenatzen ditu. Horien artean, gorputzak eta dantzan aritzeko manerak deabruztatu zituen. Erregearen Gorteko dantzei kontrajarriz, esplikatzen du Lapurdin ikusi zituen akelarre denborako emazteen gorputzak «kontroletik kanpo» zirela eta nolabaiteko bortizkeria irudikatzen zutela: «Martinbeltsaraneko andereak onartzen du akelarre denboran lau aporekin dantzan ari zela, bi eskuetan emanik, txori bat eramaten balu bezala, bertze biak espalden gainean zituela».
Jose de La Peñaren margolanak
Martinbeltsaraneko anderea da, hain zuzen, 1938ko Jose de La Peña madrildarraren margolanetan agertzen dena. Baionako Euskal Museoaren enkarguz sortu zituen hemezortzi margolan, Delancreren 1612ko liburutik abiaturik. Gaur egun, margolan horien parte bat museoan dago, eta bertzea, aldiz, funts gordeetan. Gela handiko funts gordeen hesira lerratu eta, hura da agertzen den lehenetarik bat. Kolore gorriz eta zuriz apaindurik, emazte dantzari bat agertzen da erdian, Delancrek deabruzko dantza gisa irudikatu zuen hura dantzatzen.
Agerizko berdintasunak atzematen dira inkisidorearen liburuaren eta De la Peñaren lanen artean. Batik bat, Delancrek hainbertze aldiz aipatzen duen akerra. Akelarrea irudikatzen duten tindu guzietan ez bada, frankotan dago, anitzetan tronu baten gainean edota posizio boteretsuan irudikaturik. Orokorrean bada ere, deabruaren kolorearekin lot daitezke haren margolan guziak, gorria eta iluntasuna baitira nagusi.
Deskribapenetan hain urrun joan baitzen, Delancrek bere logelan irudikatu zituen hainbat emazte, sorgin deitzen zituzten horiek, hain zuzen. De la Peñaren margolan batek hori ontsa irudikatzen du. Hain ziren larriak inkisidorearen burutazioak, non tindu horretan hiru emaztek Delancre pozoitzen saiatu omen ziren. Satan nahiz eta atarian egon, Sansinenako anderea —Delancreren atxilotuetarik bat— Satanen amorante gisa izendatu zuen.
Kondenatuak
Dudarik gabe, Delancreren liburua eta De la Peñaren margolanak Lapurdin gertaturiko sarraskien lekuko dira. Zintzo Garmendiaren hitzetan, ez da ahantzi behar sorgin hitza garaiko akusatzaileen terminoa zela. Azken finean, Lapurdin eta Euskal Herrian gauzatu zituzten desmasiak Errenazimentuko elitearen beldurren eta gatazken ondorioak ziren, haren erranetan. Nahiz eta Delancre Bordelera itzuli zen 1609ko urrian, historialariaren aburuz, 1614 arte iraun zuen sarraskiak, aipatu gabe sarraskiak utziriko eragin psikologiko handia.
Emazte atxilotuen eta hilen zerrenda luzea da Lapurdin. Gizon batzuk tarteko, artxiboetako iturrien arabera, gehienik ehun bat emazte hil zituzten, hainbat galdekatu eta torturatu ondotik: Martinbeltsarena, Maria Ximildegi, Maria Azpilkueta, Katalina Moreles, Maria Larralde eta Katalina Landalde izan ziren haietariko batzuk.