Zinema

Del Campo, Herguera, Leemans eta Perez Sañudo, Kimuak-en katalogoan

Hautatutako zazpi film laburretatik bakarra da euskara hutsezkoa: Iban del Camporen Sorbeltza. Itziar Leemansen Ximinoa euskaraz eta frantsesez da.

Itziar Leemansen 'Ximinoa' filma. GASTIBELTZA FILMAK / AL BORDE FILMS
Andoni Imaz
2023ko ekainaren 2a
17:21
Entzun

Kimuak programaren 26. aldira aurkeztutako 60 proposamenak aztertu eta gero, epaimahaiak zazpi film labur hautatu ditu aurtengo katalogorako: Iban del Camporen Sorbeltza, Raul Camposen El aprendiz, Isabel Hergueraren La mujer ilustrada, Itziar Leemansen Ximinoa, Nitya Lopez Saituaren Deadly Draw, Tamara Lucarini Cortesen Prioridades eta David Perez Sañudoren El rey de la semana. Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik sustatutako programak martxan jarriko ditu orain film horiek nazioarteko zinema jaialdietara bidaltzeko bideak.

Honako kide hauek osatu dute aurtengo hautaketa batzordea: Simon Blondeau Baionako L'Atalante zinemako zuzendari laguntzaile eta kultur bitartekariak, Ana Herrera Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikus-entzunezko proiektu estrategikoen eta digitalen buruak, Txaro Landa Bilboko Fas zineklubaren zuzendariak, Jaime Manrique Bogoshort film laburren jaialdiaren zuzendariak, eta Alberto Valverde Bartzelonako D'A Film Lab-en koordinatzaileak.

Sorbeltza filma euskara hutsez egina da, Ximinoa euskaraz eta frantsesez, eta gainontzekoak gaztelaniaz, nahiz eta horietako bik hindia eta bengalera ere erabiltzen dituzten.

Del Camporen lanean, belaontzi bat itsasoratzen da, barruan hiru pertsona dituela. «Bi emakume eta gizon bat: triangelu bitxi bezain misteriotsu bat osatzen dute», azaldu dute, ohar batean. «Itsas zabaleko bainuen, gaueko elkarrizketen eta tentsio sexualen artean, desorekatuta dagoen unibertso batean murgilduko gara». Erika Olaizola, Joseba Apaolaza, Miren Gaztañaga eta Heren de Lucas dira aktoreak.

Zinemagileak Kimuak katalogoan izan duen laugarren lana da. 2009an Dirty Martini dokumentala hautatu zuten, 2018an Espedizio handia zientzia fikziozko filma, eta 2020an Silvia Reyerekin batera zuzendutako Interior Taxi Noche.

Ximinoa-k June pertsonaiaren istorioa kontatzen du: udako lehen lana aurkitu du, Constance neskato sentikorra zaintzen. «Klase harremanen bortizkeria eta bere identitatearen ukapena aurkituko ditu». Ainara Leemans, Anais Villiot Chantelauze eta Sarah Chantelauze dira protagonistak.

Leemansek Kubari buruzko bi dokumental luze zuzendu ditu: Parque Lenin (2015) eta Boca Ciega (2020). 2018an, Bainera fikziozko film laburra egin zuen, eta, iaz, Olatuak, bere hirugarren dokumental luzea. Fikziozko lehen film luzea idazten ari da egun: Agurra. Noka emakume zinemagileentzako programan hautatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.