Del Campo, Herguera, Leemans eta Perez Sañudo Kimuak-en katalogoan

Hautatutako zazpi film laburretatik bakarra da euskara hutsezkoa: Del Camporen 'Sorbeltza'. Leemansen 'Ximinoa' euskaraz eta frantsesez da

Iban del Camporen Sorbeltza filma. LIMBUS FILMAK.
Andoni Imaz
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Kimuak programaren 26. deialdira aurkeztutako 60 proposamenak aztertu eta gero, epaimahaiak zazpi film labur hautatu ditu aurtengo katalogorako: Iban del Camporen Sorbeltza, Raul Camposen El aprendiz, Isabel Hergueraren La mujer ilustrada, Itziar Leemansen Ximinoa, Nitya Lopez Saituaren Deadly Draw, Tamara Lucarini Cortesen Prioridades eta David Perez Sañudoren El rey de la semana. Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadik sustatutako programak nazioarteko zinemaldietan zabalduko ditu filmok aurrerantzean.

Kide hauek osatu dute aurtengo hautaketa batzordea: Simon Blondeau Baionako L'Atalante zinemako zuzendari laguntzaileak, Ana Herrera Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikus-entzunezko proiektu estrategikoen buruak, Txaro Landa Bilboko Fas zineklubaren zuzendariak, Jaime Manrique Bogoshort film laburren jaialdiaren zuzendariak, eta Alberto Valverde Bartzelonako D'A Film Lab-en koordinatzaileak.

Sorbeltza filma euskara hutsez egina da, Ximinoa euskaraz eta frantsesez, eta gainontzekoak gaztelaniaz, nahiz eta horietako bik hindia eta bengalera ere erabiltzen dituzten.

Del Camporen lanean, belaontzi bat itsasoratzen da, barruan hiru pertsona dituela. «Bi emakume eta gizon bat: triangelu bitxi bezain misteriotsu bat osatzen dute», azaldu dute, ohar batean. «Itsas zabaleko bainuen, gaueko elkarrizketen eta tentsio sexualen artean, desorekatuta dagoen unibertso batean murgilduko gara». Erika Olaizola, Joseba Apaolaza, Miren Gaztañaga eta Heren de Lucas dira aktoreak.

Ximinoa-k June pertsonaiaren istorioa kontatzen du: udako lehen lana aurkitu du, Constance neskatoa zaintzen. «Klase harremanen bortizkeria eta bere identitatearen ukapena aurkituko ditu». Ainara Leemans, Anais Villiot Chantelauze eta Sarah Chantelauze dira protagonistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.