Del Burgorekin adiskidetzeari uko egin dio Urtasunek

'Nafarroa 1936' erakusketan politikaria iraindu izana ukatu du Urtasunek. Auzian aurrera jarraitu ala ez ebatzi beharko du epaileak

Jose Ramon Urtasunek herritarren babesa jaso zuen atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Ez dira adiskidetu. Uko egin dio Jose Ramon Urtasun artista iruindarrak Jaime Ignacio del Burgo Nafarroako presidente ohiarekin adiskidetzeari, horretarako Nafarroako Auzitegi Nagusian prestatutako ekitaldian. Nafarroako Parlamentuan iragan apirilean ikusgai izan zen erakusketagatik salatu du Del Burgok Urtasun, Nafarroa 1936 izenekoagatik, bi koadrotan bere sendia «iraintzen» duela argudiatuta. Urtasun ziur dago auzia bertan behera utziko duela epaileak. Eta prest dago horrela gertatu ezean «joan behar den tokira» joateko bere errugabetasuna defenditzera.

Nafarroako Auzitegi Nagusiko plazan zeuden ehun bat lagunen babesarekin joan zen atzo Urtasun adiskidetze ekitaldira, alboan bere abokatua zuela. Del Burgok salatu zuenetik, irmo defendatu du «artista orok duen adierazpen askatasuna». Gainera, argi eta garbi esan du koadro horietan ageri direnek ez dutela zer ikusirik delburgotarrekin. Hala ere, epailearena izango da azken hitza: hark erabaki beharko du artistak Del Burgoren familia iraindu duela esateko argudioak sendoak diren ala ez.

Salaketak ez du inondik inora lortu Urtasun «kikiltzerik». Are gehiago, memoria historikoaren alde duen engaiamendua indartu duela azaldu du. Hala, Nafarroa 1936 erakusketa Burlatako (Nafarroa) Uranga jauregian izango da ikusgai, 1936ko gerran falangistak biltzen ziren toki berean, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.