Dekadentziaren edertasuna

Xabier Morrasek 1975etik aurrera ondutako ehun bat obra jarri dituzte Kondestablearen jauregian. Hiri paisaiak dira nagusi, baina gizakiarekin nahasten dira. Urtarrilaren 19ra arte egongo dira ikusgai

Heroi anonimoak margolanaren zati bat. Koadroan, Morras bera eta haren senideak ageri dira, ekaitza gainean dutela, zaldiarekin lanean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
«Dekadentziaren, porrotaren, heriotzaren, mehatxuaren edertasuna». Hitz horiek irakur daitezke Xabier Morras margolariaren Margoak eta marrazkiak izeneko erakusketaren katalogoan, eta hitz horiek laburbil dezakete, erakusketa ez ezik, baita haren obra ere. Morrasentzat margotzea izan da beti oroitzapenak, bizipenak eta inguratzen duena adierazteko bidea. 50 urte daramatza iluntasunean aurkitzen duen edertasuna artelan bihurtzen. Orain, haren ehun obra inguru Kondestablearen jauregiko lehen solairuan daude ikusgai, urtarrilaren 19ra arte.

Orain dela bost urte Morrasek Iruñeko Ziudadelan jarri zuen izen bereko erakusketan bezala, hiria eta gizakia dira margolanetako protagonista nagusiak. Bi elementu horien inguruko begirada berezi batez, ikuslea erakarri, haren pentsamendua astindu eta haren kontzientzia mugitzea lortzen du margolariak.

1975etik aurrera ondutako margolanak dira ikusgai dauden guztiak; gehienak, 2000tik aurrera egindakoak. Koadro txiki batzuk ere badauden arren, handiak dira gehienak, 2x2 metro baino gehiagokoak. Erakusketaren katalogoan adierazita dagoen moduan, «kez eta hotzez egindako margolanak dira; beltzez eta oxidoz egindakoak, herdoildutakoaren, zahartutakoaren, zatitutakoaren edertasun arraroa dutenak».

Morras 1943an jaio zen, Iruñeko Arrieta kalean, eta, dioenez, hiriko gerraosteko giroak asko eragin zion, eta frankismo garaiak asko markatu zion sorkuntza. «Ez diot inori gomendatzen hori», adierazi du. Hirurogei urte baino gehiago daramatza artean murgilduta —18 zituenean osatu zuen lehenengo erakusketa—, etaezagutu duen munduaren eta bizi izan duenaren isla da haren obra; «nagusiki autobiografikoa».

Gaztetan, Iruñean zegoen giro ilunak «ito» egiten zuen, eta alde egin beharra sentitzen zuen; beste mundu batzuk ezagutu beharra. Hala, 1960ko hamarkadan kanpora atera eta hiri handiak ezagutu zituen. Londres izan zuen lehen helmuga; Nafarroako Diputazioaren beka batekin joan zen, ingelesik ia jakin gabe, ikastera. Gero, 1970eko hamarkadan, New Yorkera joan zen, eta han etxe orratzekin liluratu zen, bai eta kalean topatzen zituen pertsonaia «ilunekin» ere. Artelan bihurtu zituen haiek denak.

Hiri paisaia horietako asko ikus daitezke erakusketaren lehen aretoko margolanen artean: New Yorkeko etxe orratzak eta zubiak, Londresko fabrikak, Manchesterko kaleak, Chicagoko trena... Margolan ilunak dira gehienak, grisaren eta beltzaren artekoak; baina, iluntasunean, kolore asko dituzte: Morrasen lanaren paleta bereizgarria.

Hiria eta landa eremua

Margolanen gertaleku nagusia hiria da, baina bada Nafarroako landa eremuari eskainitako zati bat ere. Morrasek Lizarrerriko herri txiki batean igaro zituen haurtzaroko egun ugari, Lakarren, aitaren herrian, eta, Pablo Antoñana idazlearen testu batekin lagunduta, gogora ekarri du hango «azal zimurtuko jende borrokalaria»; jada «desagertua» den bizimodu bat. «Denak hilda zaudete; bankuak zelaien jabe dira, zeinetan aitzurtu zenituzten ametsak, ametsak baitzenituzten; hemendik omenaldi egiten dizuet: gora landa eremua, lurraren semeak; ez duzue ondorengorik izan», dio Antoñanaren testuak.

Bigarren aretoan dago obra hori, eta ondoan ditu begirada gizakiarengan eta gai sozialetan jartzen duten beste zenbait margolan. New York avenue izenekoan, adibidez, «bizitzaren aldaketez» gogoeta egin du Morrasek: koadroan artista bera ageri da, polizia gisa erretratatua, hiriko metroan, parean eskale bat duela. «Gaur polizia izan zaitezke, eta bihar eskale», Morrasen hitzetan. Gerren inguruan ere hausnartu du maiz sorkarietan, eta gerren monumentuena izan da haren gai kutunetako bat. Oraingoan ere ikus daiteke Verdungo (Frantzia) guduaren oroitarriaren margolan handi bat.

Omenaldi ugari

Sanferminetako entzierroari eginiko kritika bat ere badago bolumenarekin jokatzen duen koadro batean: gizon bat ageri da, bizkarrean banderilla bat sartuta. Bestalde, «heroi anonimoei» eskaini die zenbait margolan; halere, aurpegi anonimoen artean bada identifikatu daitekeenik: koadro batean artista bera ageri da, zaldi bat eramaten, eta, animaliaren gainean, haren emaztea eta seme-alabak, ekaitza gainean dutela, lanean.

Lagunak omentzeko ere baliatu du Morrasek erakusketa. Batetik, azken urteotan zendu diren hiru artista gogoratu ditu: Juliantxo Irujo, Isabel Bakedano eta Jabier Villarreal. Irujori Londresko kai ilunetako koadro bat eskaini dio; gizon bat ageri da, bi eraikinen arteko zubi batean. Bere maisu Bakedanorentzat, Holborn Viaduct izeneko margolana jarri du: izen hori duen Londresko errepideko zubia erakusten du, eta emakume bat ageri da, zubiari begira; Bakedano hunkitzen zuen obra bat da. Villarreal, berriz —zeina aurtengo ekainean hil zen—, Chicagotik Manchesterrerako bidea egiten duen trenaren koadro handi batekin gogoratu du.

German Rodriguezen omenez sortutako margolan bat ere jarri du ikusgai, eta, azkenik, Ludwig Mies van der Rohe arkitekto alemaniarrari egin dio omen, hark diseinatu zuen Berlingo Friedrichstrasseko etxe orratzaren hiru margolanekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.