Musika

Deep Purple BBK Bilbao Legends jaialdian ariko da

2024ko ekainaren 14an eta 15ean izango da festibala Bilbo Arenan. Canned Heat, The Screamin' Cheetah Wheelies eta Susan Santosem parte hartzea iragarri dute antolatzaileek.

Deep Purple taldekoak, uztailean, Budapesten emandako kontzertuan. BALAZS MOHAI / EFE
mikel lizarralde
2023ko urriaren 19a
16:44
Entzun

Rock gogorraren historiako izenik handienetako bat da Deep Purple, 1960ko hamarkadaren amaieran hard-rockaren oinarriak finkatu zituzten taldeen artean garrantzitsuenetakoa. Bere ibilbide luzean gorabehera ugari izan dituen arren, taldeak segitzen du diskoak argitaratzen eta munduan barrena birak egiten, eta horren barruan iritsiko da, datorren urteko ekainean, Euskal Herrira: Bilbora, hain zuzen ere, BBK Bilbao Music Legends jaialdian ariko baita taldea. Ekainaren 14an eta 15ean izango da festibala Bilbo Arenan, eta Deep Purplez gain, bertan izango diren beste artista batzuk ere iragarri dituzte antolatzaileek: Canned Heat, The Screamin' Cheetah Wheelies eta Susan Santos.

Hasieran, rock progresiboari eta psikodelikoari lotuta egon zen Deep Purple, baina 1970ean In Rock diskoa argitaratzearekin batera, hard-rockaren oinarriak finkatu zituen. Hain zuzen ere, Lep Zeppelinekin eta Black Sabbathekin batera, Deep Purplek hamarkada horretan indarra hartuko zuen rock gogorrari eta heavy metalari hauspoa eman zien. Fireball (1971), Made in Japan zuzenekoa (1972), Machine Head (1972) eta Burn (1974) diskoek talde oso arrakastatsu bihurtu zuten boskotea, baita beste askorentzat erreferentzia bilakatu ere.

Taldearen ibilbidea, nolanahi ere, gorabeheraz betea ere izan da. Talde klasikotzat jotzen den boskoteak —Ian Gillan (ahotsa), Ritchie Blackmore (gitarra), Roger Glover (baxua), Ian Paice (bateria) eta Jon Lord (teklatua)— 1973ra arte iraun zuen elkarrekin, eta hurrengo urteetan beste hainbat musikari sartu eta irten ziren taldetik, besteak beste, David Coverdale, Glenn Hughes, Tommy Bolin...

Azken urteetan, Paice, Gillan eta Gloverrekin batera, Simon McBride gitarristak eta Don Airey teklatu jotzaileak osatu dute boskotea. Era berean, Deep Purplek ez dio utzi diskoak grabatzeari, eta bere azken lana orain dela bi urtekoa da: Turning to Crime.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.