ARTE ESZENIKOAK. Beste urte batez, Debako Antzerki Astea antolatu du Goaz antzerki taldeak, udalaren laguntzaz. 33. aldiz egingo dute jaialdia, eta gaur emango diote hasiera, Turukutupak Gasteizko konpainiaren eskutik. Rezikletas izenburupean, perkusio kontzertu ibiltaria emango dute kalean lau aktore-musikarik, 20:00etatik aurrera. 22:00etan, berriz, Manifestu bat taularatuko du Beheko Larraine talde nafarrak, Itziarko Burugorri aretoan.
Datozen egunetan ere euskarazko beste hainbat antzezlan ikusteko aukera izango da udalerrian. Bihar, 22:00etan, Iragana lahar eta arrosa herri antzerkia eramango dute Segurako antzerki taldekoek Aldats pilotalekura. Eta igandean, berriz, leku berean, Tomaxen abenturak 10 urte haurrentzako ikuskizuna erakutsiko du Zurriola antzerki taldeak, 13:00etan.
Datorren asteari begira, asteazkenarekin —hilak 29—, Aizarnako eskolako antzerki taldekoek hartuko dute lekukoa. Hollywoodeko izarra aurkeztuko dute Goaz aretoan, 10:30ean eta 11:30ean.
Eta, asteburuan, beste bi antzezlan programatu dituzte antzerki astea amaitzeko. Larunbatez, ekainaren 1ean, Txalo Produkzioak konpainiaren Rita antzezlana taularatuko dute Aldats pilotalekuan, 22:00etan. Eta, igandez, ekainaren 2an, berriz, Kamikaz kolektiboak Kaffka antzezlana erakutsiko du. Aldats pilotalekuan izango da emanaldia, 20:00etan.
Debako 33. Antzerki Astea gaur iluntzean hasiko da
Lau aktore-musikarik kontzertu ibiltaria egingo dute kalean; datozen egunetan, euskarazko lanak izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu