«Deba animazioaren herria izatea nahi dugu»

Animazioarentzat urte oparoak direla adierazi du Oñederrak, eta horren erakusgarri dira Animadeban erakutsi eta lehiatuko diren mundu osoko zinemagileen lanak. Indar horri helduta egin nahi du aurrera jaialdiak ere, hazten jarraitzeko.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
aitor biain
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun

Datorren asteazkenean hasiko da Animadeba, Debako animazio zinemaldia. Aitor Oñederrak (Deba, Gipuzkoa, 1983) sortu zuen jaialdia, 2008an, eta, hamarkada bateko bidea egin ondoren, nazioarteko lehiaketa bilakatu zen 2019an. Iazko etenaren ondotik, aurten ere formatu horrekin egingo da jaialdia; 14. aldia izango du. Urtetik urtera jaialdia egonkortzen eta handitzen jarraitzeko erronkari heldu dio, hasierako helburuei eutsita betiere.

Mostra txiki bat zena nazioarteko lehiaketa da orain. Zer esan nahi du halako bilakaera batek Animadebaren gisako jaialdi batentzat?

Aldaketa handia. Lehen, areto txiki baten egiten zen jaialdi bat besterik ez zen, euskal ekoizpenak soilik proiektatzen zituena. Gerora etorri ziren nazioarteko lanak, baina betiere mostra formatuan; ez zegoen lehiaketarik. Nire ametsa beti izan da nazioarteko lehiaketa izatea, eta 2019an lortu nuen, zorionez. Aldea dago.

Horrek ikusgarritasun handiagoa eman dio jaialdiari?

Baietz esango nuke. Egia da, hala ere, aurreko aldietan lortu zuela halako sona bat. 2015ean jaialdi askotan ibili nintzen nire film laburra aurkezten, eta konturatu nintzen jendeak ezagutzen zuela Animadeba. Eta askok uste zuten jaialdi handi bat zela, baina zerbait xumea zen, zineklub erara funtzionatzen zuen jaialdi bat, nahiz eta niretzat hori baino gehiago izan. Nazioarteko zinemaldi bilakatzeak lagundu digu gehiago zabaltzen eta ezagutarazten.

Nola erantzun du publikoak urte hauetan guztietan?

Egia esateko, zaila izan da. Beti pentsatu izan da animazioa haurrentzako generoa dela, baina ez da horrela. Eta, hain zuzen ere, Animadeba horretarako sortu genuen: erakusteko animazioa helduentzat ere badela, eta lan horretan aritzen ziren euskal produkzioak proiektatzeko eta animazio independentea bultzatzeko. Lehen urteak nahiko onak izan ziren, baina gero kosta egin zitzaigun publikoarekin konektatzea. Hala ere, esango nuke urte oparoak direla animazioarentzat; gero eta film gehiago egiten dira helduentzat, eta ikusiko dugu aurtengo jaialdiak zer-nolako harrera duen. Baikorra naiz.

[YouTube]https://youtu.be/Y-dckf6GR3c[/YouTube]

Urte zailak dira zinemarentzat. Nola eragin dio animazioari, eta nola jaialdiaren edukiei?

Egia da animazioari ez diola hainbeste eragin, ez baita fikzioan bezala taldean errodatu behar, adibidez; nork bere etxetik egin dezake lan. Beraz, kate hori ez da eten: martxan jarraitu du. Streaming plataformek ere lan asko erosi dituzte. Baina, Espainiari dagokionez, ekoiztetxeek ez dituzte estreinaldi asko egin, eta horrek zuzenean eragin digu. Hutsune bat daukagu jaialdian helduentzako animazio filmekin.

Orotara 40 film baino gehiago ikusi ahalko dira, halere. Zer balorazio egiten diozu aurten eskaintzen dituzuen filmen aukeraketari?

Animadeban saiatzen gara munduan egiten diren film laburren artean onenak aukeratzen. Aurten 1.500 film labur baino gehiago jaso ditugu, eta horietatik 35 aukeratu ditugu. Eta esan beharra dago oso maila oneko lanak direla guztiak. Horrez gain, Panorama saila ere badugu, eta hori baliatuko dugu aurreko urtean aukeratuak izan ziren film laburrak erakusteko. Erreskatatu egin ditugu, ikustea merezi dutelako. Hor dago, adibidez, Izibene Oñederraren Lursaguak lana. Berak aurkeztuko du filma, gainera. Film luzeak ere izango ditugu.

Zaila da aukeraketa egitea? Zer ezaugarri dira garrantzitsuak Animadebarentzat?

Hasteko, filmak Debako herritarrei pasatzen zaizkie; bakoitzak ikusi eta bost aukeratzen ditu, eta, gero, jaialdiko programazio taldeak egiten du amaierako aukeraketa. Eta esan beharra dago herritarrek ikuspegi artistiko ona izan ohi dutela, zeren lan oso onak aukeratzen baitituzte. Aukeratuen artean batzuk estreinaldiak izaten dira, baina egoten dira sarituak izan direnak ere; beraz, horrek esan nahi du begi ona dutela aukeraketa egiteko. Garrantzia ematen diogu animazio independenteari; animazio teknika ezberdinak erabiltzeari, eta ez bakarrik teknika konbentzionalak. Eta gidoiei ere begiratzen diegu, istorio onak kontatzen dituztenei. Animazio esperimentalari ere tokia egiten saiatzen gara.

Debako herria bera ere oso inplikatuta dago jaialdian, ezta?

Bai; asko dira nola edo hala laguntzen digutenak, bakarka nahiz taldean, eta eskertzekoa da.

Bi euskal ekoizpen lehiatuko dira Sail Ofizialean.

Bai, Homeless home eta Ehiza dira bi filmak. Azpimarratu behar da, halere, bertan egoteak ez duela esan nahi euskal produkzioak direlako aukeratu direnik: maila oso oneko lanak direlako daude hor. Uniko ekoiztetxeak sona handia dauka mundu osoan; sari garrantzitsuak irabazi ditu. Eta Bego Vicarioren lanei buruz zer esan; egin dituzten azkeneko lan guztiak sartu dira Kimuak katalogoan, eta horrek esan nahi du kalitate handiko lanak direla. Hor sartzea ez baita erraza.

Zu zeu zinemagilea zara, Aitor, eta animazioan aritzen zara. Euskal Herrian, nola dago animazioa?

Egoera ona dela esango nuke. Ni neu ere Bego Vicarioren ikasle izan nintzen, eta ni bezala beste asko ere izan dira. Gainera, EHUtik kanpo ere gero eta gehiago dira animaziora hurbildu direnak. Bertako ekoiztetxeak, esaterako, film berriak egiten dabiltza; beraz, bai, pozik egoteko modukoa da. Euskal Herriak beti izan du lotura handia animazioarekin: Lotura Films edo Juanba Berasategi hasi ziren garaitik lan asko egin dira. Izan dira jaialdiak animazioa sustatzeko eta bultzatzeko ere; beraz, horrek guztiak lagundu du gaur egun gauden tokira heltzen.

Jaialdian amaitu gabe dauden edo hasi berriak direnen lanak ikusteko aukera egongo da BERRIAk babesten duen Work In Progress sailaren barruan. Zein garrantzi du horrelako proiektuak ezagutzeak?

Bigarren urtez izango dugu Work In Progress saila, eta aurten indar handiagoz prestatu dugu, gainera. Izan ere, oso garrantzitsua da proiektu hauek existitzen direla erakustea. Horrek lagun dezakeelako, alde batetik, ekoiztetxeen parte hartzea sustatzeko, diruz laguntzeko edota teknikoki proiektuaren parte izateko. Eta, bestetik, proiektua bera komunikabideei aurkezteko eta filmaren zabalkundean eta ezagutzan eragiteko. Erakutsiko diren gehienak, gainera, euskal ekoizpenak izango dira; batzuk oso independenteak dira, zuzendari bakarra dutenak eta oraindik lantaldea egituratzen ari direnak. Beste batzuk, aldiz, amaitzear dauden lanak dira.

Jaialdian tailerrak eta maisu eskolak ere izango dira. Horiek guztiek laguntzen dute animaziora gehiago erakartzen publikoa?

Bai, noski. Animadebak jaialdi moduan nahi duena da animazioaren inguruko giro bat sortzea herrian. Elkartu nahi ditugu animazioaz gozatzera datozen ikusleak, ikasleak, profesionalak, irakasleak, adituak… eta elkarren arteko loturak eta hartu-emanak sortzea da helburua. Eta ekintza paraleloek ere helburu hori dute, azken finean; laguntzen dute giro hori sortzen. Tailerrak gehiago dira publiko orokorrarentzat eta, bereziki, haurrentzat; familia giroan egitekoak izango dira horietako asko, adibidez. Jolas giroan animazioaren inguruan ikasteko aukera ematea da gure nahia.

Zeintzuk dira jaialdiaren erronkak aurrera begira?

Aurten zinemagile gutxiago etorriko dira nazioartetik, adibidez, eta aurrera begira nahiko genuke egoera normalizatzea berriz ere egileak jaialdira gerturatu ahal izateko. Horrek ere lagunduko digulako jaialdia egonkortzen eta osatzen dugunon komunitatea handitzen. Ari gara beste zinemaldi batzuekin hartu-emanean, eta nahiko genuke kate bat sortu, ez jaialdi horiekin bakarrik, baita egileekin, ekoizleekin eta bestelako profesionalekin ere. Animadeba handitzen jarraitu nahi dugu. Deba animazioaren herria izatea nahi dugu; erronka hori dugu. Jendea erakarri nahi dugu filmak ikustera eta jaialdian parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.