Deaffest musika jaialdiak 25 talde bilduko ditu Durangon etzi

Berri Txarrak, Willis Drummond, Kokein, Non Servium eta Cohen taldeek joko dute, besteak beste

Iker Tubia.
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Etzi musikak Durango (Bizkaia) hartuko du. Izan ere, Panda artistentzako aholkularitza enpresak hirugarren urteurrena ospatu nahi du, baita musikaren munduan egin dituen hogei urteak ere. Gehien maite dutenarekin eginen dute ospakizuna: musikarekin. Deaffest jaialdia antolatu dute Plateruena kafe antzokian eta Landako gunean.

Orotara 25 talde igoko dira oholtzara. Landako gunean, hauek: Berri Txarrak, Juantxo Skalari & La Rude Band, Non Servium, Willis Drummond, Porco Bravo, Crisix, On, Moksha eta Seals. Eta Plateruenan: Nao, Glaukoma, Mentenguerra, Indarrap, Kokein, Cohen, Herri Oihua, Subestimados, Krome eta Sr. Mit. DJak ere izanen dira Durangon: Elepunto, Elvis Caino, Ballbreaker eta Goo!.

Kontzertuek ez dute etenik izanen. Zortzi orduz ez da musika geldituko Durangon. Askotariko musika estiloak aditzeko aukera izanen da: rock, metal, punk, pop, dantzagarria... Taldeak hautatzerako tenorean, irizpide nagusia «musikarekiko jarrera» izan dela azaldu dute antolatzaileek. «Horixe baita Deaffesten filosofia: zuzeneko musika».

Jaialdia 16:00etan hasiko da, eta sarrerak aurretik eskuratu ez dituenak bertan erosteko aukera izanen du. Haiekin lan egin duten taldeak batzea «ederra» izanen dela aurreikusi du Pandak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.