Donostiako 61. Zinemaldia. Sail ofiziala

Deabrua eta maitalea

Manuel Martin Cuencaren 'Caníbal' filma jostun psikopata baten barne mundurako bidaia izatea nahi dute

Donostia
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Ez dugu epairik eman nahi izan, soil-soilik pertsonaia baten istorioa kontatu nahi izan dugu», argitu zuen Manuel Martin Cuenca Caníbal filmaren zuzendariak atzoko aurkezpen prentsaurrekoan.

Ageriko bizimoduaz gain bizitza sekretu bat daraman Granadako jostun entzutetsu bat da pelikulako protagonista: Carlos. Jostun izateaz gainera, hiltzaile ere bada. Emakumeak hil ondoren haien haragia xehatu eta eguneroko otorduetan jaten ditu. Nina deritzon emakume errumaniar batek errotik aldatuko du haren bizitza.

Nina bere ahizparen desagertzea argitzeko asmoz iritsiko da,eta Carlosekin izango duen harremanak barne gatazka nabaria eragingo du bere baitan. Inork inoiz ez bezala inarrosiko dizkio barrenak.

Filma deabruaren maitasun istorio gisa deskribatu zuen zuzendariak. Martin Cuenca eta Alejandro Hernandez gidoilariak ez zuten, baina, pertsonaiaren aurreko bizitzari buruzko daturik eman nahi izan. «Badakigu zergatik den hain gaiztoa, baina gorde egin dugu». Haien helburua jendeari zer pentsatua ematea izan da, gaizkiaren eta ongiaren arteko muga batzuetan zein lausoa den konturaraztea.

Horretarako, batez ere, pertsonaiaren beraren lanketan zentratu dira. «Carlosen lanbideak izugarrizko garrantzia du istorioan». Jostun ezaguna izateak bere bizitzaren alderdi iluna gordetzeko aukera ematen dio, Martin Cuencaren esanetan. Carlosen izaeraren argazki zehatz bat egiten du kontaketak: duen haragiarekiko desioa eta gainerakoekiko enpatiarik eza oso agerikoak dira.

Pertsonaia interpretatzea egokitu zaion aktoreak, Antonio de la Torrek, orain artean egin duen pertsonaiarik zailena dela adierazi zuen. «Ni adierazkorragoa naiz». Era berean, aktore bat lantalderik gabe ez dela ezer gaineratu zuen. «Aktorea pertsonaiaren arimari bizirik iraunarazten dion zerbitzari soila da». Zentzu horretan, Carlosen pertsonaia ez dela hain ezohikoa uste dute. «Askotan gertatzen da gauza bat sentitu eta beste bat erakustea, edota sentimenduak isilpean mantentzea».

Hirugarren aldia da Martin Cuencaren film bat Zinemaldian aurkezten dena. 2003an Zabaltegi sailean parte hartu zuen La flaqueza del bolchevique lanarekin. eta 2005ean, Sail Ofizialean, Malas temporadas-ekin.

Caníbal pelikulak, bestalde, Granadako ohitura eta ospakizunen berri ematen digu. Oso agerian daude kristautasuna eta Aste Santuko prozesioak, «hor baitaude». Gainera, zuzendariaren esanetan, ezin hobeto dator beldurra, sakrifizioa, odola eta lagun hurkoarenganako maitasuna, gai nagusiarekin bete-betean ezkontzen baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.