Dea Kulumbegaxvili zinemagilea film bat prestatzen ari da Donostian

Hiru astez egongo da Tabakaleran, Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak gonbidatuta

Montero, Kulumbegaxvili, Iriarte eta Beloki, atzo, Donostiako Tabakalera zentroan. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldia berezia da Dea Kulumbegaxvili zinemagile georgiarrarentzat, eta ez da gutxiagorako: iazko Sail Ofizialean ikusi zuen lehen aldiz Dasatskisi / Beginning estreinako film luzea ikusleekin batera, areto batean, aurrez aurreko jaialdirik ia egiten ez zen garaian, eta hura zinemaldiko pelikula izan zen, gainera, lau sari nagusi irabazita: film onenarentzako Urrezko Maskorra, zuzendari eta emakumezko aktore onenentzako Zilarrezko Maskorrak, eta baita gidoi onenarentzako saria ere. Kulumbegaxvili Donostiara itzuli da orain, Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak gonbidatuta, Tabakaleran egonaldi artistiko bat egiteko asmoz, hurrengo filmaren gidoia prestatzeko.

Hiru astez egongo da Donostian, ekainaren 7ra arte. Tabakalerako Artisten Gunean ariko da lanean. Gune horretan bertan aurkeztu zuten egonaldia atzo Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiaren zuzendariordeak, Victor Iriarte Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arduradunak, Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariak eta Kulumbegaxvilik berak.

Zuzendariaren hitzetan, prestatzen ari den filmak lotura handia izango du «munduaren presentzia fisikoarekin, gorputzaren esperientziarekin». Lehen filmean, indarkeriak mendean hartutako andre baten istorioa kontatu zuen. Gizarte patriarkal baten gehiegikeriak erakutsi zituen, kamerarekin protagonistari lagun eginez, bide fisiko eta mentaletan.

Kulumbegaxvilik azaldu du arteak eragin handia duela haren filmetan, artelanek ideiak sorrarazten dizkiotela. Hori bilatuko du, beraz, egonaldi honetan. Iritsi, eta Eduardo Txillidaren Haizearen orrazia eskulturak zirrara handia eragin dio, prentsaurrekoan esan duenez: «Harrituta nago hemen ikusi dudan guztiarekin; balioko dit inspiratzeko».

Filma prestatzeko prozesuan artearekin harreman hori izan dezan, eskura izango ditu Tabakalera eta Donostiako lekuak, baina Bilboko museoetara ere joan nahi du, eta Iriartek esan du Jorge Oteizaren lana ezagutu dezan nahi dutela.

Tabakalerako zinemaren arduradunak «zirkulartasuna» hitza erabili du egonaldiaren zentzua azaltzeko. Izan ere, Kulumbegaxvilik Urrezko Maskorra irabazi zuen iaz, eta Donostian hasiko da hurrengo filma prestatzen. Tabakaleran elkartzen diren eragileen arteko elkarlana ere nabarmendu du: Donostiako Zinemaldia, Elias Kerejeta Zine Eskola eta Euskadiko Filmategia. Proposamenak egin nahi dituzte, filmak programatzeko zain egon ordez: «Denbora, espazioa eta testuingurua emango dizkiogu lanerako».

Jaialdiaren iraileko astetik kanpora ere Donostiako Zinemaldia zabaltzeko sortu zuten Z365 Urte Osoko Zinemaldia. Beloki da proiektu horren koordinatzailea, eta hark helburu estrategikoen barruan kokatu du egonaldia. «Talentu berriak» bilatu nahi dituzte, eta haiei lagundu. «Zinemaldiaren historiako zuzendaririk sarituenetako bat babesteak poza ematen du».

Lanean aske, presiorik gabe

Kulumbegaxvili 1986an jaioa da, Georgian. Columbiako unibertsitatean ikasi zuen zinema zuzendaritza, New Yorken. Bere lehen lana, Ukhilavi sivrtseebi / Invisible Spaces (2014), Cannesko Film Laburren Sail Ofizialean lehiatu zen, eta, ondoren, bere bigarren film laburra aurkeztu zuen Cannesko Zuzendarien Hamabostaldian: Léthé (2016).

Dastskisi / Beginning, lehen film luzea Cannesko Zinemaldirako hautatu zuten iaz, eta Donostiako Zinemaldiko irabazle nagusia izan zen. Zuzendariak esan du sariek berehalako oihartzuna lortzen dutela, baina taldearenak direla uste du, eta ez du presiorik sentitzen hurrengo lanerako: «Aske lan egin nahi dut, eta ez zait iruditzen inoren begiradapean nagoenik». Donostiako Zinemaldiko saririk handiena «zinema ospatzea» izan zen harentzat, ikusleekin batera filmak ikusten jarraitzea.

«Zenbat eta sari gehiago irabazi, orduan eta gogo handiagoa izaten dut nire lana berrasmatzeko eta ezagutzen ez ditudan eremuak esploratzeko», azaldu du.

Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasleengandik gertu egon nahi du egonaldian, ez direlako horrenbeste urte igaro bera ere zinema ikasle izan zenetik, eta garrantzitsua iruditzen zaiolako lehen filma egin duten egileak ezagutzea, egin daitekeela erakusteko.

Emanaldiak Tabakaleran

Egonaldi artistikoarekin batera, zinema programa publiko bat ere aurkeztu dute. Maiatzaren 31n, 18:00etan, Dasatskisi / Beginning filma emango dute Tabakalerako zinema aretoan, zuzendariak berak aurkeztuta.

Biharamunean, ekainaren 1ean, 19:00etan, Kontatutako Zinea programaren barruan emanaldi bat egingo dute Tabakalerako zineman, eta Kulumbegaxvilik film horren eta bere hurrengo proiektuaren sortze prozesua azalduko du han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.