«Bizitzan egin dudan guztia porrota izan da». Esaldi borobil horrekin laburbildu zuen bere ibilbidea David Thomasek, Pere Ubu taldeko abeslari eta gidariak, orain dela zazpi bat urte egindako elkarrizketa batean. Ordurako hamasei disko zituen argitaratuak bere bandarekin, eta beste hamaika bere izenean edo beste musikari batzuekin elkarlanean, eta, askok abangoardiako rock esperimentalaren izen handitzat jo eta haren eragina aitortzen bazuten ere, Thomasek ukatu egiten zuen. «Beti esaten dute hori, baina uste dut gezurra dela, mito bat». David Thomas (Miami, AEB, 1953) asteazkenean hil zen, 71 urterekin, eta pareko gutxi dituen obra bat utzita.
1974. urtea Cleveland hirian (AEB). Hor koka daiteke Thomasen ibilbidearen abiapuntua. Punkak ez zuen artean eztanda egin, baina han eta hemen sumatzen ziren haren aurrekariak, eta Ohio estatuko hirian eszena indartsu bat ari zen eratzen —Punk 45: Extermination Nights in the Sixth City (Cleveland, Ohio: Punk and the Decline of the Mid-West, 1975-1982) bildumak horren testigantza aparta ematen du—. Eszena horren parte zen Rocket From The Tombs, rock gordina, bertsioak eta esperimentaziorako joera uztartzen zituen talde aldakorra. Thomasen lehen banda.
Rocket From The Tombsek, baina, ez zuen apenas grabatu —gerora argitaratuko dira maketak eta zuzeneko grabazioak—, eta 1975erako beste proiektu bat zeukan esku artean Thomasek, Pere Ubu, izenetik beretik abangoardiekiko mira erakusten zuen proiektua; izan ere, taldea izendatzeko Alfred Jarryk XIX. mende amaieran idatzitako izen bereko obran oinarritu ziren, zeina absurdoaren antzerkiaren eta dadaismoaren aitzindaritzat jotzen baita.
Pere Uburen lehenengo singleak (Final Solution, Heart of Confusion...) eta estreinako disko luzea (The Modern Dance) 1978an iritsi ziren, mundu guztia punk iraultzari begira zegoenean, baina, haren nolabaiteko askatasunari eusten zioten arren, beste zerbait eskaini zuten, art-rockari lotuagoa.
Bide berriak
Izan ere, Thomasek azkar sumatu zuen punkak ez zituela asebetetzen bere nahiak. «Berrikuntza zekarren guztia suntsitu zuen punkak. Bulegoetan sortutako eszena korporatiboa izan zen». Eta hortik ihes egin nahi izan zuen, modu askotara ihes egin. Horren ondorioz, ezein mugimenduri lotu gabeko musika mutantea sortzen jarraitu zuen, batzuetan esperimentazio disonantera joz (The Art of Walking, 1981), besteetan avant-garde-a jazzarekin elkartuz (Song of The Bailing Man, 1982).
Bide horrek, ordea, ez zuen oihartzunik lortu, eta taldea 1982an desegin zen. Sei urte geroago itzuli zen kantu egituratuagoak lagun zituela, eta hainbat disko aipagarri argitaratu zituen: The Tenement Year (1988), zeinak taldearen hastapenetako soinua berreskuratu zuen; popera lehendabizikoz gerturatu zen Cloudland (1989); tentsioa ardatz zuen Raygun Suitcase aipagarria (1995)...
Hortik aurrera, Thomasen ibilbidea hamaika bidetan adarkatu zen, nahiz eta berak ez zion garrantzi handirik ematen egiten zuena modu batean edo bestean definitzeari. «Niretzat zaila da nire musika hau edo bestea dela esatea. Kantu soilak jotzen ditugu, intentsitate handiarekin, baina ez zait interesatzen haiek generoen bitartez deskribatzea. Egiten duguna egiten dugu, besterik ez».
Eragin handiko taldea
Thomasek ukatzen zuen arren, Pere Uburen eragina aitortu izan dute musikari askok, hala nola Sonic Youthek, Pixiesek, Wirek eta Joy Divisionek. Jon Savage kazetariak, adibidez, azaldu izan du David Thomasen bandak 1978an Manchesterren jo zuenean Ian Curtis Joy Divisioneko abeslaria publiko artean zegoela, eta ez ziola begirik kentzen baxuari. Savageren iritziz, hori nabarmena da Ingalaterrako taldearen lehenengo diskoan: Unknown Pleasures (1979). Eta ezeztapena, berriro ere, Thomasek: «Ez dago eta ez da egon gure soinua izan duen talderik. Pozten nau izar batzuek hori esatea, baina hala izan balitz hobeto joango zitzaigun. Gurea rockaren historiako porrotik iraunkorrena izan da».