Donostiako 72. Zinemaldian parte hartuko duten «ekoizpen espainiarreko» hamazazpi filmen izenak iragarri ditu gaur jaialdiak, Madrilen egindako agerraldi batean. Tartean, badira Euskal Herriko zinemagileek zuzendutako zenbait lan, eta euskarazko bi daude horien artean: David Perez Sañudo zuzendari bilbotarrak Azken erromantikoak film luzea aurkeztuko du Zuzendari Berriak saileko lehiaren barruan; eta Izibene Oñederra zinemagile azkoitiarraren Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) film laburra, berriz, Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko da. Alauda Ruiz de Azua barakaldarrak Querer telesaila erakutsiko du Sail Ofizialeko lehiatik kanpo, eta Eider Rodriguez idazlearen Bihotz handiegia liburua oinarri duen Los destellos Sail Ofizialeko lehian aurkeztuko du Pilar Palomero espainiarrak.
Hamabi film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail dira jaialdiak Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian eginiko agerraldian aurkeztutakoak. Sail Ofizialean eta Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Belodromoa sailetan emango dituzte, irailaren 20tik 28ra.
Sañudo bigarrenez izango da Zuzendari Berriak sailean, 2020an Ane aurkeztu baitzuen bertan —euskal zinemaren Irizar saria eta euskal gidoirik onenaren saria lortu zituen jaialdian—. Haren bigarren film luzeak Txani Rodriguezen izen bereko eleberria du oinarri, eta Miren Gaztañaga aktoreak jokatzen du protagonistaren rola, Irune izeneko emakumearena, alegia. Dudatsua eta bakartia da, herri industrial baten aldirietako fabrika batean egiten du lan, eta ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da haren egunerokoa. Bularrean koskor bat detektatzen diotenean, ordea, bizitza osoa birplanteatu beste erremediorik ez du izango.
Sail berean, Sañudoren lanak lehiakide izango dituen beste hiru filmen berri ere eman du jaialdiak. La guitarra flamenca de Yerai Cortés lanarekin inauguratuko du saila, zeina C. Tangana gisa ezagunagoa den Anton Alvarez musikari espainiarrak sinatu duen; ez-fikziozko lan horretan, Yerai Cortesen musika baliatu du ikuslea gitarristaren istorio pertsonalean murgiltzeko. Cecilia Atan eta Valeria Privato argentinarrak, berriz, elkarrekin sortutako bigarren lanarekin, La llegada del hijo-rekin izango dira lehian, zeinetan espetxetik atera ondoren bere semearekin berriro elkartuko den emakume baten istorioa kontatu duten. Halaber, Sandra Romero zinemagile espainiarrak 2020an aurkeztu zuen Por donde pasa el silenciofikziozko film laburra hartu du abiapuntu, eta izenburu bera jarri dio bere lehen lan luzeari; familiaren etxera itzultzen den gazte bat du ardatz.
Oñederrak ere ezagun du Zabaltegi-Tabakalera saila; Hotzanak (2013) eta Lursaguak (2019) lanak ere bertan erakutsi zituen, hainbat film kolektibotan parte hartzeaz gain. Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) animaziozko film laburrean komunitate batek ingurumen krisi baten ondorioz jasaten duen kolapsoa erretratatu du zuzendariak. Errealitate berri horretan, biztanle pribilegiatuek oraina gozatzean oinarritutako bizimodu hedonista bat izango dute, eta bizirik irautea izango dute helburu gainerakoek.
Oñederrarenaz gain, jaialdiko sailik eklektikoenean parte hartuko duten beste bi lanen berri ere eman du jaialdiak. Batetik, Elena Lopez Riera zuzendari valentziarraren Las novias del sur film ertaina erakutsiko dute. Cannesko Semaine de la Critique atalean Queer Palm saria jaso zuen, eta emakume heldu batzuek ezkontzaz, maitasunaz eta sexualitateaz hitz egiten dute bertan. Zuzendariak Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu zuen El agua bere lehen film luzea ere (2022). Eta, bestetik, Michael Fetter Nathansky alemaniarrak Alle die Du Bist izenekobere bigarren lanarekin hartuko du parte jaialdian. Filmak WIP Europa programako bi sariak eskuratu zituen iazko zinemaldian, eta Berlinaleko Panorama sailean estreinatu zuen. Lantegi batean lan egiten duen eta lankide batekin maitemintzen den emakume baten istorioa kontatzen du.
Sail Ofiziala
Pilar Palomerok bere hirugarren film luzea du Los destellos, zeina Bihotz handiegia kontakizunean inspiratua dagoen. Hamarkada batetik gora bananduta egon ondoren gaixorik dagoen senar ohia zaintzeko lana onartzen duen emakume baten istorioa kontatzen du, eta Patricia Lopez Arnaiz, Antonio de la Torre, Marina Guerola eta Julian Lopez ditu protagonista. Aurrez, Las niñas (2020) eta La Maternal zuzendu ditu zinemagile espainiarrak; bigarren film horrekin ere Sail Ofizialeko lehian izan zen orain bi urte, eta Carla Quilez antzezleak interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen (ex aequo Paul Kircherrekin).
Jaialdiak iragarria zuen Audrey Diwanen Emmanuelle filmaren estreinaldiak inauguratuko duela aurtengo Sail Ofiziala —lehiaren barruan emango dute—. Horri eta Palomeroren lanari beste hiru izenburu gehitu dizkiote orain. Iciar Bollainen Soy Nevenka da horietako bat, zeinak alkate baten jazarpena salatzera ausartzeagatik ondorio latzak pairatu zituen zinegotzi baten benetako istorioa kontatzen duen, Mireia Oriolen eta Urko Olazabalen antzezpenekin. Te doy mis ojos (2003), Mataharis (2007), Yuli (2018) eta Maixabel (2021) filmen egileak hainbatetan parte hartu du Donostiako Zinemaldian, baita hainbat sari eskuratu ere; Soy Nevenka-rekin, bosgarrenez izango da Sail Ofizialeko lehian.
Pedro Martin-Calero zinemagile espainiarraren El llanto lehen film luzea ere sail berean izango da. Isabel Peñarekin batera idatzi du gidoia zuzendariak, eta garai desberdinetan arrisku bati aurre egin behar dioten emakume batzuen istorioa kontatzen du; haiek ez badakite ere, konektaturik daude Ester Exposito, Mathilde Ollivier eta Malena Villa aktoreek jokatzen dituzten pertsonaiak.
Albert Serra zuzendari katalanak ere lehen aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean, Tardes de soledad filmarekin. Ez-fikziozko lan horrek Andres Roca Rey toreroaren zezenketa egun bat narratzen du, torero jantzia janzten duenetik eranzten duen arte.
Lehiaz kanpo
Lehiaz kanpo, telesail bat ere erakutsiko du Zinemaldiak aurtengo Sail Ofizialean: Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako Querer. 30 urtez ezkonduta egon ostean banandu eta senarrari bortxaketa jarraituagatik salaketa jarri dion emakume baten istorioa kontatzen du lau ataleko serie horrek. Nagore Aranburu du protagonista, eta Loreto Mauleon ere aktore taldean da. Ruiz de Azuak Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zuen bere lehen lana, Cinco lobitos (2022), eta Zinemira sailean ere izan zen ikusgai.
Halaber, Sail Ofizialeko Emanaldi Berezien barruan eta lehiaz kanpo iragarri dute Yo, adicto sei ataleko seriearen emanaldia. Javier Giner barakaldarrak eta Elena Trapek zuzendu dute lana, eta Ginerren izen bereko liburua du oinarri. Filmean, Oriol Pla aktoreak gorpuzten du Giner, zeina desintoxikazio zentro batean sartuko den, bere erabakiz. Paula Ortizen film luze berria ere ikusi ahal izango da Emanaldi Berezien barruan: La virgen roja. 1930eko hamarkadako Espainian gertatutako benetako istorio bat berrikusi du Ortizek filmean: Hildegart gaztearen eta haren ama zorrotzaren arteko harremana oinarri duen istorioa.
Horizontes Latinos sailean ere izango da zer ikusi. Oraingoz, bi tituluren berri eman du jaialdiak: Los domingos mueren más personas, Iair Said argentinarrarena; eta Quizás es cierto lo que dicen de nosotras, Sofia Paloma Gomez eta Camilo Becerra txiletarrek batera zuzendutakoa.
Bestalde, Anoetako Belodromoan, Diego San Jose irundarrak sortutako eta Elena Trapek zuzendutako Celeste seriea osorik proiektatuko da: guztira, sei atal. Carmen Machi aktoreak jokatu du protagonistaren rola, zerga ikuskatzaile batena; erretiroa hartzear dagoela, musika latinoamerikarreko izar batek ogasunari iruzur egin diola frogatzeko enkargua jasoko du.