David Perez Sañudok hasiak ditu ‘Azken erromantikoak’ filma grabatzeko lanak

Miren Gaztañaga izango da protagonista nagusia, eta euskaraz filmatuko dute lana, Txani Rodriguez idazlearen ‘Los últimos románticos’ eleberria oinarri hartuta

AZKEN ERROMANTIKOAK filma
Miren Gaztañaga eta David Perez Sañudo
Inigo Astiz
2024ko otsailaren 8a
16:55
Entzun

Etsita, giza kontaktu bila, tarteka gero sekula hartuko ez dituen tren bidaiei buruzko informazio eske deitzen du trenbide zerbitzuko telefonora Irunek, Los últimos románticos eleberriko protagonistak. Lan egiten duen paper enpresan greba hasi dute langile batzuek, eta haiengandik hartu beharreko distantziarekin asmatu ezinik ere badabil, bestalde. Eta, hain zuzen ere, Txani Rodriguez idazleak deskribatutako pertsonaia horren nondik norakoak hautatu ditu David Perez Sañudo zinemagileak bere hurrengo film luzea egiteko: Azken erromantikoak. Euskaraz filmatuko dute, Miren Gaztañaga aktoreak jokatuko du protagonistaren rola, eta egunotan hasi dira lehen sekuentziak grabatzen, Gernika-Lumon (Bizkaia).

Aurrez hainbat film labur egin ostean, 2020an aurkeztu zuen Perez Sañudok bere lehen lan luzea: Ane. Donostiako Zinemaldiko euskal gidoirik onenaren eta euskal zinemaren Irizar saria jaso zituen hari esker, eta hiru Goya ere bai. Euskaraz filmatu zuen lan hura ere, eta ETB1 katerako sortutako Alardea telesailean ere lan egin zuen. Azken erromantikoak izango du bigarren lan luzea.

Bi milioi euroko aurrekontua

Irusoinek eta La Claquetak ekoiztuko dute filma, eta bi milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europa Creativa Mediaren laguntzak jasoko ditu, eta EITB eta Canal Surkateek eta HBO Max etxeak ere babestu dute. A Contracorriente Films banatzaileak zabalduko du filma Euskal Herrian.

Bilboko Zinebi jaialdian jadanik aurreratu zuten Rodriguezek eta Perez Sañudok elkarrekin lan egiteko asmoa. Rodriguez eta Perez Sañudo elkarrekin izan ziren egokitzen ari ziren lanaz hizketan, Bira kulturgunean, Asier Altuna zinemagilea eta Katixa Agirre ere alboan zituztela.

«Goxoa» eta «borrokalaria»

2021eko gaztelerazko Euskadi Literatura saria jaso zuen Rodriguezek liburuagatik, eta, besteak beste, eleberri aldi berean «goxoa» eta «borrokalaria» idazteagatik eman zioten saria. Perez Sañudok eta Rodriguezek lau eskutara egokitu dute testua zinemarako, eta, jakinarazi dutenez, jatorrizko bertsioa gazteleraz dagoen arren, euskaraz filmatuko dute.

Martxoaren 19ra ariko dira lanean Gernikan, eta Euskal Herriko beste zenbait herritara joango dira gero, bai eta Malagara eta Sevillara ere, gerora. Miren Gaztañagak ez ezik, beste hainbat euskal aktorek ere hartuko dute parte lanean, eta, aurreratu dutenez, Andaluziako aktoreak ere izango ditu filmak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.