Hilberria

David Lynch zinemagile estatubatuarra hil da

‘Blue Velvet’ eta ‘Mulholland Drive' filmak ondu zituen, baita ‘Twin Peaks’ telesaila ere, besteak beste. 78 urte zituen. Haren familiak eman du heriotzaren berri.

David Lynch zinemagilea, 2019an. NINA PROMMER / EFE
David Lynch zinemagilea, 2019an. NINA PROMMER / EFE
Ainhoa Sarasola.
2025eko urtarrilaren 16a
21:48
Entzun

1980ko hamarkadan AEBetako zinema independenteari haize berriak ekarri zizkion David Lynchen begiradak. Esperimentazioaren bidetik ekin zion zinemagintzari, eta mundu ilunak, surrealismoz bustitako istorioak eta larritasun sentsazio etengabea eragiten duten kontakizunak eraman zituen pantailara. Lynchek eragin nabarmena izan zuen XX. mendeko beste sortzaile askorengan, eta obra berezi eta oparoa utzita hil da, 78 urterekin. Haren familiak eman du heriotzaren berri, sare sozialetan. 

Lynchek berak iaz jakinarazi zuenez, biriketako enfisema bat zuen, eta, ondorioz, ezin zen etxetik atera; orduan adierazi zuen zinema ez zuela sekula utziko, baina, halaber, aitortu zuen etxetik ezin ateratzeak eragotzi egingo ziola pelikulak filmatzea. 

Moissoulan (Montana, AEB) sortu zen Lynch, 1946an, baina, aitaren lantoki aldaketak zirela eta, batetik bestera igaro zuen haurtzaroa. 1960ko hamarkadan Filadelfian kokatu zen, eta han ekin zion irudiekin bere lehen lanak egiteari. Six Men Getting Sick (1966) film laburra izan zuen estreinakoa, eta ordutik aurrera zinemagintzan murgilduko zela erabaki zuen —nahiz eta artean, argazkilaritzan eta musikan ere aritu izan zen gerora—.

1970eko urteetan Los Angelesera jo zuen zinemagintza ikastera, eta ikasle garaian hasi zen bere lehen film luzea izango zena lantzen: Eraserhead (1977). Esperimentazioaren alde egina zuela erakutsi zuen zuzendariak lan horrekin, eta kultuko bilakatu zen urteek aurrera egin ahala. Surrealismoa eta ezinegona nahastuz, mundu ilun batean bizi den eta desitxuraturiko semea zaindu behar duen gizon baten istorioa kontatzen du filmak. Lanak harridura nabarmena eragin zuen, baina kritikak segituan goraipatu zuen.

Edonola ere, hurrengo urteetan lortuko zuen sona handiagoa Lynchek, The Elephant Man (1980) filmari esker. Mel Brooks ekoizleak eskatuta zuzendu zuen lan hura. Joseph Merricken istorioan oinarritua dago filma, malformazio fisiko handiak dituen gizon bat du protagonista, eta zuzendariak hari esker eskuratu zuen Oscar sarietarako lehen izendapena. Aurreko filmean bezala, kutsu surrealista emanez eta zuri-beltzean filmatu zuen lana. 

Dune (1984) ondu zuen ondotik, Frank Herberten zientzia fikziozko nobelaren moldaketa, eta espero baino oihartzun apalagoa izan zuen. Bi urte geroago, ordea, bere lanik esanguratsuenetako bat estreinatuko zuen: Blue Velvet (1986). Hartan, hiri baten alde iluna deskubritzen duen ikasle bati segitzen dio kamerak, eta, besteak beste, Isabella Rossellinik eta Dennis Hopperrek lan egin zuten Lynchen esanetara. Halaber, lehen elkarlana izan zuen Angelo Badalamenti konpositorearekin, zeinak ordutik aurrera haren film guztietan parte hartuko zuen. Zinema garaikideko lan nabarmenetakotzat jo izan da film hori, eta Oscar sarietarako beste izendapen bat eskuratu zuen Lynchek hari esker.

Wild at Heart (1990) izan zuen hurrengo filma; Urrezko Palma irabazi zuen Cannesko zinema jaialdian. Eta, garai berean, telebistara ere egin zuen jauzi, Twin Peaks (1989-1991) telesailarekin. Ordura arte pantaila txikian erakutsitako lanik abangoardistenetakotzat jo zuten askok, eta milaka ikusle kateatu zituen telebistara, Laura Palmer gazteari zer gertatu ote zitzaion argitu nahiak gosetuta.  

Beste hainbat telesail zuzendu zituen hurrengo urteetan, baina zinema ez zuen alde batera utzi. Hala, Lost Highway (1997) eta The Straight Story (1999) eman zituen 90eko hamarkadan, eta Mulholland Drive-rekin (2001) eman zion hasiera hurrengoari. Lan harekin, Oscar sarietarako hirugarren eta azken izendapena eskuratu zuen zuzendari gisa, baina orduan ere ez zuen irabazi —hori bai: ibilbide osoaren ohorezko aitortza emango zion AEBetako Zinema Akademiak 2019an—.

Egin zuen azken film luzea Inland Empire (2006) izan zen, baina film laburrak eta bideoklipak ontzen segitu zuen ordutik aurrera. Eta, zinemaz gainera, bestelako arte diziplinak ere landu zituen: musikagintzan utzi zuen lanik, baita margolaritzan ere, eta argazkilari gisa nahiz diseinatzaile ere aritu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.