David Gilmour, soseguaren bila

Pink Floyd taldeko gitarrista izandakoak 'Luck and Strange' diskoa kaleratu du, familia giroan sortutako lana.

David Gilmourren bosgarren diskoa da 'Luck and Strange'. BERRIA
David Gilmourren bosgarren diskoa da 'Luck and Strange'. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko azaroaren 3a
05:35
Entzun

Ez da kontu berria. 1985ean Roger Watersek Pink Floyden amaiera inposatu nahi izan zuenetik, eta taldean bere kide izandakoek —David Gilmour gitarristak, Nick Mason bateria jotzaileak eta Rick Wright teklatu joleak— erabakiari muzin egin eta markarekin aurrera egitea erabaki zutenetik, Watersen eta Gilmourren arteko harremanak tirabira handikoak izan dira. Noiz edo noiz azaleratzen da bien arteko haserrea, izan Watersen iritzi politikoek azkura eragiten dutelako zenbaitetan —Gilmourren emazte Polly Samsonek antisemita deitu zion sare sozialetan—, izan taldearen materialari buruzko erabakiek bien arteko desadostasunak agerian uzten dituztelako, askotan barregarri bihurtzeraino —Watersek protesta egin du Pink Floyden webean bere materiala ez delako ageri; Gilmourrek betoa jarri die Animals diskoaren berrargitalpeneko barne oharrei—, eta 2008tik, Wright hil zenez geroztik, gitarristak behin baino gehiagotan azaldu du Pink Floyd ez dela berriro batuko. Ez behintzat Waters parte izanda.

Gauzak horrela, David Gilmourrek (Cambridge, Ingalaterra, 1946) orain dela gutxi argitaratu du bere izenpean Luck and Strange diskoa (Sony, 2024). 1978an estreinatu zenetik (David Gilmour) grabatu duen bosgarrena da, eta Rattle and Lock (2015) atera eta bederatzi urtera dator. Kontuak lasai eta presarik gabe egin nahi dituen seinale. Egia da, nolanahi ere, Pink Floyden lanekin ez bezala, bere izenean argitaratutakoekin ez duela oihartzun handirik lortu gitarrista ingelesak.

Disko berria familia giroan landu du Gilmourrek: Samsonek idatzi ditu kantuetako asko, zeinak zahartzeari eta heriotzari buruzko aipamenez josiak baitaude, eta Gilmourren seme-alabek (Gabrielek eta Romanyk) ahotsak jarri dituzte. Hala ere, luxuzko kolaboratzaileak ere bildu ditu bere inguruan gitarrista eta abeslariak, besteak beste, Roger Eno pianista eta Guy Pratt baxu jolea, eta Wrightek grabatuta utzi zuen teklatu pasarte bat ere berreskuratu du Luck and Strange kantuan. Eta ekoizpen lanetarako Charlie Andrew deitu du, hainbat musikarirekin —Bloc Party, Madness, Wolf Alice, Crystal Fighters— lan egin duen teknikari gaztea.

Lan askatzailea

Gilmourrek berak azaldu duenez, iraganari begiratzeko gogorik gabe prestatu du diskoa, eta horren ondorioa da Andrew aukeratu izana ere: «Zerbait berria egin nahi nuen, baina, horretarako, iraganetik ihes egin behar nuen, eta horregatik deitu nion Charlieri, ez dagoelako iraganeko pentsatzeko moduei lotua. Izan ere, ez du Pink Floyden edo nire aurreko diskoen gaineko ideia handirik, eta hori inportantea izan da niretzat. Zentzu batean askatzailea izan da niretzat». Horrek ez du esan nahi Gilmourrek bere ibilbideari bizkarra eman nahi izan dionik —«harrotasunez begiratzen diot egindakoari»—, baina, une honetan behintzat, «aurrera begira» dagoela nabarmendu nahi izan du. Aurrera begira egote horrek berak dakar berarekin diskoari darion sosegua, dagoeneko ia dena egina duen eta bere bizitzako azken parteari begiratzen dion pertsona baten lana baita Luck and Strange.

'Luck and Strange' ez da lan apurtzailea, eta ia disko osoan agerikoak dira musikariaren egiteko moduak. Hala ere, nabari da bere ohiko gitarra soloak apur bat murrizteko nahi bat, eta horrek on egiten die kantu askori

Gilmourren esanak esan, Luck and Strange ez da lan apurtzailea, eta ia disko osoan agerikoak dira musikariaren egiteko moduak. Hala ere, nabari da bere ohiko gitarra soloak apur bat murrizteko nahi bat, eta horrek on egiten die kantu askori, ez baitira gehiegizko luzapenetan erortzen. Bada pasarte instrumental labur pare bat (Black Cat eta Vita Brevis), baina diskoaren oinarria gainerako zazpi kantuek osatzen dute. Horien artean dago Luck and Strange bera, blues ukitu nabarmena duena, eta Gilmourrek orain dela urte mordoxka idatzi zuena. Hain zuzen ere, diskoaren edizio berezian kantu horren jatorrizko bertsioa jaso du musikariak, zeina etxean lagunekin modu inprobisatuan grabatu baitzuen —tartean zen Wright—. 

Badira diskoan erritmo sosegatuko pieza ugari, popera hurbiltzen direnak (Sings, A Single Spark), eta baita ilunagoak ere (Scattered, Gilmourren gitarra solo tipiko batekin), baina rock gogorragora ere jotzen du uneren batean (Dark and Velvet Nights), eta bada Gilmourrek bere alaba Romanyrekin bi ahotsetara abestutako folk pieza polit bat ere (Yes, I Have Ghost). Hain zuzen ere, Romany Gilmourrek kantatua dator diskoko sorpresarik handiena, The Montgolfier Brothers indie taldearen Between Two Points kantu eder eta delikatuaren bertsio aparta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.