David Chipperfield arkitekto britaniarrari eman diote aurtengo Pritzker saria, arkitekturaren arloko saririk entzutetsuena. «Sotila baina boteretsua, moderatua baina dotorea, bere moderazioan erradikala den arkitekto emankorra da. Bere lanek historiarekiko eta kulturarekiko begirunea erakusten dute». Hala dio Pritzker sarietako epaimahaiaren erabakiak. Epai horren arabera, ez daude Chipperfielden bi eraikin berdin; izan ere, paisaia bakoitzerako diseinatzen zituen eraikinak, berariaz. Hain zuzen ere, horixe laudatu du aurtengo epaimahaiak.
Askotariko lanak sortu ditu bere ibilbidean zehar. Esanguratsuenen artean daude, besteak beste, Berlingo Museo Berria (2009), Arteen Errege Akademia (Londres, 2018), Amorepacific enpresaren Seulgo egoitza (2017), Bartzelonako Justiziaren Hiria (2002-2011) eta Berlingo Galeria Nazional Berria (2021).