Artea, edozein formatan, garaiaren lekuko izaten da, eta munduak dituen erronken, aldaketen eta gatazken isla. Gaurkotasuna oso modu berezkoan irudikatzen dute artistek, egungo bizipenek baldintzatuta. Hitz, trazu edo kolore batean aurkitu daitezke garai baten aztarnak. Arteak historia ulertzeko tresnak ematen ditu. Helburu horrekin hasi zen Berge y Compañia enpresa 1980ko hamarkadaren amaieran bere arte bilduma osatzen: artearen bidez, azken urteetan gertatutakoa bildu nahi zuen. Pedro Enciso enpresako presidenteordeak eman du azalpena: «Bildumaren ideia zen datozen belaunaldiei helaraztea zer ari den gertatzen, edo zer gertatu den mende aldaketa honetan». Eta lekukotza horren parte handi bat jaso du Bilboko Arte Ederren Museoak orain. Guztira, bildumako 98 artelan jaso ditu dohaintzan, eta haietako sei jarri dituzte ikusgai, irailera bitartean.
Berge bilduma nazioarteko arte garaikideko hainbat obrak osatzen dute. Azken 30 urteetan pil-pilean egon diren gaiak lantzen dira artelanetan, eta, Encisoren ustez, «artistek inork baino hobeto irudikatzen dute» munduan gertatzen dena. Euskal artista asko daude bilduman, baita nazioarteko artista ugari ere. Horrez gain, «emakumeen presentzia handia» azpimarratu du.
Guillermo Zuaznabar Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile nagusiak uste du bildumak «nazioarteko begirada» duela, eta ziurtatu du dohaintzak «oso modu aberasgarrian» handitzen duela museoaren bilduma. Haren hitzetan, bildumako 98 artelanak askotarikoak dira, eta oso elementu ezberdinak dituzte. «Nazioartekoak» direla ere nabarmendu du.
«Ikusgai jarri ditugun sei artelanak esanguratsuak dira, eta Berge y Compañia enpresaren dohaintzaren doinua erakusten dute. Nik uste dut oso begirada zorrotza dela»
GUILLERMO ZUAZNABARBilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile nagusia
Pozik azaldu da Enciso: «Bazen garaia datozen belaunaldiek bilduma ikusteko aukera izateko». Bilduma landu duen taldekoentzat, instituzio bati dohaintza bat egitea zen «logikoena». Encisok onartu du aukera asko zituztela, baina Bilboko Arte Ederren Museoa nahiago izan dutela, besteak beste, Berge y Compañia enpresa Bilbokoa delako. Horrez gain, museoaren zuzendaria, Miguel Zugaza, eta museoa handitzeko egiten ari diren lanak goraipatu ditu.
«Arteak bereizgarri bat dauka: beti dago presente gure aurrean, lehenago egin da, eta, aldi berean, etorkizunari begira dago», azaldu du Zuaznabarrek. Bat egin du, beraz, Encisok Berge bildumaren helburuei buruz emandako ikuspegiarekin. Aukeratutako 98 artelanak garai baten lekuko direla esan du Encisok. «Datozen belaunaldiek joan den mendearen amaieran eta mende honen hasieran gertatu dena ikus dezatela nahi dugu», adierazi du.
Ia ehun lanek osatzen dute bilduma, beraz, baina, horien artean, sei hauek aukeratu dituzte erakusteko: Susana Solano katalanaren La Caritat, n.°3, Cristina Iglesias donostiarraren Izenbururik gabea, 389. zk obra, Ibon Aranberri debarraren (Gipuzkoa) Ornate and rigid (galvanized), Diango Hernandez kubatarraren izenbururik gabeko lan bat, Vik Muniz brasildarraren Richard Serra, Prop, 1968 (Picture of Dust), eta Jonathan Borofsky estatubatuarraren Counting (3, 326, 754-3, 326, 760). Zuaznabar: «Sei artelan hauek esanguratsuak dira, eta Berge y Compañia enpresaren dohaintzaren doinua erakusten dute, edo, nolabait esateko, zer-nolako musika eta begirada jarri duten. Nik uste dut oso begirada zorrotza dela».
Sei artelanak
Iglesiasek hormigoia, alabastroa, altzairua, erretxinak, burdina eta beira erabili ditu ikusgai den artelana sortzeko. 1990ean egin zuen, eta artista arkitekturarekin eta espazioekin jolasten da bertan, tolesten den pasillo itxurazko eskultura bat sortzeko.
Solanok 1986 eta 1987 bitartean egin zuen La Caritat, n.º3 artelana. Izenak Bartzelonako Caritat etxea ekartzen du gogora, Art Triangle tailerraren egoitza izan zena. Hain justu, hor egin zuen Solanok obra hori, burdinaz eta egurraz.
Horman Borofskyren artelana ikus daiteke. 1990ean egin zuen, altzairuzko alanbrearekin, eta artistak zenbakiz osatutako segida aritmetiko bat da. Haren ustez, zenbatzea meditazioa egitea bezala da.
Ezagun dira Richard Serra eskultorearen lanak Bilbon. Harenak dira Guggenheim museoan dauden pieza erraldoiak. Eta Serraren eskultura bat da Vik Muniz brasildarrak 2000n egin zuen argazkian agertzen dena. Prop. Pictures of Dust deitutako seriean, Munizek museoa garbitzeko erabiltzen ziren xurgagailuetan bildutako hautsa erabili zuen hainbat eskultura minimalista birsortzeko eta horiei argazkiak egiteko.
Hernandezen obra Sobietar Batasunaren propaganda politikoari buruzkoa da. Argi zutoin bat, kablea eta binilo diskoak erabili zituen artistak artelana osatzeko, 2005ean.
Eta Aranberrirena, berriz, galvanizatutako altzairuz egindako obra bat da. Eroritako obelisko bat da, bi zatitan apurtua, eta hainbat zulo ditu. 2007an egin zuen eskultura hori Aranberrik.