Datorrenerako prestatua

Bizitzako bederatzigarren hamarkadan sartuta, eta poeta eta kantugile gisa estatus ia ukiezina lortuta, Leonard Cohenek heriotzari aurrez aurre begiratzen dion diskoa ondu du.

mikel lizarralde
2016ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Elkarrizketa bakanak emanda, artista batek bere hitzak hiperdimentsionatzeko arriskua hartzen du. Behin adierazpenak egina, hitz horiek mundu osora zabaltzen dira mantra baten moduan. Hori gertatu zaio Leonard Coheni (Montreal, Kanada, 1934), You Want it Darker disko berria argitaratu baino lehen emandako elkarrizketa gutxiekin. The New Yorker-ek eman zuen titulua: «Hiltzeko prest nago». Eta ondoren azalpena: ez du bira gehiago egingo, ez daki kantu gehiago egiteko moduan izango den... Hitzak hedatzen diren moduan, egun batzuk geroago komunikabide ugariren aurrean eginiko agerraldian, atzera egin behar izan zuen, ironiari tiraka: «Hiltzeko prest nagoela esan nuen, baina agian gehiegi esaten ari nintzen... betiko bizitzeko prest nago».

Nolanahi ere, bi solasaldiek lehen planoan jarri dituzte Cohenen figura eta baita You Want it Darker diskoa bera ere. Gaur argitaratuko dute musikari eta poetaren azkeneko lana, Old Ideas (2012) eta Popular Problems (2014) aurrekoekin nolabaiteko trilogia post-traumatikoa osatzen duena —Kelley Lynch bere managerraren iruzurrek ia porrot ekonomikora eraman zuten—. Songs of Leonard Cohen (1967) lanarekin estreinatu zenetik igaro den mende erdian grabatu duen hamalaugarrena izango da.

«Zu bazara kartak banatzen dituena, jokotik kanpo nago ni; zu bazara sendatzen duena, horrek esan nahi du zauritua eta herren nagoela». You Want it Darker, diskoaren izenburu bera duen kantuaren lehen hitzek ematen dute lanaren tonua. Requiem baten airearekin garatua, ematen du zer pentsatu, batik bat «Prestatua nago Jauna» profetikotzat ere jo daitekeen esaldiak.

Ez da heriotzari eta espiritualtasunari diskoan egiten dion aipamen bakarra: itzaltzen diren suak, erabateko agurrak, desagertutako asmoak...nahiz eta hiztegia ez den berria Cohenentzat: «Hazi nintzen hiztegi horrekin, Bibliari lotutako paisaiarekin», zehaztu du kantariak: «Normala da erreferentzia puntu horiek erabiltzea, unibertsalak izanik jende guztiak ulertzen baititu».

You Want it Darker gaur iritsiko da dendetara, eta denborak esango du So Long, Marianne-ren egilearen azken lana den. Berak ere ez dio material berria grabatzeari atea itxi, joan den astean komunikabideen aurrean agerian utzi zuenez: «Eskerrik asko etortzeagatik. Gustatuko litzaidake berriro gertatzea. 120 urte izan arte gelditu nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.