Piztu da ideia zinemagilearen gogoan. Leku egin dio landu nahi lituzkeen proiektuen artean, baina sartu da bizitza tartean, sartu dira enkarguak, bestelako zereginak, eta hor geratu da ideia, orain geldi, orain aurrerantz, orain hibernazio azkengabean, hura garatzeko abagunerik egokienaren zain. Gertatzen zaio nolanahiko diziplinatan ari den sortzaileari; besteak beste, hamaika zinemagileri. Lehen burutapenen zirriborrotik emaitza zabaltzera heldu arte, hamaika fase dituen lana da pelikula bat egitea, eta ideian datza bide hori portu onera heltzeko gakoa. Hura ahal beste fokuratzean. Zinemagileei horretarako testuingurua, denbora, espazioa eta baliabideak eskaini nahi dizkien programa da, hain zuzen, Ikusmira Berriak, eta, zazpigarren urtez segidan, bost begirada berri eta ez hain berri hartu ditu aurten Tabakalerako Sortzaileen Gunean, Donostian: Marina Palacios, Manuel Muñoz, Eduardo Crespo, Magdalena Orellana eta Mina Fitzpatrickena.
«Martxoaren 15ean heldu ginen, eta lurreratze lan bat izan da batik bat orain artekoa», ekin dio azalpenari Palaciosek (Donostia, 1996). Ezaguna du ingurua, Elias Kerejeta Zinema Eskolako ikaslea izan baitzen lehen promozioan—eskola da, hain justu, programaren antolatzaileetako bat, Tabakalerarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin batera—. Iazko Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean Ya no duermo film laburra aurkeztu zuen, eta behin-behinean Y así seguirán las cosas deitu duen filma landuko du egonaldian. «Elkarrekin banatzea izango dugu egitekorik handiena», adierazi du, «prest egotea norbere lanarekiko feedback bat jasotzeko eta ondokoen lanetatik elikatzeko, etengabeko elkarrizketan». Film berria «errealitateari oso irekita» lantzea du buruan: Palentziako (Espainia) herrixka bateko lagun talde bat filmatuko du bost urtez, atzetik aurrera kontatzeko gero, nerabezarotik haurtzarora eginez. «Fikzioari eta ez-fikzioari oso lotuta dagoen prozesu bat interesatzen zait, ezusteko ugari gerta daitekeen prozesu bat».
Bi alditan bereizita, denera zortzi asteko iraupena du Ikusmira Berriak-ek: sei aste martxo-apiril bitartean, eta bi irailean, Zinemaldiaren bueltan. Bakoitza bere proiektuak garatzera bideratuta egon ohi da lehen zatia, Tabakalerako zerbitzuak eskura dituela eta aditu batzordeko kideen aholkularitza saioekin — Sergio Oksman zinemagileak, Eugenia Mumenthaler ekoizleak eta Javier Martin programatzaileak osatu dute batzordea aurten—. Irailean, berriz, industriako ordezkarien aurrean egingo duten pitching-a prestatzera itzuliko dira, proiektuak ekoizleei aurkezteko saioa, alegia. Idatziz zehaztua den dinamika da hori, baina idatzi gabeko beste parte handi bat ere badu programak, eta elkarren alboan lanean bezainbeste handik at sortzen den komunikazioari jarri dio azpimarra horregatik Orellanak (Buenos Aires, 1990): «Tabakalerako hotelean hartzen dugu denok aterpe, eta elkarbizitzaren aldea ere hor dago; espazio informalago bat izanda, gauza asko hor sortzen dira; uste dut hori dela egonaldiaren alderik aberatsenetako bat».
Elias Kerejeta Zinema Eskolako ikasle izandakoa da Orellana ere. Film laburrak egin ditu aurretik, «ia aurrekonturik gabe eta dokumental esperimentalaren ildotik», eta idazten ari den lehen fikzioa landu asmo du egonaldian: Hasta que el lugar se haga improbable. «Madril eta Donostia artean grabatu nahi dudala dakit, eta aztertu nola bizi izaten ditugun espazio urbanoak, nolako igurtziak gertatzen diren ezezagunekin eremu horietan. Duela bi urte hasi nintzen idazten, baina inoiz ez nuen burua jarri ekoizpenean, eta hori arakatu nahian nabil orain: zer ekoizpen mota bilatu, zer aukera ditudan finantzaketa aldetik. Heldu nahiz une batera zeinetan ezin dudan hori gehiago atzeratu, horrek ere asko definitzen baitu nondik segitu idazketa».
Zinemaren munduan urrats ezberdinak eginda heltzen dira egoiliarrak programara; hastapenetan batzuk, eskarmentu handiagoz besteak. Crespo Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen iaz Nosotros nunca moriremos filmarekin, eta La gruta del viento izango dena fintzen dihardu orain Donostian. Fitzpatrickek (Los Angeles, AEB, 1989), berriz, Nest zinema ikasleen topaketan hartu zuen parte, orain ekoizpen luze bihurtuko duen film laburrarekin: Wandervogel.
Eskarmentu handixeagoa dutenen artetik heldu da Muñoz Rivas ere (Sevilla, Espainia, 1978), zeina Berlinalen izan zen 2017an bere lehen lan luzea aurkezten, El mar nos mira de lejos. Orain, Manantial proiektuarekin heldu da Ikusmira Berriak-era: senar-emazte edadetu batzuk, Guadalquivir ibaiaren iturburuaren bila. Egitura «handia» erabakita, «mikroegitura» idazten ari da, eszena zehatzak, hitzak, narrazioaren jirak. Muñoz Rivas: «Bidaiak aurrera egin ahala ikusiko dugu gizona kasik bizia kendu dion esperientzia batetik igaro berria dela, eta bidaia bera bizitzarekiko eskaintza bat izango dela; heriotzaren itzal beltz hori oraindik hor dutela, jatorrira itzultze bat».
Zinemagilearen aitak berak ospitalean denboraldi bat larri iragan ostean heldu zion istorioa idazteari, eta gurasoak jarriko ditu orain kameraren aurrean. «Haien antz handia duten pertsonaiak interpretatuko dituzte, eta ni ere zabalik egon beharko naiz ezusteko gertaerak filmera ekartzeko, betiere bizitza gehiago ekarriko badiote. Edukiak berak izango du oinarri erreal-dokumental bat, baina fikziozko edukiontzi on bat topatzea izango da orain gakoa».
Pausa eta elkarrizketa
Programaren bigarren ediziotik aurrera tutore modura aritu denetako bat da Sergio Oksman zinemagile brasildarra. Gertutik ikusi du nola joan den proiektua eraldatuz, funtzionatzen zuena eta ez zuena berrikusiz, eta oso programa «bizitzat» jo du horregatik. Hasieratik, baina, egonaldiarekiko ikuspuntua ez zaiola aldatu dio: «Espazio ezin hobea da sortu nahi duen batentzat. Pausa bat egiteko aukera ematen dio, kasu honetan zinemagileari, bere proiektuan murgiltze sakon bat egiteko, eta, aldi berean, elkarrizketa askorekin hura haziz joateko».
Madrildik erantzun dizkio galderak BERRIAri, duela egun gutxira arte Donostian egon ostean egoiliarrekin lanean. Urtero egin ohi denez, bost kategoriatatik—EAE, Espainia, Nazioartea, Nest eta Elias Kerejeta Zine Eskola— zinemagile bana hautatu dute aurten ere, eta, osatu den taldearibegira, beste urte batzuetan baino maila berdintsuagoa topatu duela aipatu du: «Oso talde kohesionatua ikusi dut, eta horrek elkarrizketan sakontzen laguntzen du. Talentu handiko zinemagileak dira bostak, proiektu oso berritzaileak ekarri dituztenak».
Palaciosekin aritu da zuzenean tutoretza lanetan, eta haren ausardia nabarmendu du: «Denboran dilatatua den proiektu bat landuko du, gero alderantziz ikusiko den eromenarekin. Filmatzen duen lehena azkena ikusiko da pelikulan, eta nola eraiki hori, narrazio bat atzetik aurrera, elementuak nola landu, pertsonaien aldaketak nola bildu barnean... Uste dut nahiko puntu sendoak lortzen ari dela zoriak bere proiektuan lan egin dezan. Hori baita paradoxa: kontrol pixka bat lortu behar du zoriak bere alde jokatu dezan».
Muñoz Rivasen film proiektua ere hobeto ezagutzeko aukera izan du, zuzendariekin zenbait solasaldi egin ostean, eta, kasu honetan, proiektuaren alde hunkiberak harrapatu duela aitortu du. «Hunkigarria egin zait bere pelikula. Fikzio bat izateko dago pentsatuta, baina gurasoei eskatuko die beretzat interpretatzeko, eta seme eta zuzendari modura pelikula oso mugan jartzea esan nahi du horrek».
Aditu batzordeko kide gisaa, beren egitekoa «frontoi gisa» ulertzen duela dio zinemagileak. «Elkarrizketak dira, metodologia itxirik gabe. Sortzaileari galderak itzultzen dizkiegu, apurka bere filmak behar dituen bideak topatu ditzan». Proiektu bakoitza oso puntu ezberdinetan heltzen dela berretsi du —«batzuk ez dira ideia bat orri zuri batean baizik—», eta horrek oso modu «delikatuan» jokatzea eskatzen diela uste du. «Enbrioizko ideiak dira askotan, pixkanaka doazenak aurrera; hor oso kontuz aritu behar da».
Programaren lehen urtean 32 proiektu aurkeztu ziren, eta, aurten, aldiz, 409 izan dira. Hazkunde horren lekuko ere izan da Oksman, eta egonaldia eusten duten hiru instituzioen «aterkian» ikusten du gakoa hark, baita Tabakalerak eskaintzen duen «testuinguru integralean» ere. Zinemaldiaren lekua ere goraipatu du, Ikusmira Berriak-etik igaro diren lanak jaialdietan estreinatzera heltzeko egiten duten lana —Ikusmira Berriak-en garatutako Chupacabra (Grigory Kolomytsev) eta Jo ta Ke (Aitziber Olaskoaga) ikusi ahal izan ziren azken Zinemaldian, besteak beste—. «Edonork eskertzen duen pausa bat da, esklusiboki proiektuetan pentsatzeko testuinguru bat eskaintzen duena. Baita obra sendo bat dakarrenari ere».
Datorrena fokuratzen
Ikusmira Berriak programako aurtengo egoiliarrak dira: Marina Palacios, Manuel Muñoz Rivas, Eduardo Crespo, Magdalena Orellana eta Mina Fitzpatrick dira. Nor bere film berria garatzen ari da; hainbat aditurekin elkarrizketatzeko eta proiektuetan murgil egiteko baliatuko dute testuingurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu