Donostiako 68. Zinemaldia. Sari banaketa

'Dasatskisi/Beginning' filma izan da 68. Zinemaldiko erabateko irabazlea

Urrezko Maskorra ez ezik, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, andrazko aktore onenaren saria eta gidoi onenarena irabazi ditu Dea Kulumbegaxvili zinemagile georgiarrak bere lehen filmarekin

'Dasatskisi/Beginning' filma izan da 68. Zinemaldiko erabateko irabazlea.
Ainhoa Sarasola.
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Inoizko urterik berezienetako bat izan du 68.a Donostiako Zinemaldiak. Pandemia baten erdian antolatu izanak badu ezohikotik, eta baita aurrera eramateko hartutako higiene eta segurtasun neurri ugariek ere. Agian horregatik behar zuen amaierak ere berezia. Eta festibalaren historian gutxitan gertatu den zerbait ikusi zen atzo iluntzeko galan: film berak sei sari ofizialetako lau irabaztea. Bere lehen filmarekin lortu du hori, gainera, Dea Kulumbegaxvilik. Zuzendari georgiarraren Dasatskisi / Beginning lanak eraman zituen Film onenaren Urrezko Maskorra, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra —Ia Sukhitaxvili antzezlearentzat izan zen—, eta Gidoi onenaren epaimahaiaren saria. Donostiako 68. Zinemaldiko erabateko irabazlea izan da.

Sail Ofizialeko emanaldien ondotik zeresan gehien eragin zuen filmeetako bat izan zen Dasatskisi / Beginning. Baita kritikaren artean ere. Forma aldetik proposamen ausarta aurkeztu baitzuen zuzendariak lehiara. Istorio gogorra kontatzen du pelikulak: Georgiako herri bateko Jehovaren Lekukoen komunitate txiki batek jasandako erasoarekin abiatzen da, eta komunitateko liderraren emazte Yanari jarraituko dio kamerak ordutik aurrera. Ohiko narratiban halakoak bigarren mailako pertsonaiak izan ohi direla, eta haren bizipenak kontatzeko nahitik abiatu zela azaldu zuen zuzendariak aurkezpenean. Baina hori kontatzeko modua du berezien filmak, plano sekuentzia —finkoak asko— eta isiltasun une luzez josi baitu kontakizuna. Naturaren ederra eta bortizkeria gogorra kontrajartzen dituzten irudiak ere baliatu ditu narrazioan.

Ennio Morriconeren musikari keinu eginez, aurtengo ezohiko edizioaren laburpen bideo batez, eta erakutsitako jarreragatik publikoari eskerrak emanez abiatu zen gala. Sari ofizialen txanda iritsi zenean, gidoi onenarena jasotzera igo zen lehen aldiz Kulumbegaxvili Kursaaleko oholtzara. Rati Onelirekin partekatu du aitortza, lau eskutara idatzi baitzuten pelikulako gidoia, eta jaialdiarentzat ez ezik, harentzat izan ziren bere esker oneko hitzak. Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jasotzera berriz igo zen gero, eta hitz gutxi batzuk baino ez zituen egin. Taula gainean zen epaimahaikideei aurrez-aurre begiratuz eman zizkien eskerrak: «Honek asko esan nahi du niretzat; ohore handia da».

Ordurako, bere filmeko protagonista gorpuztu duen Ia Sukhitaxvilik jasoa zuen aitortza. Antzezleak ezin izan zuen Donostian egon Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jasotzen, baina bideo baten bidez eskertu zuen saria: «Pena handia da han ezin egotea. Oso pozik eta oso eskertuta nagoela esan nahi dut. Deari eskerrak eman nahi dizkiot bide zail eta interesgarri hau nirekin egin nahi izategatik».

Jaialdiaren 68 urteko historian Urrezko Maskorra irabazi duen hirugarren emakume zinemagilea izan da Kulumbegaxvili. Baina sari nagusia jasotzen, bera ez, filmaren ekoizleak izan ziren agertokian; Ilan Amouyalek eta David Zeratek filma aurrera ateratzeko gogor lan egin duten guztiei eman zizkieten eskerrak.

Beste bi sari banatu zituen epaimahai ofizialak, eta lau lagunek partekatu zuten Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra: Druk/Another Round (Thomas Vinterberg) filmeko gizon laukoteak. Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Magnus Millang eta Lars Ranthe elkarrekin eta pozik ageri ziren ekitaldirako prestatu zuten bideoan, eta eskerrak eman ostean, kopak altxatuz eta «osasuna» esanaz agurtu ziren.

Argazki onenaren epaimahaiaren saria, berriz, Yuta Tsukinagarentzat izan zen, Takuma Sutok zuzendutako Nakuko wa ineega / Any crybabies around filmean egindako lanagatik. Pantailaren bestaldetik, bideo baten bidez eskertu zuten saria haiek ere.

Horiez gain, sari berezi bat banatzeko aukera ere badu epaimahaiak, arrazoiz jantzi behar duena horretarako. Eta hala egitea erabaki zuen Luca Guadagnino buru izan duen epaile taldeak: Julien Templeren Crock of gold: A few rounds with Shane MacGowan filmari eman zion Epaimahaiaren Sari Berezia. «Zoragarria da hemen dokumental batekin egotea. Film bat ona bada, berdin dio dokumentala edo fikzioa den», esan zuen zinemagileak.

Guadagninorekin batera, Marisa Fernandez Armenteros ekoizlea, Michel Franco zuzendaria, Lena Mossum jantziteria diseinatzailea eta Joe Alsyn aktorea aritu dira aurten Sail Ofizialeko epaimahaikide lanetan.

Beste sailetako irabazleak

Sail Ofizialetik kanpo ere banatu zuten saririk. David Perez Sañudo zinemagile bilbotarrak Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuen Ane bere lehen film luzea, ama-alaba biren arteko gatazka ardatz duen euskarazko lana, eta Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu zuen. Pozarren, lantalde osoaren ahalegina goraipatu zuen, eta beren lanen bidez ikasteko aukera eman dioten zinemagileentzat ere esker oneko hitzak izan zituen —besteren artean, Moriarti taldekoak, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Borja Kobeaga, Kote Kamatxo eta Joanes Urkixo aipatu zituen—.

Halaber, Maider Oleaga buru izan duen epaimahaiak aho batez erabaki zuen Non dago Mikel? filmari (Amaia Merino, Miguel Angel Llamas) aipamen berezia egitea, «giza eskubideen urraketa lazgarri eta sistematikoaren testigantza erakusteagatik ezinbesteko artxibo irudi lanaren bidez».

Zuzendari Berriak saileko film nabarmendua La última primavera izan zen, Isabel Lambertirena; hark irabazi zuen Kutxabank-Zuzendari Berriak saria. Jaialdiari, filmeko familia protagonistari eta lantaldeari eman zizkion eskerrak zuzendariak. Beste lan bati aipamen berezia egin zion sail horretako epaimahaiak: Dong Xingyiren Slow singing filmari.

Zabaltegi-Tabakalera saria, berriz, Catarina Vasconcelosentzat izan zen, A metamorfose dos passaros filmagatik. Eta Horizontes Latinos sailekoa,Fernanda Valadezen Sin señas particulares-entzat. Eta Vasconcelos bezala, hunkituta mintzatu zen Valadez ere: «Hemen jaio zen proiektu hau, Zinema Eraikitzen-en, eta hona itzultzea, ohorea ez ezik, etxera itzultzea da». Sail berean, Clarisa Navasen Las mil y una filmari aipamen berezia eman zioten.

Ikusleak dira Perlak saileko irabazlea izendatzeko ardura dutenak, eta aurten Florian Zeller zuzendari paristarraren The Father pelikulari eman diote Donostia Hiria Publikoaren Saria. Inoizko puntuaziorik altuenarekin, gainera: hamarretik 9,96. Sail berean, Maite Alberdi txiletarraren El agente topo-k irabazi zuen Europako lan onenaren saria.

WIP Latam sarietan —Zinema Eraikitzen zena ordezkatu dute—, Ivan Funden Piedra Noche eta Manuel Nietoren El empleado y el patrón lanak nabarmendu zituzten. Eta WIP Europa saria —Gloccal in Progress programaren garapena dena—, berriz, Selman Nacarren Iki Safak Arasinda lanak eraman zuen. Postprodukzio-fasean dauden film latinoamerikarrak eta europarrak laguntzen dituzte bi sariok, hurrenez hurren.

Gazteriaren saria, 18 eta 25 urte bitarteko 75 gaztek baino gehiagok osatutako epaimahaiak erabaki zuen: Ben Sharrocken Limbo filma izan da irabazlea. Cannesek bere hautaketa ofizialean aukeratua, bere bigarren film luzea Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuen Sharrockek. Nest-Orona saria, berriz, Ashmita Guharen CatDog film laburrak eraman zuen. Zinemagintzan trebatzen ari diren ikasleen lanak bultzatzea du xede sariak, eta aurreko aldietan saritutako hiru zinemagile gaztek osatu dute epaimahaia. Beste lan bati aipamen berezia ematea ere erabaki zuten: Haohao Yanen The Speech film laburrari, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.