Dardara hitzaren esanahia kontraesankorra da, muturrean dauden emozioak adierazten baititu. Alde batetik, dardarak ikara, izua eta urduritasuna irudika ditzake; bestetik, bibrazio hori desira edota pasioa izan daiteke. Mugimendua eta zirrara laburbiltzen dituen kontzeptu bat da Teju Cole idazle nigeriar-estatubatuarraren (Michigan, AEB, 1975) azken nobelaren izenburua. Nobelan dardara izenburuan soilik aipatzen bada ere, kontzeptuak goitik behera blaitzen du kontakizuna. Afektuen kartografia da Tremor eleberria (2023). Aurreko nobelek ere (Every Day is for the Thief, 2007, eta Open City, 2011) hiriaren mugimendua kontatzen zuten, izan Lagosena, izan New Yorkena. Gomendagarria da Teju Coleren narratiba Ibai Atutxa eta Danele Sarriugarteren Formaedukia podcasta bidelagun izanik irakurtzea —Basilika gune kritikoan aurki daiteke—. Haien eskutik, bi ataletan banaturik, afektuaren genealogian eta interpretazioan murgil daiteke irakurlea —ezinbestezkoa da hausnarketa hori Teju Coleren lana ulertzeko—.
Distantziarik gabeko idazkera
Teju Cole argazkilari eta idazlea da, eta irakasle dihardu Harvard Unibertsitatean, sormenezko idazkera eskolak emanez. Rara avis-a da Cole, bai txoria eta bai ornitologoa izanik. Hau da, arteari eta literaturari buruzko saiakera apartak idatzi ditu, eta, aldi berean, punta-puntako argazkilaria eta idazlea da. Known and Strange Things liburuan (2016) bildu zituen han eta hemen argitaraturiko saiakerak. Oso ideia konplexuak helarazteko gaitasuna du bere-berea duen estiloan, eta ez egungo estilo akademiko homologatuan. Begiradak definitzen du haren estiloa, eta hor daude emozioak jokoan. Esate baterako, James Baldwin idazle estatubatuarrari buruzko Black Body saiakeran, bere begirada arrazializatu garaikidetik berrirakurtzen du haren lana. Baldwinek Suitzako Leukebard herri erabat zurira egindako bidaia egiten du Colek. Ez dago distantzia faltsurik, gorputzetik idazten du: azken finean, emoziorik gabeko hizkera akademikoa Oxfordeko gizon zuriren batek asmatuko zukeen literaturan XX. mendean. Ez dago distantziaren simulakrorik Coleren saiakeretan. Erraietatik idazten du.
Idazleak elkarrizketetan aipatu izan du irudimen paranoikoa, hots, den-dena elkarrekin lotuta ikustea testuan. Coleren hitzetan, bizitzan horrela jokatzen bada, paranoia gorria da, eta nobela batean hala jokatuz gero, artea da. Irudi esanguratsu batzuek harilkatzen dute Tremor, konstelazioa jakin bat osatuz. Ideiak eta irudiak bateratzen dituen begirada protagonistarena da; unibertsitatean argazkilaritza irakasten duen Tunderena. Teju Cole bezala Lagosen hezia da Tunde, eta Estatu Batuetan bizi da. Asko dira munduan bi herrialde dituzten herritarrak, gero eta gehiago. Nobelaren pentsamendu nomada da arte adierazpen anitzen arteko haria. Horretan Roland Barthesen pentsamenduarekin badu zerikusirik; forma artistikoen artean kontzeptu berak mamitzeko gaitasuna aztertzen du narratzaile-protagonistak.
Irakurtzearen bertigoa
Natives on the Boat saiakeran, irakurtzea garaiera handiko eraikin batera igotzea bezala dela dio idazleak. Behetik ikusten ez dena ikus daiteke goitik, baina garaierak bertigoa sortzen dio irakurleari —eta gaiaren arabera areagotu egiten da sentsazio hori—. Badago bertigoa Tremor nobelan. Amerikartu den afrikarrak sentitzen duen bertigoa Afrikan, bisitari gisa, bertakoei argazkiak egiten. Coleren obsesio modukoa da errepresentazioaren etikarena; hori dela-eta berak ateratzen dituen argazkietan pertsonarik ez ateratzea erabaki zuen aspaldi. Nobelan egiten dituen gogoetek asko zor diote Susan Sontag pentsalariari, hala nola traumen arteko hierarkiari. Bai saiakeran, bai fikzioan, ikusmenaren galeraz idatzi du; 2011n, bat-batean ikusmena galdu eta berreskuratu zuen. 2017an, Blind Spot argazki bilduma argitaratu zuen, testuekin osatua, alde itsuetan arakatuz.
Deskolonizazioa desikastea bada, horrek ere bertigoa sorrarazten du. Deskolonizazioa ondo burutzeko, ikasle bihurtu behar du irakurleak, eta ardatz geopolitikoa zinez aldatu. Colek arte historialariaren prestakuntza du, eta nobelan arteari dagozkion hausnarketak dira indartsuenak. Afrikari buruz ezer gutxi ezagutzen da Afrikatik at. Bi adibide funtsezkoak dira nobelan. Lehena, 1897. urtean Erresuma Batuak Afrikako Beninen egindako sarraskia, eta horren ondorioz haien artelanen arpilatzea. Gaur egun Beningo kultur ondarea sakabanaturik dago munduko museo garrantzitsuenetan. Gai bera du ardatz Mati Diopen azken filmak, Dahomey —Uxue Arzelusek idatzi berri du BERRIAn lan horren inguruan—. Bigarren adibidea J.M.W. Turner artista ingelesaren Slavers Throwing Overboard the Dead and Dying pinturaren (1840) analisia da. Kapitainak 132 esklabo uretara botatzeko agindu zuen, segurua kobratzearren. Artelanak sortzen dion ezinegona zehatz-mehatz azaltzen du narratzaile-protagonistak. Hain zuzen ere, Beningo artelanei eta Turnerren esklabo ontziari dagokienez, protagonistaren harreraren arabera museoa ez da inolaz ere leku erosoa. Eta bi hausnarketak irakurrita argi dago ezin dela kolonizatzaileen hizkuntza erabili trauma historiko horiek deseraikitzeko.
Nobelan narratzaile-pentsalaria ibiltaria da, hausnarketak ez dira inoiz artifizialak edota desbideratze hutsalak. Pentsamendua fikzionatzen du une oro. Eta leiho asko irekitzen dizkio irakurleari, batez ere Afrikako arteari eta musikari buruz. Esate baterako, Maliko musikaz hausnarketa luze sutsua dakar narrazioak. Spotifyn aurki daitezke Teju Coleren musika zerrendak, eta modu bikaina da Afrikaren altxorrari buruz ikasteko. Bach eta musika afrikarra elkartzen ditu, idazlea tradizio anitzen ondorengoa delako. Teju Coleren estiloa jantzia eta zehatza da beti. Minetik idazten du, edertasuna sustatuz. Idazle handien gisara, haren begiradak irakurlearen begirada eraldatzen du.