'Dardara' dokumentalak irekiko du Iruñeko Ikuspuntu jaialdia

Martxoaren 15etik 20ra egingo dute zinemaldia. Lameirok iaz Berri Txarrak taldearen azken biran grabatu zuen filma eta Amos Vogeli eskainitako atzera begirako bat ere izango dira

Garbiñe Ortega, Ignacio Apeztegia eta Teresa Morales, atzo, Baluarten, Ikuspuntu jaialdiaren irudiak aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ikuspuntu Nafarroako zinema dokumentalaren nazioarteko jaialdiak, ez fikziozko zinemaren profesionalen eta zaleen topalekuak, hamabosgarren aldia izango du 2021. urtekoa. Martxoaren 15etik 20ra egingo dute, Iruñean, eta eskaintza nagusi gisa dakar Marina Lameiro zinemagile nafarrak Berri Txarrak taldearen agur biran filmatutako Dardara dokumentalaren estreinaldia.

Lameirok erretratu koral bat osatu du munduko hainbat lekutan bizi diren pertsonen istorioetan oinarrituta, guztiak ere interes partekatu batek zeharkatuak: Berri Txarrak taldearen musikak. Arena Comunicacion enpresak ekoitzi du Dardara filma, eta Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du. Garbiñe Ortega jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan, «oso film berezia» da: «Musika dokumentalen artean ezohikoa da, zaleen begiraden eta esperientzien bitartez kontatzen delako pelikula». Ortegak atzo eman zituen festibalaren egitarauaren inguruko lehen xehetasunak, Teresa Morales zuzendari exekutiboarekin eta Ignacio Apeztegia Nafarroako Kultura zuzendariarekin batera, jaialdiaren egoitza nagusian: Baluarte auditoriumean.

Beste iragarki nagusia Amos Vogeli eskainitako atzera begirako bat da. XX. mendearen erdialdetik aurrera, Vogelek lan garrantzitsua egin zuen zinema programazioan, eta 2021ean ehun urte beteko dira jaio zenetik; Vienan jaio zen. Marcia Vogelekin batera, New Yorkeko Cinema 16 elkartea sortu zuen. Ortegak azaldu zuenez, «elkarte hori New Yorkeko kulturako eszenaren gune garrantzitsuenetako bat izan zen 1950eko hamarkadan, eta bazkideen artean zeuden Maya Deren, Jonas Mekas, John Lennon eta Leonard Bernstein. Milaka pertsona mugitu zituen zinema aretoetara, eta balio itzela izan zuen zinemagileen lana bultzatzeko».

Aurten ere Dani Sanchisek diseinatu du jaialdiaren irudia. «Espazioen aniztasuna irudikatu nahi izan du; begirada subjektiboa, paisaiarekin eta naturarekin erlazionatzeko modu berriak». Horretarako, Nancy Holt zuzendariarengan eta haren lanean oinarritu da. Joseba Sarrionandiaren Ez diren gauzak poemak laguntzen die irudiei, «gogora ekartzen dituelako aurten bizi izan ditugun debekuak, ezintasunak eta espazioaren eta besteekin egoteko moduen birmoldaketak. Hala, existentzia ematen die izan ez diren baina badiren gauza horiei, existitu direla esanez».

Urtero bezala, programazioa zazpi ataletan egituratuko da: Sail Ofiziala, Dokbizia, Atzera Begirakoak, Ikuspuntu Labs, Foku Garaikideak, Saio Bereziak, X Films eta heziketa programa. Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako urte konplexua izan den arren, mundu osoko 900 film aurkeztu dira parte hartzeko, eta emakumeek egindako filmen kopurua «deigarria» dela azpimarratu dute.

Mugak aukera bihurtzen

Egitasmoarekin aurrera jarraitu arren, koronabirusaren izurriteak Ikuspuntu jaialdia ere zipriztindu du, baina ez bereziki modu negatiboan. Batetik, antolatzaileek egoera baliatu dute zinemaldia era kolektiboan birpentsatzeko, zuzendariaren hitzetan: «Aukera izan dugu aztertzeko zer egiten dugun inertziaz, zer aldatu beharko genukeen...». Eta, bestetik, zuzendarien lanen edukietan halabeharrez sartu da aktualitatearen berezitasuna, pandemia, baina «mugak sormenerako aukera» bihurtzen asmatu dute.

Antolatzaileak aztertzen ari dira nola erantzun martxoan egon daitekeen osasun egoerari; zortea izan dute, dena den, iazkoa osasun krisiaren aurretik egin ahal izan zutelako, eta, gero, astia izan dutelako testuingurura egokitzen ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.