Agus Perez.
Kritika. Dantza

Dantzaz eta fantasiaz

2025eko otsailaren 20a
04:00
Entzun

'Hona'

 

Konpainia: Dantzaz. Piezak eta koreografoak: Hondo (Paolo Mohovich), Aire sakona (Jacek Przybyłowicz). Musika: Johan Johanson (Lehen pieza) eta Jacek Przybyłowicz (Bigarren pieza). Lekua: Gasteizko Felix Petite antzokia. Eguna: Otsailaren 14a.

Dantzaz konpainiaren azken estreinaldia ikusteko aukera izan dugu Gasteizko Felix Petite antzokian. Aretoko besaulki guztiak bete dituen egitaraua Hona deitu da, Euskal Herritik kanpoko bi koreografo gurera ekarri izanaren ideiarekin batura eginez gaualdiko bi piezen artean.

Hasierakoa Hondo deitu da, Paolo Mohovich italiar koreografoaren asmoa itsasoaren neurrigabetasunean murgiltzea izan delako, hura gizakiaren ezaugarrien ispilutzat hartuta. Xede horri begira, urdin koloreko argian bilduta eta kolore bereko jantziekin agertu dira hamar dantzariak plastiko urdineko adabakiak praketan itsatsita –ozeanoen kutsadurari keinu eginez agian– eta mauka luzeko kamiseta erdi gardenak soinean, ur azpiko izakien izaera ia likidoa subliminalki irudikatuz.

Dantzaz konpainiako Adriana Pousen zuzendaritza artistiko pean eta bere aholkularitza koreografikoarekin, Johan Johansonen in crescendo inguratzaile batean murgildu gara, eta dantzarien eboluzioek uhinen sentsazioa ekarri digute gogora, bai era kolektiboan bai bikoteka, solisten antzera nolabait. Alde fisikotik, besoen eta, noizbehinka, hanken mugimenduen sinusoide-izaera geratuko zaigu gogoan, eta alde espiritualetik kolektiboaren besoetan lagatako gorputz abandonatuen irudi metaforikoa.

Gaualdiko bigarren pieza Aire sakona deitu da eta Jacek Przybyłowicz poloniar koreografoak hartu ditu bere gain jantzien eta eszenografiaren arloak. Bigarren pieza hau bederatzi dantzaritarako da, eta haien artean sortutako zirkunferentziak lore itxura hartu du jesarrita zeudenen hankek gora egitean eta erdian neska dantzari bat agertzean.

Koreografoak airearen existentziari egindako omenaldian, arnasaldiak eta hats laburrak izan dira nagusi hasiera horretan, eta dantzariak sakabanatu direnean agerian geratu da mugimenduaren keinu-aberastasuna, eta oso izaera sentsuala hartu du dantzaren diseinuak, halako moldez non balirudike interpreteak beren fantasiak ari zirela amesten Adam Walickiren erritmo pausatuek eta musika aberasgarriak gidatuta.

Izan ere, jakin beharra dago Walickik ez duela bere musika ezerezetik sortu, eta gure sustraietan murgildu nahi izan dela piezarako partitura sortzean. Ondorioak emankorrak izan dira, zalantzarik gabe, eta horren adibide dugu azkeneko minutuetan Ane Belokiren bertsoak ganora artistiko handiz txertatu izana poloniarraren musikan, horrela hartu dituelako egitarau osoak bere benetako izaera eta sakontasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.