Dantzaren, ikus-entzunezko lengoaiaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko harremanak aztertzea helburu duen jaialdia da Zinetika, eta hibridazio hori oinarri duten obrei egiten die tokia. Bosgarren jaialdia da aurtengoa, eta nazioarteko 24 film labur eskainiko ditu, lau ataletan banatuta: Sail Ofiziala, Open Screen, Zinetiks eta Dokumentala. Pantailatik kanpo, bi eskola magistral, bi performance eta tailer bat izango dira. Gaur hasiko da jaialdia, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan, eta bihar eta astelehenean ere han izango da; ondoren, hilaren 28an eta 29an Bilboko BilboArten egongo da; eta, azkenik, hilaren 30ean eta 31n, eta azaroaren 1ean jaialdiaren egoitza nagusian izango da, Iruñeko Baluarte auditoriumean.
El Trastero Creativo taldeak antolatzen du Zinetika diziplina anitzeko jaialdia 2016tik, hainbat entitateren laguntzarekin. «Dantzarako hurbilketa eta truke artistikoa» bultzatzeko plataforma gisa sortu zuten, «artisten eta diziplinen arteko loturak ezartzeko». Dantzak, ikus-entzunezko hizkuntzak, gorputzak eta teknologiak bat egiten dute jaialdian, gogoeta sustatzeko asmoz. «Batzuetan, espazioaren eta mugimenduaren arteko harremana da aztergaia; beste batzuetan, kameraren eta dantzaren artekoa, edo alderantziz... aukerak mugagabeak dira», zehaztu du Laida Aldaz dantzari eta jaialdiko zuzendari artistikoak.
Jatorrian, proiektuak bideodantzako filmak zituen oinarri, eta bidean beste arte adierazpide batzuetara zabalduz joan da. Baina haren zutabe nagusia filmen proiekzioak dira oraindik. Ohiko lengoaia zinematografikotik aldentzen diren obrak dira halere, Aldazek azaldu duen moduan: «Pelikula hauen berezitasuna da ez dutela ahozko hizkuntza, gorputzaren edo mugimenduen hizkuntza baizik, eta horrek interpretaziorako askatasun handiagoa uzten du». Hitzek irudi jakin batera eramaten baitute ikuslea, haren ustez; gorputza nahiz mugimendua, berriz, «askeagoak» dira. Eta askatasuna da, hain zuzen, antolatzaileek bilatzen dutena: «Ikuslea gero eta libreagoa izan dadila, eta berak interpreta dezala ikusten duena».
Jaialdiaren Sail Ofizialerako Australiako, Frantziako, Alemaniako, Herbehereetako eta Afganistango zuzendarien zazpi film hautatu dituzte: Ryan Renshawen Bubble Gum, Nais Grazianiren At Night, Kati Kallioren Time Subjectives in Objective Time, Michael Binzen Kubrik Behind the Fog, Hugo Le Gourrierecen Pipo and Blind Love, Rene Nuijensen Ringo Rock Star and His Song for Yuri Gagarin, eta Abdul Hamid Mandgaren Colorless. Filmak hainbat saiotan emango dituzte, hiru hirietan.
Eskaintza zinematografikoaz gain, programazioak beste zenbait proposamen ditu. Batetik, Kukai dantza konpainiak eta Arena Comunicacion ekoiztetxeak elkarlanean ondu duten Bizimina dokumentala emango dute: dantza, espazioa eta argazkia lotzen ditu, eta konfinamendu garaian filmatu zuten oso-osorik. Horrekin batera, Jon Maia eta Pablo Ibarburu lana sortzeko prozesuaz solastatuko dira, eskola magistral batean. Proiekzioaren eta eskolaren lehen saioa gaur izango dira, Donostian, Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan, 11:00etan. Bilbon eta Iruñean ere eskainiko dituzte, urriaren 28an eta azaroaren 1ean, hurrenez hurren.
Hori ez da izango eskola magistral bakarra, ordea: Belgikako Jaco Van Dormael zinemagilea eta Michele Anne De Mey koreografoa beren obretatik abiatuko dira, ikusleak «emozioak beste eskala batean aurkitzera» gonbidatzeko. «Bi artista entzutetsu dira horiek, eta azken urteetan elkartu dira, zinema eta dantza bateratzen dituzten zenbait ikuskizun sortzeko», azaldu du Aldazek. Iruñean emango dute eskola, hilaren 30ean.
Bi performance ere izango dira, biak Iruñean. Hilaren 31n, Errioxako (Espainia) El Patio Teatro konpainiak A mano (Eskuz) performancea taularatuko du. «Eskuekin eta lokatzarekin egiten den performance bat da; ez dago teknologiarik, baina osagai zinematografiko garrantzitsuak daude piezan, irudiak osatuz istorio bat kontatzen delako».
Hurrengo egunean, Ziomara Hormaetxe konpainiak Biopiracy performancea egingo du, teknologiaren aukera «kezkagarri eta itxaropentsuenen» ingurukoa. «Performance horrek osagai teknologiko nabarmena du, proiekzioak eta dantzariak elkarrekin lan egiten baitute, harremanetan», azpimarratu du zuzendariak. Haren irudiko, bi performanceak «oso ezberdinak» dira elkarrekiko, baina biek «zentzu handia» dute jaialdian.
Azkenik, tailer bat egongo da. Becky Siegel koreografoak irakaskuntza metodologiak egokitzeko jarraibideak erakutsiko dizkie dantzako profesionalei, eta aniztasunak sormen prozesuetan duen aberastasuna aztertuko du.
Errotzeak kalitatea dakar
Jarduera guztiak aurrez aurre egingo dituzte, Van Dormaelen eta De Meyren eskola izan ezik. «Inoiz baino garrantzitsuago» ikusten baitute, oztopoak oztopo, «bide berriak aztertuz kultur jarduera presentzialak programatzea posible dela erakustea».
Jaialdiaren bosgarren aldia da, eta, Aldazen ustez, gero eta gehiago errotzen ari da; eta, ondorioz, erreferentzia lortzen. Horri esker, proposamenen kalitatea gero eta handiagoa da. «Jendeak ikusi du jaialdi txikia eta independentea izan arren, handitzen ari dela; beste hiri batzuetara zabaltzen, gero eta artista gehiagorekin, eta gero eta programazio zabalagoarekin. Horrek badu eragina proposamenetan». Aurten ere horretan sakontzen jarraituko dute, beraz: artistak, adierazpideak eta hiriak lotzen, kalitatezko proposamen berritzaileekin.
Dantzatzen den zinema
24 film, bi eskola magistral, bi performance eta tailer bat egongo dira bosgarren Zinetika jaialdian. Gaur abiatuko da, Donostian, eta Bilbon eta Iruñean izango da gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu