Koldo Zabala Pagazaurtundua (Getxo, Bizkaia, 1935) koreografo, dantzari eta irakasle miarriztarra joan den igandean hil zen, gaixotasun baten ondorioz. Euskal kulturaren eta dantzaren arloan arrasto handia utzi du Zabalak. Izan ere, euskal dantza eta musika tradizionala, dantza klasikoa zein garaikidea uztartzen saiatu zen. Oldarra dantza taldeko sortzaile eta kide izanzenhainbat urtez, eta irakasle gisara ere aritu zen Baionako kontserbatorioan, bertzeak bertze. Ostegunean iraganen da Zabalaren omenezko hileta, 16:30ean, Miarritzeko San Martin elizan.
1935. urtean sortu zen Koldo Zabala, eta hurrengo urtean hasitako gerraren ondorioz, alde egin behar izan zuen Ipar Euskal Herrira; aita ELA sindikatuko sortzaileetako bat zuen. Lapurdira bizitzera joan, eta bertan ikasi zituen euskal dantzak. 1947an Oldarra taldean sartu zen, eta, ondotik, dantza klasikoan egin zituen ikasketak, Parisen. Bordeleko balleteko dantzaria ere izan zen.
Euskal Herrira itzulita, 1953an Oldarra dantza taldeko zuzendari artistikoa bilakatu zen. 1982an berriz Baionako kontserbatorioan hasi zen, dantza irakasle gisara. 2011n, Oroitzen naiz Mizel Theretek zuzenduriko dantza emanaldia eskaini zuen, Phylippe Oihanburu eta Jean Nesprias adineko dantzariekin batera, eta Olaeta eta Oldarra ballet konpainien arteko elkarlana ere bultzatu zuen azken urteetan.
Jakes Abeberri haren lagun eta dantzakide izandakoak gogoratu duenez, «euskal dantzaren iratzartzea bultzatu» zuen Zabalak. Baina ez hori bakarrik; Abeberriren hitzetan, «izpiritu abertzalez» lan egin zuen beti. Haren ustez, «Koldorentzat abertzaletasuna eta euskal dantza borroka beraziren. Gure borroka eta dantza markatu ditu; ez dugu ahantziko». Zabalaren bizitzan bi nahi horiek errepikatzen zirela gogoratu du Abeberrik: dantza eta Euskal Herria. «Kalitate handiko gizona zen».
Dantza egiteaz gain, dantzaren transmisioari ere garrantzi handia eman zion Zabalak. Abeberriren iritziz, argia izan zen Zabala, dantza tradizionala irakasteaz harago joan baitzen. Beste dantza estilo batzuetan sakondu, eta modu ezberdinean irakasten zuen. Abeberriren ustez, «ez zituen dantzak irakasten, dantza baizik. Dantzaren hizkuntza transmititzen zuen. Hala, harekin ikasitako asko dantzari bilakatu ahal izan dira orain».
Irakasle maitatua
Gaur egungo dantzari askok irakasle modura oroitzen dute Koldo Zabala. «Aita bat bezala zen», azaldu du Irati Arrozpide dantzariak. Izan ere, irakasle zorrotza omen zen Zabala, baina era berean «sentibera eta sentikorra».
Jon Maia dantzariak ere horrela oroitu du. Bere ibilbidean «oso pertsona kutuna» izan dela aitortu du, eta asko lagundu zuela. Izan ere, Maia Baionako kontserbatoriora joan zen gazterik, dantza ikastera, urtebetez, eta gogoratu du dantza klasikoko irakasleak ez zituela bereziki maite, bazekielako ez zuela klasikoan eginen bere ibilbidea. «Koldorekin kontrakoa gertatu zitzaidan; zeren, dantza klasikoko eskolak ematen bazituen ere, askotan dantza tradizionaleko izendapen edo urratsak erabiltzen zituen. Bereziki nirekin, jakinda klasikoarekin banuela maitasun-gorroto harreman bat, tradizionalaren esparrura eramaten ninduen». Arrozpidek gaineratu du ikasle guztiak banan-banan ezagutzen zituela Zabalak. Jone Goirizelaia dantzari eta Zabalaren ikasleak ere haren alde pertsonala azpimarratu du: «Gauza asko irakatsi dizkigu, bai dantzan, baina bereziki pertsona moduan».
Iñaki Urtizberea Oldarra abesbatzako zuzendari eta Zabalaren lagunak ere hunkituta gogoratu ditu azken 50 urteetan harekin bizi izandakoak: «Lagun bat baino gehiago zen. Emanaldi asko egin genituen elkarrekin; estu loturik geunden».
Bestalde, Nestor Basterretxea ere izan du gogoan Goirizelaiak, bi hil berriek berriki elkarrekin egindako Gernika emanaldiaren harira: «Badirudi kasualitatea izan dela, eta Basterretxea eta Zabala biak elkarrekin joan dira».
Dantzari berritzailea eta irakasle fina
Koldo Zabala dantzaria hil da, 79 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.Euskal dantza eta klasikoa uztartu zituen dantzari eta irakasleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu