«Jakin-nahiak». Ezaugarri horrek gidatzen du Bilboko Dantzaldiaren publikoa, Luke TaguaFundicion aretoko zuzendari eta Dantzaldiko programatzailearen hitzetan. Izan ere, dantza garaikidearen hainbat adar biltzen ditu jaialdiak, eta programatzailearen arabera, edozein estiloren zaleak topatuko du zer ikusia, berdin flamenko zaleak zein esperimentazio bila dabilenak, baldin eta, betiere, aipatutako jakin-nahi horri segitzen badio. Gaur hasiko da egitaraua Rekalde aretoan jarriko duten Taiat Dansa konpainia valentziarraren No Half Measures instalazio koreografikoarekin, eta dantza ardatz duten beste sei saio egingo dituzte abenduaren 15era bitarte.
Izar sorta bat gonbidatu dute aurtengoan. Espainiako Dantza Saria jasotakoak dira Sol Pico, Daniel Abreu eta Carmen Werner dantzari eta koreografoak, esaterako, eta hirurak izango dira Dantzaldian beren lanak erakusten. Antolatzaileen hitzetan, ez da sari hori jaso izana hiru sortzaileek duten ezaugarri komun bakarra. «Hirurek hasi zuten ibilbidea areto eta antzoki alternatiboetan», azaldu du Taguak. «Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan espazio haiek sostengatu zituzten, sostengatu genituen, dantza eta sorkuntza garaikidea, eta areto horiek izan gara gerora ere lengoaia berriko talde askori babesa eman diegunak».
Eta, hain zuzen, Fundicion aretoaren urte osoko lana ikusgarri egiteko modu bat da jaialdia, Taguaren hitzetan.
Picoren pieza da lehenengo ikusi ahalko dena. One-Hit Wonders deitzen da irailaren 21ean Azkuna zentroan egingo duen ikuskizuna, eta haren umorea nabarmendu du Taguak. «Porrotari buruzkoa da, baina oso ikuspegi dibertigarria du. Publikoak berehala konektatzen du dantzariarekin, eta 25 urteko bere ibilbidearen lorpen nagusien laburpen moduko bat ere egiten du».
2014an jaso zuen Abreuk Espainiako Dantza Saria, eta Perro izeneko piezan arituko da Dantzaldian. Berak itxiko du egitaraua Fundicion aretoan abenduan egingo dituen bi emanaldiekin. Aurrez ere egona da dantzaria Bilbon formatu handiko lanekin, baina oraingoan bakarkako pieza bat interpretatukodu. Hori du bere formatu «naturala», Taguak dioenez, eta bere ibilbidean mugarri izan zuen pieza dakar Dantzaldira.
Werner ere ezaguna da nazioarteko eszenan, eta Allí donde las flores mueren pieza taularatuko du Dantzaldian. Solo bat izango da hori ere, eta Bilbon egingo du haren estreinaldia. Pieza horrek itxiko du jaialdia abenduaren 15ean La Fundicion aretoan. Dantzari bakarreko emanaldia izango da hori ere, eta haren intentsitatea nabarmendu du Taguak.
Estutuz doan agertokia
Manuel Liñan ere izango da jaialdian. Dantzaririk onenaren saria jaso du berak 2017ko Max sarietan, eta Sinergia piezan arituko da azaroaren 4an, BBK aretoan. Eta Derniere Minute Pierre Rigal konpainiak Press pieza ekarriko du Guggenheim museora. Azaroaren 18an izango da hori.
«Gizaki garaikidea bere buruaren preso sentitzen dela erakusten du pieza horrek», azaldu du Taguak. Dantzari bakar batentzako pieza da Press, eta, emanaldiak aurrera egin ahala, dantzarako espazioa murriztuz joango zaio. «Azkenean, preso hartzen du dantzaria», zehaztu du Taguak. «Pieza magikoa da».
Gogoetarako tartea ere zabaldu nahi izaten dute Fundicion aretokoek jaialdian, eta esku pilota genero ikuspegitik aztertuko duen jardunaldi bat antolatu dute horregatik azaroaren 9rako. Sra. Polaroiska artisten Pilota Girls bideolanaren proiekzioarekin batera, Olatz Gonzalez Abrisketaren hitzaldia eta Judith Argomanizek Lasala dantza konpainiarekin sortutako Lauesku pieza ere dantzatuko dituzte. Azkuna zentroan izango da hori.
Hemezortzigarren jaialdia izango da aurtengoa, eta antolatzaileak pozik daude orain arte egindako ibilbidearekin.Egitaraua hiri osora hedatzea izan da asmoetariko bat hasieratik, eta aurten bost areto hartuko dituzte: Rekalde aretoa, Azkuna zentroa, BBK aretoa, Guggenheim museoa, eta Fundicion aretoa.
Hitzaldiak ere antolatu dituzte emanaldien ostean, baita topaketa akademikoak, eta dantzarientzako master classak ere Abreuk eta Wermerrekin.
Dantzaren urtaroa
Dantza garaikidea ardatz duten zazpi saio izango dira Dantzaldian Bilbon gaurtik abendura arte. Hiriko bost espazio hartuko ditu jaialdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu