Dantzaren hanka hotsa

Aiko musika eta dantza tradizionalen taldeak 'Oinak kantuz' diskoa kaleratu du, bost urteren ostean

Aikoko kideak, Oinak kantuz lanaren aurkezpenean, Bilbon. JON HERNAEZ / ARP.
Erredakzioa
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Duela bost urte argitaratu zuen Aiko taldeak Herri musika ta dantza izeneko lana. Musika eta dantza irakaslez osaturiko taldeak dantza tradizionalaren mundua ezagutarazi, irakatsi, sustatu eta herrikoitzeko asmoz abiatu zuen egitasmoa. Orain, Oinak kantuz izeneko lana argitaratu du Elkar etxearekin. Grabaketak berak, erritmoek eta abestien ordenak dantza saio bat edota erromeria bat gogorarazten dute.

CDko abesti guztiak berriak dira, baina modu tradizionalean idatziak eta interpretatuak: pasodobleak, jotak, jauziak, txotisak... Bolero, habanera eta tangoren bat ere bai tartean. Aitor Furundarenaren, Alvaro Garciaren eta Sabin Bikandiren konposizioak entzuteko ez ezik, dantzatzeko ere eginak dira; taldekideen esanetan, «dantza egitea musika entzuteko era bat da». Aikoren hainbat musika lanen izaera eta soinua kontuan hartuta, badirudi paper zaharren artean aurkituak edo kalean grabatuak direla: «Oso faltsutzaile trebeak gara», esan ohi dute erdi txantxetan taldeko kideek, euren gai asko antzinakoak, tradizionalak eta herrikoiak direlako; baina hori konplimenduzko lorea da taldearentzat.

Lehen lana atera zutenetik bigarren hau kaleratu duten artean ez da geldirik egon taldea, hainbat lan grabatu baitituzte: Kobreik! Bizkaiko gaita-dultzainari eskainitako lan monografikoa; Aurrez aurre, Claude Iruretagoienak zuzendutako Maritzuli konpainiaren izen bereko ikuskizunaren musika; Urraska, jauzi tradizional guztiak biltzen dituen liburu, CDa eta DVDa; Fasioren mendea, Bonifazio Arandia Fasio soinu jotzailearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko argitaraturiko liburu, DCa eta DVDa eta; Bikaña, dantzarako musika berria, gaita eta danborrentzako prestaturiko lana.

CDaren izenburua, Oinak kantuz, Bikandiren kopla batean oinarriturik dago. Horrek, albokaz lagunduta, taldearen lehengo diskoan zera abesten zuen: «Dantzan ez dakiena, beti dau kontetan; dantzari ona, berriz, hankakaz kantetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.