Dantzaren estetika du

Duela hamasei urte abiatutako ibilbideari segida eman dio Alos Quartet taldeak 'Garden' hirugarren diskoan.Kantatutako bi abesti dauzka

Zeberio eta Ramirez, lehen biak ezkerretik eskuinera, atzo. ARITZ LOIOLA / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2015eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Aukeran dantza konpainiak taularatutako Geltokia ikuskizunerako hainbat doinu konposatu zituen Xabier Zeberio musikariak. Eta, hain zuzen, Alos Quartet harizko taldearen hirugarren bakarkako diskoak kantu horiek dauzka oinarrian. «Ikuskizunerako sortutako lauzpabost abesti horiek diskoan sartu ditugu», jakinarazi zuen Zeberio laukoteko kideak, atzo Donostian egindako aurkezpenean. Garden lanak (No-CD Records), hortaz, dantzaren estetika jorratu du, «modu nahiko sakonean». Herrikoia zein garaikidea, eta arin-arinetik tangorako, edota fandangotik balserako tartea ibiltzen duena. «Piezek iradokitzen dute mugimendua». Alos Quartet estreinako diskoarekin (2005) ireki eta Hamar tanta bigarrengoarekin (2009) jarraitutako bideari «segida» eman diote. Bada berritasun bat, ordea. Izan ere, hamahiru abestietako bi kantatutakoak dira. Eñaut Elorrietak jarri dio ahotsa Harkaitz Canok idatzitako Bidaiari ekina-ri, eta Silvia Iriondo jatorri euskalduneko abeslari argentinarrak izkiriatu zein kantatu du Vuelve.

Nobedade hori gorabehera, Zeberiok, kantu ia guztien sortzaileak, pentsatzen du betiko ildo estetikoari eutsi diotela, eta diskoa «beste geltoki bat» dela laukotearen jardunean. «Bereizgarriak diren puntu batzuk baditu taldeak, eta melodia intimoak, sotilak eta iradokitzaileak erritmo indartsuagoekin, beste estetika bat dutenarekin, tartekatzen ditu».

Nycklelharpa, biolina, kalimba eta kontrabaxua jo ditu Zeberiok, biolina Francisco Herrerok, biola Lorena Nuñezek, eta txeloa Pello Ramirezek. Laurak dira formazio klasikoa jasotakoak, baina, Ramirezen iritziz, Herrerok eta Nuñezek gehiago sakondu dute eremu klasikoan eta antzinako musikan, eta bera eta Zeberio gehiago zentratu dira Euskal Herriko musikariekin egindako kolaborazioetan. «Nahasketa horren emaitza nahiko berezia da».

Halere, Zeberiok ez du etiketetan sinesten. «Estilo asko jorratzen ditugu, baina errespetu guztiarekin egiten baldin bada, estilo guztiak uste baino hurbilago daude elkarrengandik». Izan ere, azken hamasei urteotan laukoteak kolaboratu du, adibidez, Los Piratas pop-rock taldearekin, edo interpretatu du Claudio Monteverdi antzinako musikagilearen obra bat. «Guri berdin zaigu. Oso iragazkorrak gara».

Alos aritu izan da, besteak beste, Oskorrirekin, Kepa Junkerarekin, La Buena Vidarekin, El Hombre Burbujarekin eta Niko Etxartekin, eta 1999 eta 2004 artean biran jardun zuten Dulce Pontes musikari portugaldarrarekin

Baina laukotearen estetika instrumentu batek koloreztatzen du, eta hori, Ramirezen esanetan, Nyckelharpa da. «Gure berezitasun indartsuena instrumentu horren presentzia da. Suediakoa da, eta aurreko bi diskoetan ere pisu nabarmena zuen. Horrek baldintzatzen du estetika bat, iparraldeko herrialde horietako erritmoak-eta».

Eta Suedia aipatuta, diskoaren izenburuaren «esanahi bikoitzarekin» jolas egin dutela uste du Zeberiok. «Suediar batek hartzen badu, ez du jakingo zein esanahi duen, ez eta euskara existitzen denik ere agian». Esan izan diete Alos Quartetekoi, gainera, musika «gardena, argia» egiten dutela. «Pentsatzen genuen hamahiru kantuak izan zitezkeela irudizko lorategi bateko basaloreak».

Disko «ahalik eta ederrena» egiten ahalegindu dira, eta emaitzarekin oso gustura daude. «Gaizki dago hala esatea, baina benetan harro gaude. Batek hala sentitzen baldin badu, publikoari ere hori sentitzeko bidea ireki diezaioke». Iruditzen zaio, gainera, denboraren poderioz, elkarrekin hainbeste urtez aritzearen ondorioz, heldutasunera ailegatu direla talde moduan. «Oso ondo elkar hartzen dugu, eta uste dut nabaritzen dela. Halako formazio biluzi batean ez dago tranparik. Ia modu akustikoan jotzen dugu laurok, eta oso garrantzitsua da elkar ezagutzea, elkar ulertzea... Eta hori ez da bat-batean lortzen».

Beasaingo Pottoko estudioan grabatu zuten hirugarren lana, joan den uztailean, Fredi Pelaezen gidaritzapean, eta zenbait abestitan hainbat musikarik kolaboratu dute: Silvia Iriondok (ahotsa), Eñaut Elorrietak (gitarra eta ahotsa), Oreka Tx-k (harrizko txalaparta), Bill Cooleyk (Psalterioa), Iñigo Egiak (perkusioak), Ivan Alzatek (baxu elektrikoa) eta Iosu Salbidek (alboka). Bi kontzertu dauzkate lotuta oraingoz: hilaren 18an Gasteizko Artium museoan, eta azaroaren 6an Tolosako Topic aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.