«Hiru urte eman ditugu disko bat egiteko, eta oxala ez bada esango dudana gertatzen, baina guk hiru urtean sortutako disko bat hilabete batera jendeak jadanik ahaztu egiten du». Hain justu, egungo bizimoduaren abiada da STR taldeak kaleratu berri duen Grabitatea une batez (Baga Biga) diskoaren muinetako bat, eta Iker Villa musikariak bere taldearen disko hori bera jarri du abiada horren adibidetzat. Lehenengoz, euskara hutsez sortu eta grabatu dituzte abesti guztiak, eta, 2021ean kaleratutako Yahtoyl izeneko diskoarekin alderatuta, trap doinu malenkoniatsuagoak alde batera utzi, eta funketik zein rocketik edaten duen disko dantzagarri eta argitsua osatu dute. «Dantzarako festa bat muntatu dugu». Esaldi horrekin laburbildu du Danae Riañok diskoaren sakoneko asmoa.
Sei kanta biltzen ditu diskoak guztira, eta ordu erdi inguru irauten du. Maiz errepikatu dute diskoa «laburra» dela, horregatik. Azaldu dutenez, ordea, «geldialdi bat» proposatu nahi izan dute harekin. Betiere, eurak ere presak janda bizi direla onartuta. Erlojuaren kontra aritu delako taldea ere, zenbaitetan. Onartu dutenez, esaterako, diskoa entregatzeko ordu gutxi falta zirela lortu zuten diskoko kantetako bat amaitzea.
Riañok esan duenez, kanta batzuk ere geratu zaizkie bidean. Ez gustuko ez zituztelako, ordea, baizik eta denbora faltagatik. Azaldu dutenez, gehien-gehienetan, STR taldearen kantek bide luzea egin behar izaten baitute lehen akordetik disko bilakatu arte.
Prozesu luzeak
Taldeak berak ekoitzi, grabatu, nahastu eta masterizatu du lana. Xabi Bengoak azaldu duenez, prozesu horiek maiz «luzeak» izaten dira, eta abestiak eraldatuz joaten dira. «Saiatu gara gauza minimalistak egiten, baina ez dugu lortzen inoiz. Eraldaketa asko pasatzen dituzte abestiek, eta elementuak txertatzen zaizkie».
Ritxi Aizpuru diskoetxeko kidearen hitzetan, «pop teknifikatua» egiten du STRk. Taldeak rock formazio klasikoa izan arren, nagusiki elektronikoa delako emaitza, eta, besteak beste, pop, funk, dance, future bass, hyperpop, rock eta drum’n’bass estiloen artean dabilelako joan-etorrian. Eta baietz Riañok, guztiak duela tokia euren kantetan. Edo izan dezakeela, behintzat. «Ona den guztiak», zehaztu du musikariak.
«Gaur egun, adibidez, 'mainstream' musikan ez da hainbeste zaintzen kantak sortzearen artisautza hori, denbora eskaintzea»IKER VILLAMusikaria
«Gu kontziente gara askotan egin ditugula kanta batzuk, igual, 'mainstream'-etik hurbilago daudenak». Azalpena hasi, eta zalantza egin du Villak. Segundo bateko isiltasuna, eta —«tira, bai, bustiko naiz»— jarraitu du gero, ordea. «Uste dut gaur egun, adibidez, 'mainstream' musikan ez dela hainbeste zaintzen kantak sortzearen artisautza hori, denbora eskaintzea. Ez bakarrik pentsatzea jendea dantzan jarri nahi duzula, eta pun-ta, pun-ta, pun-ta hastea. Guk entzuten eta dantzatzen ditugu pilo bat horrelakoak ere, baina guk melodia bilatzen dugu beti. Guretzat kantu batean zera da garrantzitsuena, melodia original, potente eta itsaskor bat izatea. Azkenean, melodiak janzten ditu kantak».
Iker Villak, Aritz Mendiolak, Xabier Bengoak, Oihan Morenok eta Lander Campos musikariek sortu zuten taldea, baina euren lehen diskoa kaleratu eta berehala batu zitzaien Danae Riaño abeslari eta baxu jotzailea, eta Mendiolak taldea utzi zuen. Bateria, baxua, teklatuak eta gitarrak jotzen dituzte zuzenean, baina, zehaztu dutenez, azkenaldian, kanta batzuetan instrumentu batzuk eta beste batzuetan beste batzuk jotzen dituzte musikariek, eta, beraz, lausotuta daude funtzioak orain. Villa: «Galdu dugu STRk zuen formazio hori. Lehen gehiago errespetatzen ziren figurak, baina orain lausotuago dago».
«Beti izan gara zuzeneko talde bat», adierazi du Villak. Horregatik, diskorako egindako lanketa «barrokoak» zuzeneko formatura egokitzeko lanetan dabil orain taldea. Iragarri dutenez, ordea, ez dute detaile gehiegi sakrifikatzeko asmorik. «Gailuekin probak egiten ibiltzen gara». Otsailean hasiko dute aurkezpen bira.