Dantzan dabiltzan egitarauak

Pandemiagatik erakunde publikoak hartzen ari diren neurriek aldiro aldarazi dituzte kultur ekitaldiak egiteko baldintzak. Programatzaile eta sortzaileak unean-uneko egoerara egokitzeko lanetan ari dira.

Ama Kuraia antzezlaneko aktoreek hainbat hilabetez itxaron behar izan zuten Bilboko Arriaga antzokian obra estreinatu ahal izateko. E. MORENO ESQUIBEL.
Ainhoa Sarasola.
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zalantza da kultur ekitaldien protagonista nagusia. Egunotan, kontzertu, antzezlan, erakusketa, hitzaldi edo dantza emanaldi batera joan nahi duenak ez du nahikoa egitaraua begiratzearekin. Osasun krisia dela eta, unean-unean indarrean sartzen diren neurrien gainean ere egon beharra du zaleak aspaldian, pandemiaren bilakaera bezala aldiro aldatzen baitira neurriok, eta emanaldietarako baldintzak ere bai. Hori guztia aldaketa ugari eragiten ari da egitarauetan, eta sortzaileak zein programatzaileak egoera berri bakoitzera egokitu nahian dabiltza. Aurrerapen handiz antolatutako saioak atzeratu behar izan dituzte, edo araudi berrira egokitzeko moldaketak egin bestela, arauak aldatu ahala. Ezin jakin, gainera, gaurko moldaketek bihar balioko ote duten.

Izarok Donostian eman dituen azken kontzertuek balio dute adibide gisa. «Erresistentzia ariketa ona izan da, azkenean ondo amaitu dena, une batzuetan zalantza izan bagenuen ere», adierazi du Iker Goikoetxeak, Kursaaleko zuzendari kudeatzaileak. Abeslaria bi emanaldi egitekoa zen martxoan Kursaalean, baina, osasun krisiagatik, maiatzera atzeratu behar izan zituzten lehenik, eta udazkenera gero. Aretoetan edukiera murriztu zela eta, bi egin beharrean lau kontzertu egitea pentsatu zuten, eta, azken neurriekin are gehiago murriztu zela eta, sei izan ziren azkenean. Baina aldaketa gehiago ere heldu ziren: bestean beste, etxeratze agindua eta joan-etorriak mugatzea. Hala, ordutegiak berriz ere aldatu behar izan zituzten, eta sarreren salmentan ere sortu zen gorabeherarik, hiritik kanpoko herritarrak ezingo zirelako joan azkenean —mugakide diren udalerrietakoak, sarrera izanik, beste herri bateko kultur ekitaldietara joan ahal izango direla zehaztu du Eusko Jaurlaritzak azkenean—. Horiek horrela, hainbat zalek azkenerako hirutan erosi behar izan zituzten kontzerturako sarrerak. «Dena egokitu zaie Izaroren kontzertuei: martxotik honako eboluzio guztia jasan dute, eta denetarik izan dugu», laburbildu du Goikoetxeak.

Baina, aldaketak aldaketa, guztiek «malgutasunez» jokatu zuten, eta dena ongi amaitu zen, nabarmendu duenez. «Entzuleen erantzuna oso ona izan da, eta horrek ere animatu gaitu, egoera honetan zaila baita aurrera egitea». Sei emanaldi egitea erabaki zutenean, saldutako sarrera guztiak bertan behera utzi, eta berriz jarri zuten martxan salmenta: bi orduan 2.400 saltzera iritsi izanak adorea eman zien. «Hau adibidetzat hartuta ari gara orain lanean ahalik eta emanaldi gehien salbatu eta kultur eskaintzari eustearren; hori da gure zeregina. Ez dugu lortuko dena aurrera ateratzea, baina horretan gabiltza». Ez du ezkutatzen, halere, testuingurua ez dela erraza eta, «nahi eta nahi ez»,murriztu egingo zaiela udazken-neguetako eskaintza.

Kursaaleko oholtzara igo diren edo igoko diren guztiek moldatu behar izan dute momentuko egoerara. Euskadiko Orkestrak, esaterako, programa bakoitzeko bi emanalditan banatu ohi zituen bertan abonatuak osasun krisiaren aurretik, baina, edukiera murrizketengatik, lau saio egitea erabaki zuen. Wagnerren kontzertu programa aurkezten dabil egunotan, eta, are gehiago murriztu denez eserleku kopurua, azkenean sei saio egingo ditu Kursaalean. Jaurlaritzaren azken neurriek ez dute eraginik izango Gasteizko bi kontzertuetan eta Bilboko bietan, ezta ordutegietan ere. Baina bestela gertatuko da Iruñeko saioetan: Nafarroako Gobernuak ehun laguneko gehieneko muga ezarri du; hala, 1.200 bazkideei lekurik egin ezinda, bertan behera utzizituzten atzo Baluarten egitekoak ziren bi kontzertuak. «Ziurgabetasun egoera honetan, eta denboraldi osoan zer murrizketa izango diren ezin jakin denez, Euskadiko Orkestrak programaz programa hartuko ditu erabakiak, eta hala jakinaraziko dizkie abonatuei», azaldu du orkestrak.

Estreinatzea bera, «oparia»

Programatzaileei bakarrik ez: artistei ere nahikoa buruhauste ematen ari zaie neurrien dantza, eta lehendik erraza ez zen egoera are gehiago korapilatu zaie hainbati. Izarok bezala, Maria Goirizelaiak ere badaki zerbait horretaz. Antzerki zuzendaria iragan martxoan zen Ama Kuraia obra estreinatzekoa Bilboko Arriaga antzokian; itxialdiarekin, ordea, bertan behera geratu zen asmoa. Udazkenerako programatu zuten berriro ere Bertolt Brechten jatorrizko obra oinarri duen antzezlanaren estreinaldia: urriaren 22tik 24ra euskaraz, eta urriaren 29tik azaroaren 1era gaztelaniaz. Baina berriro aldatu zen araudia, eta berriro moldatu behar izan zuten baldintza berrietara.

«Protokoloei dagozkien aldaketak ez ezik, maila artistikokoak egin behar izan ditugu», azaldu du Goirizelaiak. «Udan erabaki genuen udazkenean talde osoarekin lana estreinatuko genuela, eta horrek aldaketa asko egin beharra ekarri zuen, aktoreen agendak bateratzetik hasita, askok zituztelako mugitzen hasiak ziren beste proiektu batzuk ere. Tetris erraldoi bat bezala izan da denak entseguetan eta emanaldietan egon ahal izateko antolatzea».

Maila artistikoan ere utzi zuen galerarik egoerak; «handienetakoa», zuzendariarentzat, Bilboko Euskeria abesbatzak antzokiko oholtzan ezin egon izatea. «Parte hartze berezia zuen ikuskizunean, baina, protokoloagatik, erabaki zen ez zela bideragarria, ezin genuela beste 25 gazterekin elkartu, hamahiru aktore, teknikariak eta beste izanda taldean. Hori izan da egin behar izan ditugun moldaketa nagusietako bat». Ikus-entzunezkoetan agertu ziren abesbatzako kideak obran, eta besaulki patiotik ere kantatu zuten, maskara jantzita. «Oso hunkigarria izan zen, eta behintzat parte hartzeko modua izan zuten». Entseguetan maskara jarrita jardun zuten aktoreek, eta hala aritu ziren emanaldietan besaulki patioan ziren tarteetan ere.

Mugikortasunari lotutako neurriek ere eragin zioten estreinaldiari. Goirizelaia: «Pena izan zen, adibidez, mugakide ez diren herrietan bizi diren senideak ezin izan zirela etorri obra ikustera. Baina, aldi berean, polita izan zen ikustea sarrera izanda etorri ezin ziren hainbatek, itzuli beharrean, beste norbaiti oparitu ziotela, haiek etor zitezen eta antzokia ez zedin hutsik geratu. Eskertzeko keinua da kulturari eusteari begira». Lantaldeak dena eman duela ere goraipatu du, eta ezohiko estreinaldia izan duela aitortuta ere, obra estreinatu ahal izatea bera «opari bat» izan dela dio.

Gerta baitzitekeen aurrera ezin egitea ere. OLBEk, adibidez, etsi egin behar izan du hainbat emanaldi egiteko asmoan. Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak urriaren erdialdera aurkeztu zuen 69. denboraldiko programazioa, baina hurrengo egunean bertan jakinarazi zituen Jaurlaritzak neurri berriak, eta, muga-mugan ibiliko zirela ikusita, saioak hasi ere egin gabe bertan behera uztea iragartzeko puntuan izan zen. Aurrera egitea erabaki zuten, ordea, Gioachino Rossiniren Il turco in Italia operaren bertsio laburtu bat eta hiru saio bikoitz antolatuta.

Hilaren 21erako iragarritako Alzira operaren estreinaldia, ordea, atzeratu egin behar izan duela jakinarazi zuen atzo elkarteak. Opera horrek eman behar zion amaiera denboraldi honetan elkartearen Tutto Verdi proiektuari. Instituzioek pandemia kontrolatzeko ezarritako mugikortasun murrizketak eta «edukiera muga zorrotzak» jarri ditu atzerapenaren arrazoitzat, horien ondorioz bazkideen erdiek baino gehiagok eta zaleek ezinezkoa dutelako saioetara joatea. Obra aurrerago programatu ahal izateko, orain elkartea hizketan ari da parte hartzaile guztiekin. Atzo gaineratu zuenez, «egoerak bide ematen badu», urtarrilean ekin nahiko lioke OLBEk berriro denboraldiari, Camille Saint-Saensen Samson et Dalila taularatuta.

Epe laburrerako planak

Herritarrak etxean konfinaturik daude Ipar Euskal Herrian, eta zinema gela, antzoki eta bestelako kultur areto guztiak, itxita. Beraz, ez da zaila irudikatzea zertan geratu diren aspaldi prestatutako egitarau askotarikoak. Nafarroan bestelako neurriak daude indarrean, baina horiek ere baldintzatzen ari dira kultur programazioak. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroarena, adibidez. «Lehen, A plana, B plana, D plana-eta egiten genituen, uste onenetik okerrenera. Orain ja ez ditugu hainbeste egiten, azken plana besterik ez; egoera okerrenean pentsatu, eta hori da programatzen duguna», azaldu du Oskia Ugartek, zentroko zuzendaritzako kideak. «Guk zera egin dugu, ikusi zer egin dezakegun orain eta hemen».

Espazio zabala izanik, edukiera mugek ez diete bereziki eragin. Eta publikoa hurbiletik joan ohi denez, joan-etorrien mugek ere ez. Baina horietara moldatu behar izan dute jarduna, halere, eta ekarri dute ondoriorik. Programazioa lantzean bereziki, Ugarteren hitzetan. «Programatzeko modua asko aldatu da; orain epe laburrera pentsatzen dugu, zeren bestela egun osoa pasatzen baituzu programatzen, desprogramatzen, atzeratzen, deitzen... eta horrek lan bikoitza ematen du. Nik uste dut kultura kudeatzeko lana, lan egiteko modua, guztiz prekarizatzen ari dela, orain epeak oso-oso murritzak direlako». Lehen, lau hilabeterako agenda izaten zuten, azaldu duenez, eta orain bi hilabeterakoa, zaila baita epe luzeagora ezer iragartzea. Formatu berrietara egokitzeko lana ere aipatu du, beren burua prestatu behar izan baitute zenbait ekitaldi streaming bidez emateko.

Programazioan hiru lerro lantzen ditu zentroak. Prestakuntzari eta hezkuntzari dagokion ildoan, jarduerak aurrera eramaten ari dira oraintxe, osasun neurriak eta edukierak kontrolatuz posible baita. Bestetik, artisten egonaldi eta laguntzen ildoan ere —zentroarentzat bereziki garrantzitsua dena— aurrera egitea lortu dute, banaka edo binaka aritzen baitira normalean. Hirugarren hankan izan dute arazo gehien, programazio irekian. «Gauza asko utzi behar izan ditugu bertan behera, eta, bestela, saiatu gara bestela egiten, streaming-ez, adibidez, baina ez da formatu erraza; gauza batzuekin ongi funtzionatzen du, baina beste batzuekin ez». Jendearen parte hartzea eskatzen duten jarduerak izan dira, bereziki, bazter utzi behar izan dituztenak.

Litekeena da asteotan neurriak berriro aldatzea, eta kultur programazioek dantzan segitzea horrenbestez. Koreografia berriak asmatu beharko dituzte berriz ere sortzaile eta programatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.