Euskal koreografo gazteek «gero eta proposamen berritzaileagoak» aurkezten dituzte Dantzan Bilaka egitasmoan, Natalia Mongek azaldu duenez. «Eta aniztasun horretan oinarritzen da euskal dantzarien komunitatearen balioa». Orotara, 17 proiektu aurkeztu zituzten iaz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren deialdi horretara, eta bederatzi hautatu dituzte, ekoizteko eta erakusteko prozesuan laguntzeko. «Ikerketa sustatzeko eta sortze prozesuan laguntzeko» egitasmoa dela nabarmendu du Mongek. Eta horregatik ageri direla «askotariko ildoak» aurkeztuko dituzten lanetan. «Batzuk, adibidez, prozesuan daude oraindik, amaitu gabe».
Carla Fernandezena da ikerketa fasean dagoen lana. Zientzia fikziozko trilogia baten bigarren pieza aurkeztuko du Bilbon finkaturiko koreografo mexikarrak: Gu-nosotros los héroes. Balizko giza bilakaeraren utopia batean oinarritzen da Fernandezen lana.
Estibaliz Olabarrik, bestalde, Play Stands Still pieza erakutsikodu. Denbora ulertzeko, harrapatzeko eta beste zerbait bihurtzeko nahi eta ezinetik sortzen den obra da. Gorputza hartuko du ardatz horretarako, eta ikus-entzunezkoekin lotu.
Eneko Balerdik uraren egoerez eta ziklo horretan sortzen diren tentsioez gogoeta egingo du L'akua obran. Dantza klasikoan jatorri duten puntako zapatilen mugimenduen aukerak aztertu ditu, inprobisaziotik harantzago egiten duen hizkuntza bat lortzeko.
Eta Marianela Leon Ruizek Tela para falda y no oso en la orilla ekoitzi du Dantzan Bilaka-ren bidez Jaurlaritzak emandako laguntzarekin. Tao Yuanmingek bizimodu xumearen inguruan idatziriko olerkiak izan ditu inspirazio iturri horretarako. Nagore Somozak, berriz, Sasi eta hodeien artean ondu du, Mari, Basajaun, Herensuge eta antzeko pertsonaia mitologikoak sortzen dituen gizartearen ezaugarrien inguruan gogoeta eginez.
Halaber, Oiane Lopez de Munainek Nahual emango du, gauez animalia eta egunez emakume den Maddi izeneko pertsonaia ardatz harturik. Eta Iker Arruek aikidoan oin hartu du Verfallen sortzeko. Eneko Gilek eta Noemi Vianak idazle baten bidaia azaldu dute,Tempus I lanean. Eta David Guerrak etxeko mahaiei lotutako bizipenen mundu sinbolikoa landu du, TR3S X TR3S piezan.
Dantzan Bilaka-k koreografo gazteen ikuspegi aniztasuna indartuko du
Jaurlaritzak ekoitzitako piezak estreinatuko dituzte Eneko Balerdi, Nagore Somoza eta Iker Arruek, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu