Dantzagarria bai, «baina jarrera batekin»

Anai-arrebak taldeak aurreneko diskoa kaleratu du, eta horretan elektronika rockarekin nahastu

Igor Susaeta.
2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Iñaki Altolagirre Matxet-ek (Pasai Donibane, 1977) «aspalditik» zeukan «horrelako zerbait» egiteko gogoa. Jousilouli eta Naiz Roxa bortitz zein zaratatsuekin hamabost urtez «oihuka» ibili ondoren, musika «suabeagoa» egiteko asmoa zuen. Eta hark aipatutako zerbait hori Anai-arrebak taldean gorpuztu da: elektronika rockarekin nahastuta, «baina ausardiaz» egindakoa. Haiena «ondo pasatzeko» musika da, eta «dantzagarria ere bai», Matxeten esanetan. «Baina jarrera batekin». Matxet bera, Margarita haren arreba (ahotsa), Etxarri kapitaina (gitarra) eta Manulay Kulkin (sintetizatzaileak eta ahotsa) anaiak eta The Commander (bateria) dira Anai-arrebak, eta joan den udazkenean atera zuten lehen diskoa, euren kabuz. Bost abesti dira, eta orotara ez da hamalau minutura iristen lanaren iraupena.

Ez diote, ordea, horri erreparatu. Matxetek eta haren arrebak (Trigger Traviseko ahotsa) betidanik izan dute «elkarrekin» zerbait egiteko nahia. «Naiz Roxarekin bete-betean genbiltzan, eta atseden bat hartu nahi nuen. Beraz, orain urte eta erdi-edo hasi ginen hau serioski hartzen». Lehenago, ordea, bazeuzkan egitasmo berrirako abesti batzuk eginak. Musika suabeagoa zeukan gogoan. «Baina Jousiloulirekin transmititzen genuen gauza bera transmititu nahi genuen», azaldu du. Halere, «musika gogorrarekin», beharbada, errazagoa izan daitekeela iruditzen zaio: «Atzealdean horma baten moduko zerbait duzu, soinu bat, agian, bultzatu egiten zaituena». Baina transmisio hori lortzeko ahaleginean, «aurreko jarrerari» eutsi nahi zioten. Eta Anai-arrebak taldeari forma ematen hasi zirenean, soinua oso ezberdina izanagatik, Matxetek uste du bazuela Jousilouliren eragina. «Musikalki igual ez, baina arrebarekin hitz egin izan dut, eta hartzen diogu ukitu bat. Ez dakit show-agatik den, edo zergatik, baina badu Jousiloulitik zerbait».

Jousilouliren soinua astuna zen, pisu handikoa; Anai-arrebak-ek, aldiz, gitarra zorrotzak eta erritmo jostagarriak baliatzen ditu. Halakoak ez dira oso ohikoak Euskal Herrian; are gutxiago euskaraz. «Dena den, ez gara joan hori bilatzera. Ez dakit, bakoitzak bere izaera dauka, gauzak egiteko bere modua», aitortu du Matxetek, eta erantzunean sakondu: «Ez dakit, gaur egun modan dago indiean edo, musika elektronikoa lantzen duen adar bat, baina ez dakit. Halako talde batzuk asko gustatzen zaizkigu, baina gehienekin zerikusirik ez daukagu». Ez daki nola adierazi: «Gurea... popa baino gehiago rocka da. Azkenean, uste dut nabaritzen zaigula nondik gatozen, zer egin dugun».

Giro ilunak «argiagoekin» uztartu dituzte, beraz: «Elektronika, sanplerrak, teklatuak eta beste, gitarra garajeroekin. Esango nuke abestiek bietatik dutela». Hitzak, berriz, dezenteko umorez egindakoak, gauzei garrantzia kentzeko ahaleginean bezala ondutakoak: «Alaiak edo... Ni naiz taldeko zaharrena, eta tira. Urteak bete ahala metafora gehiago erabiltzen ditut, eta hitzak irekiagoak dira. Bakoitzak egin dezala bere interpretazioa». Eta estetika, berriz, «landutakoa», pentsatutakoa. «Esan daiteke festarako bezala janzten garela. Horrekin adierazi nahi dugu ondo pasatu nahi dugula, dantzatzeko gogoa daukagula». 45 bat minutukoak dira kontzertuak, eta disko berrirako —udaren ondoren aterako dute ziurrenik— prestatuta dauzkaten abestiak baliatzen dituzte horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.