PRIMAL SCREAM
'Come Ahead'
Diskoetxea: BMG.
Primal Scream eskoziarrek indie-pop-rockaren mendikate malkartsuaren tontorra zapaldu zuten 1991n plazaratutako Screamadelica lan laudatuarekin, zeinetan rock-and-rollarekiko grina nerabea eta dantzarako kluben kultura hedonista uztartu zituzten. Formula arrakastatsu hori labur-labur azaldu daiteke: Rolling Stonesen Exile on Main Street berrinterpretatu zuten MDMAn blaituta, eta belaunaldi baten soinu banda izatea lortu zuten. Harrezkeroztik, bi hautu horietan aritu dira: batzuetan fin; beste batzuetan, aldiz, trakets.
Come Ahead honetan, baina —azken zortzi urteetan plazaratu duten lan bakarra da—, taldeak bere alderik beltzenaren alde egin du, diskoa funk erritmo dantzagarriz eta soul esentziaz betetzeko asmoz. Grabazioan jasotako kantuak Bobbie Gillespie abeslari eta liderrak idatzi ditu; beraz, bakarkako lana ere izan zitekeen, azaletik hasita, non konpositorearen aita agertzen den, gazte eta rockzale. Bobbie kontzientzia politiko handiko familia batean jaiotakoa da; gurasoen etxean, besteak beste, Black Power Party-ko afixak zituzten horman itsatsita, 2021ean plazaratutako Tenement Kid autobiografian azaltzen duenez. Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren harira, lehenengoen aldeko jarrera aktiboa agertzen ari da taldea egun. Bada, atmosfera kritiko eta politiko hori oso nabarmena da disko osoan.
Grabazioan jasotako doinuok etxean idatzi zituen Bobbiek, gitarra akustikoaren laguntzaz, eta azken boladan funk eta soul asko entzuten ari omen denez, diskoa belztasun dantzagarriz estalia dator. Gillespiek sofan sortutako zirriborro akustiko horiek janzteaz David Holmes ekoizlea arduratu da, eta emaitza aparta da, batez ere doinu beltzenak jotzen dituztenean, hala nola diskoa zabaltzen duten Ready to Go Home eta Love Insurrection kantuetan, zeintzuetan baxu kolpeek, gospel kutsuko koruek eta hari konponketek ore sendoa osatzen duten. Gauza bera gertatzen da Love Ain´t Enough afroan ere, zeinetan emakumezkoen ahotsek eta perkusioek sakontasuna ematen dioten kantuari, baxuaren zirimolek, haizeek eta elektronikak enkantua bultzatzen duten bitartean. Innocent Money ere disco eta soul kutsuko kantu bizia da, ahotsekin eta hariekin jantzia, zeinak diskoteketako lurzorua arrakalatzeko abilezia eta ahalmena erakusten dituen.
Haatik, kantuak eremu pop-rockzaleagoetatik azaleratzen direnean, diskoak behera egiten du, gehienbat baladetarako joera agertzen duten doinuen kadentziagatik, zeintzuetan Bobbie, ahalegindu izanagatik ere, erdibidean gelditzen den. Horren erakusgarri Melancholy Man: saxoaren eta gitarra elektrikoaren ekarpena antzua da, eta giro ahul horretan, hariek ere ez dute askorik laguntzen. Nick Caveren lurraldeetara gerturatzeko alferrikako esfortzua ematen du. False Flags pop balada bada ere, Gillespiek brotxakada lisergikoekin koloreztatu du kantua, eta, ondorioz, aise aireratzen da.
Horiek horrela, batasun aldetik obra hankamotz badabil ere, asko gozatu dut Primal Screamen eginahal berriarekin, taldeak dantzaleku politiko bat eraiki baitu, Gillespiek eta Holmesek estudioan diseinatutako estalki beltza tarteko.