Frantzia, Italia, Espainia eta Euskal Herriko hamahiru proiektu aurkeztu ziren Donostia 2016k babesten duen Aterpean programara. Eta bi izan dira hautaturiko dantza konpainiak: Getxoko Organik eta Hendaiako Rouge Elea. Dantza Hirian mugaz haraindiko jaialdiak sortutakoa da Aterpean programa. Organik eta Rouge Elea konpainien egonaldiak hartuko ditu uztailean eta abuztuan, eta, ondoren, irailean, kalean ezagutaraziko dira bi konpainiek sortutako dantza obra berriak. Maiatzean zabaldu zen artista egonaldi-programaren hamargarren deialdia, gaur egungo dantza ikuskizunaren sormena, ikerketa eta zabalkundea sustatzeko eta publiko desberdinak sorkuntza-prozesura hurbiltzeko helburuarekin.
Antolatzaileek azaldu dutenez, proiektuak hautatzeko orduan arreta berezia jarri dute Akitaniatik eta Euskal Herritik bidalitako proposamenetan, eta, batez ere, euskal kultura, historia, hizkuntza eta abarrak koreografiarekin harremanetan jartzen zituzten ala ez aztertu zuten. «Aukeraketarako beste irizpide garrantzitsu bat izan zen lengoaia koreografiko garaikide baten bidez kultura horren elementuak kultura bera berrinterpretatzeko eta barneratzeko erabilita zeudela bermatzea».
Obra bana prestatuko dute
Bi konpainia hautatuek hamahiruna urteko ibilbide eta eskarmentua dute. Irrintzi lanarekin, Organik konpainiako Natalia Monge koreografoak hain ezaguna den euskal oihuaribeste interpretazio bat eman dio lengoaia koreografikoaren bidez. «Ikerketa txiki bat egiten ari gara, irrintziak zein funtzio eta ezaugarri izan dituen ikusteko. Orain, Euskal Herriko hegoaldean ari gara galdezka, eta, egonaldia Miarritzen egiten dugunean, gauza bera egingo dugu iparraldean». Organiken zuzendari eta sortzailea da Natalia Monge. Heziketa Fisikoan lizentziaduna da, eta gradua dauka konposizio koreografikoan, Amsterdamgo School of New Dance Developmenten egindakoa.Organik 2002an sortu zuen, helburu argi batekin: «Dantza garaikidearen joera berriak ikertzea eta beste arte batzuekin uztartzea». Getxon du egoitza konpainiak, eta Tellagorri B, Tú o yo, Lilas, Malditas, Carneros edo Txapeldun gisako obrak estreinatu ditu orain arte. Organikek Aterpean programak bere berea duen mugaz haraindiko ideologiaren oinarriak ere landuko ditu; izan ere, Natalia Mongez gain, Helena Golab dantzari eta koreografo poloniarrak eta Laurentx Etxemendi musikari baionarrak parte hartuko dute obra horren eraikuntzan eta erakustaldian. Musika elektronikoaz girotuko du emanaldia Etxemendik, «eta, gainera, saxofoia ere joko du zuzenean», Mongek azaldu duenez.
Hendaiako Rouge Elea konpainia 2003an sortu zuen Corine Cellak. Konpainiak dantza eta aireko zirkua uztartzen ditu, objektuek eta irudiek musikarekin nahastean ager dezaketen poetika landuz, batez ere. Konpainiak askotariko forma artistikoak ikertzen ditu, mundua eta gizakia bere osotasunean zalantzan jartzeko helburuarekin. Bleu lanean, landako eta itsasoko bizitzaren eta hirikoaren arteko kontrasteak landuko ditu, «birraitonaren memoria baliatuz». Heriotza eta bizitzaren arteko harremana ere arakatuko du lan horretan, betiere aurrera begiratu eta egiteko xedearekin. Corine Cellak Pina Bauschen esana ekarri nahi du gogora Bleu obrarekin: «Dantzatu, dantzatu, bestela hondamenera baikoaz».
Rouge Eleak uztailaren 13tik 17ra (Hendaiako Mendi Zolanen) eta abuztuaren 24tik 28ra (Donostiako Egiako kultur etxean) egingo ditu egonaldiak; eta Organik konpainiak, berriz, uztailaren 27tik 31ra (Errenteriako Dantzagunean) eta abuztuaren 24tik 28ra (Miarritzeko CCN Malandain Balleten egoitzan).
Ondoren, bi obrak irailaren 17tik 28ra bitartean eskainiko dira Dantza Hirian jaialdian. Jaialdi horrek Donostia, Irun, Errenteria, Pasaia, Hondarribia, Azkaine, Donibane Lohizune eta Baiona hartuko ditu. Irailaren 20an, Donostian eskainiko dituzte, eta, irailaren 26an, Baionan.
Dantza, irrintzi eta zirku
Organik Getxoko konpainia eta Rouge Elea Hendaiakoa dira Aterpean programan hautatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu