Konpainia ospetsuak zein hasiberriak ikusi ahal izango dira jaialdian, eta denen artean "munduari buruz hitz egiteko modu bat" osatuko dute, Eloixa Ospital jaialdiko komunikazio arduradunak azaldu duen bezala; Euskal Herriko, Frantziako, Argentinako, Portugalgo eta Erresumo Batuko artistek hartuko dute parte jaialdian. Hamar egunez munduari buruz hitz egingo du jaialdiak, eta egun horietako bakoitzean ikuskizun asko egongo direla adierazi du Ospitalek; antzokitan, plazetan, lorategietan eta hondartzan finkatutako hitzorduen bitartez publikoa eta dantza lotuko ditu jaialdiak. Thierry Malandain jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan, elkarrekin dantzatzea da helburu nagusia 26. aldian.
Jaialdia hasi aurretik, irailaren 8an, Comme ils respirent dokumentala proiektatutako dute Le Royal zineman, 20:30ean, eta jada ikusgai dago Danse, l'absolu délicat argazki erakusketa Sainte Eugenie elizako kriptan, eta jaialdia amaitu arte egongo da irekita. Irailaren 9an izango da Hofesh Shechter's Barbarians izeneko lehenengo emanaldia, Gare du Midi aretoan, eta areto horretan, Koliseoan eta Kasinoan izango dira ordaineko emanaldiak jaialdiko hurrengo egunetan. Bai Malandainek eta bai Ospitalek Marseillako Ballet Nazionalak eskainiko duen ikuskizuna azpimarratu dute: "Le corps du ballet-ek balleta barrutik ezagutzeko aukera ematen du", Ospitalen arabera. Balletaz gain, hip hop eta flamenco dantza emanaldiak ere ikusi ahal izango dira. Dantzaz konpainia ere, adibidez, Kasinoan izango da, eta Koliseoan, aldiz, dantza "arinagoak" eskainiko dituztela adierazi du Malandainek.
Ospitalentzat oso garrantzitsua da jendea jaialdira hurbildu ahal izatea, eta, horregatik, bonu eta deskontu ugari jartzen dituzte publikoaren esku. Horrez gain, doan egiten diren hainbat ikuskizun sartzen dira programazioaren barruan; Zarena Zarelako konpainiak eta Kepa Agirre eta Zam Ebalek sortutako dantza emanaldiak, esaterako. Halaber, ordaineko ikuskizun batzuen errepikapenak egiten dituzte lorategi publikoan.