Bihar hasi eta igandera arte egingo dute Ipuruan jaialdia, Saran (Lapurdi). Jaialdiak Usopop izena izan zuen hamar urtez, hura antolatzen duen Usopop elkartearen izenetik abiatuta. Gerora, Mapa Galduak ere egin zuten pare bat urtez, eta, aurtengo, Ipuruan izendatzea erabaki dute. Asteburu osoan makina bat jarduera egingo dituzte, lekua eginez musikari eta aurten, bereziki, dantzari. Hainbat dantza mota ikusteko aukera izango dute jaialdira joango direnek. Eta Maialen Lujanbio bertsolariaren «poesia panfleto» bat oinarrian dutela dantzatuko dira emanaldietako batean: (j)auziak: lurrarenak pieza oinarrian, zehazki. Lujanbiok orain bi urte sortu zuen pieza hori, RR emanaldi hibridorako, baina moldatu egin dute orain, «dantza ekintza» baten parte bihur dadin Ipuruan festibalean. Larunbatean estreinatuko dute hori.
Jaialdiaren antolatzaileek zabaldutako oharrean aipatu dutenez, mutxikoen urratsetan eta urrats izenetan oinarrituta dago konposizioa, eta «garaiko auziez aritzeko berrinterpretatu» dute. Testua Lujanbiorena da, eta Gaizka Sarasolak eta Xabier Erkiziak bilakatu dituzte hitzok soinu pieza. Sarasolak txirula eta ttunttuna jo ditu, eta, gainera, mutxikoen urrats markak ahots goran esan. Erkizia, aldiz, soinuaren grabaketaz eta edizioaz arduratu da. Bestalde, Bilaka kolektiboak egokitu ditu dantzak ikuskizunerako.
Jendea animatzeko, jaialdiaren antolatzaileek lagin txiki bat argitaratu dute —soinu piezaren osagarria da—. Bideoan Lujanbioren ahotsa entzuten da, Sarasolaren doinuekin eta pausoen izenekin batera, eta jendea oinez ikusten da bitartean.