Manuela Carretta dantzaria Mikel Laboaren Baga, biga, higa kantuan oinarrituta dantzan erakusten duen bideoa aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak, Irati Gorostidik zuzendua eta haren aitak, Juan Gorostidi idazle eta ikerlariak, ekoitzia. Carretta Laboaren piezak dantzatzen erakusten dituen bideo sail bateko hirugarrena da Baga, biga, higa. Lehen bideoa Fiorenzo Zancanen produkzio bat izan zen, Laboaren Orreaga kantuan oinarritua; bigarrena —Gernika Lemoizen izenburua duena— Irati Gorostidik zuzendu zuen, Laboaren Gernika kantuan oinarrituta. Hiru kasuotan, Carretta bera izan da koreografien sortzailea ere. Bideootako Laboaren hiru kantuak lekeitioak dira, Laboaren alderdi esperimental eta berritzaileenari dagozkionak.
Juan Gorostidik Manuela Carretta italiar dantzari flamenkoarekin duen adiskidetasuna dago Laboaren hiru lekeitiotan oinarrituta egindako hiru bideoen jatorrian. Carretta Donostiara etorri zen batean, kanpoko beste jende askori egin ohi dion bezala, Mikel Laboa entzunarazi zion Juan Gorostidik, beste erreferentziarik eman gabe, kantariaz ezer jakinarazi gabe. Carrettarentzat «kolpe bat» izan zen entzundakoa, eta hortik abiatuta Laboari buruzko ikerketa lan bat abiatu zuen, Haika mutil kantuan oinarritutako bi interpretaziorekin hasita. Umeekin ere erabili izan du harrezkero Carrettak Laboaren musika, «inongo erreferentziarik gabeko giro batean beti», eta emaitzarekin oso gustura geratu da. «Indar bat dagoenean, mezu artistiko bat dagoenean, hori unibertsala dela erakusten du horrek», Juan Gorostidiren ustez.
«Lehen nuen inpresioa da, eta orain baieztatu egin dut guk Laboaren obra oso hurbil daukagula», azaldu du Juan Gorostidik. «Obra eta pertsona erabat nahastuak ditugu, eta horrek ez digu laguntzen perspektiba bat izaten,Laboaren obran zer kategoria eta zer maila dauden bereizten».
Laboaren sorkuntzan bi aro nagusi bereizten ditu Juan Gorostidik, eta horien arteko lehena, Ez dok Amairuren hasieratik 1980ra bitartekoa, «aro epifanikoa» da. Aro horretako bi disko bikoitzetan —Bat-Hiru (1974) eta Lau-Bost (1980)— «Laboa epifanikoa» dago, «Laboaren jenialtasuna bere alderdirik inspiratuenean». Aro horretan sortuak, lekeitioak dira «artistikoki balio handieneko lanak», Juan Gorostidiren ustez, Laboaren guztien artean. Baga, biga, higa izan zen jendaurrean emandako lehena, 1969an, eta Orreaga azkena, 1980koa, lehen aro horren amaierakoa doi-doi. Gernika kronologikoki beste bien artean kokatutako lekeitio enblematiko eta garrantzitsu bat da. «Guk egin dugun lana, aurretik halakorik pentsatu gabe, izan da azkenekoarekin hasi, erdikoarekin jarraitu eta amaitu hasierakoarekin», azaldu du Juan Gorostidik. «Denboran atzetik aurrera egin dugu lana, eta tratamendu bisualean ere, tratamendu zinematografiko eta koreografikoan, distantzia batetik abiatutako hurbilketa lan bat egin dugu, eta Baga, biga, higa-rekin hurbilketa hori fusio bihurtzen da ia-ia».
Hiru bideoek «Laboaren obra berrinterpreta daitekeela» erakusten dutela uste du Juan Gorostidik, eta «elkarrizketa eta inspirazio iturri bizi bat izan daitekeela».
«Gernika Lemoizen-en oso erreferente historiko indartsuekin lan egin genuen, eta erreferente horiek oso presentzia handia zuten», azaldu du Irati Gorostidik. Bideo hura Lemoizko zentral nuklearra aterpetzeko egindako eraikinean grabatu zuen nagusiki. «Baga, biga, higa-n, aldiz, soiltasunera jotzeko aukera izan dugu. Askatasun handia izan dut, kamera dantzariarekin fusionatzeko». Erreferentzia flamenkoen galera da bideoaren beste ezaugarrietako bat. Carrettarentzat gogorra izan zen, Irati Gorostidik azaldu duenez, soinekoen ordez galtzak janztea eta zapaten ordez zapatilak. «Nik bultzatu nuen norabide horretan. Soiltasunaren bila jo dugu, koreografiaren indarra ikusgarriago egiteko».
Laboa Katedraren laguntza
Baga, biga, higa bideoa egiteko, Mikel Laboa Katedrak arte sormena bultzatzeko emandako laguntza jaso zuen, iazko deialdian, Irati Gorostidik, ikus-entzunezkoen arloan. Dantza arloko beka Ibon Salvadorrek jaso zuen, amaitzear duen eta aurki aurkeztuko duen koreografia bat egiteko. Gernika Lemoizen bideoa egiteko ere katedraren laguntza jaso zuen Irati Gorostidik.
Orreaga bideoa Vimeon ikusgai dago osorik; Gernika Lemoizen eta Baga, biga, higa-ren kasuan, teaserrak baino ezin izango dira ikusi oraingoz, lan horiek hainbat jaialditan aurkezteko asmoa baitute. Baga, biga, higa Kimuak programarako aurkeztu zuten, baina ez zen aukeratuen artean izan. Onargarritzat jotzen du Juan Gorostidik erabakia, Kimuak programan aukeratzen diren obrak beste eite batekoak izan ohi direlako, baina uste du eskertzekoa litzatekeela Euskal Herrian Baga, biga, higa bezalako lanentzako moduko programak sortzea. «Bestela, atzerriko jaialdi espezializatuetan mundu osoko lanekin lehiatu behar dugu, eta hori oso zaila da», azaldu du.
Dantza bihurtutako lekeitioak
Laboaren 'Baga, biga, higa' Manuela Carrettak dantzatua jaso du Irati Gorostidik bideo batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu