Dantza ala heriotza?, euforia ala malenkonia?

Postmodernitateak artearen munduan egin duen bidea ilustratzen duen erakusketa bat ikus daiteke Londresen, V&A aretoanAro berri bat iragartzen zuten lanak jaso dituzte, 1970etik 1990era bitartean eginak

Jon Benito.
Londres
2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Londresko Victoria and Albert Museumera joan eta postmodernitatearen ertz anitzei eskainitako erakusketa aretora heltzen denak (2012ko urtarrilaren 15a arte dago aukera) lehenik Rodinen eta beste eskultore batzuen lanen artetik igaro behar du, eta iragate hasieran zirkunstantzial horrek azken lau hamarkadetan arteak aurrekoarekin izandako haustura, kontrastea puztu besterik ez du egiten. Museoaren handiena zeharkatzen duen korridore luzean barna, ikusleak XVII. mendetik aurrera artearen garapena ikusi baina, batez ere, irudikatu egiten baitu: eskultura bolumenak sortzen, forma ematen, errealitatea imitatu nahian eta, aldi berean, errealitate berri (idealizatu?) bat eraikiz, baina dena narrazio artistiko historiko jarraitu batean.

Egiantzekotasunaren eta proportzioen harmoniaren bidez edertasuna bilatzen du arte horrek, ederra baitu helburu soil bitarte horretan. Edertasuna balio absolutu eta morala da (ederra berez ederra izateaz gainera, ona, justua, naturala baitzen), Arthur C. Dantok azalduko zuen bezala. Irakurketa horrek etena du, ordea, okasiorako aretora sartzeko imintzioa egin bezain laster. Neoizko argi more eta berdeekin egiten du harrera erakusketak, Postmodernism jartzen du bertan. Arteak ederra izan behar bazuen, eredugarri, errepikaezin eta sakratua (horregatik gordetzen zen museo batean, tenpluan, oinazpikoen gainean jasota), hala izateari utzi zion 1970eko hamarkadatik aurrera, eta horrela irudikatzen da erakusketako lan guztietan.

Ispilua apurtu, klixeekin eten

Korridorean aurrera, eskulturaren eta, berarekin, artearen garapena irudika zitekeen, XVII. mendetik abangoardietaraino, gutxienez. Baina postmodernitateak artean izandako islari eskainitako aretora sartzean, aurreko guztiarekin eteten da: historia amaitu da, ispilua apurtu da, kultura oso bat birsortzen zuena mila zati egina dago. Modernitatearen utopia hura, argitasuna eta sinpletasuna, storytelling-a eta sekuentzia historikoa apurtu egin dira. Postmodernitateak, hitzak dioen bezala, modernitateari amaiera ematen dio, baina ez ordura arte bezala, aurreko estilo edo joera bat jarraitu edo kiribiltzeraino garatuz edo kontra eginez. Aurrerantzean, ezin denez historia lehen bezala idatzi eta kontatu, aurretiaz arteak zituen eta izan zitzakeen klixe eta muga estetiko guztietatik libre da. Ez dago taburik, eta geratuko balitz ere, xehatu egin nahi dituzte. Modernoek mundu (eta jende) berriari leiho bat zabaldu nahi zioten, beira apurtuta ordea, leiho hartako kristal hautsi horien gainean islatzen da geratzen dena.

Zer gertatu zen 60ko hamarkadaren amaieran, 70eko hasieran,arteak ordura arteko garapenarekin eten zezan? Bloke sobietarraren gainbehera, kapitalismo amerikarraren ametsaren mundurako zabalpena, kontsumoko produktuen ugaritzea, plastikoaren eta diruaren zabaltzea, askatasun txiki askoren konkistaren sentipena, eta, aldi berean, erlijio batzuen, balio moralak diren heinean, lurperatze ia erabatekoaren sekuentzia aipatu beharko litzateke. Trukean, artea ere askea(goa) zen, konplexuagoa, askotarikoagoa eta kontraesankorragoa. Jolasa, irreberentzia, probokazioa bilatzen zituen, horretarako estiloari buruzko aurreiritzi guztiekin etenez. Ustez, erabateko askatasun baten alde egin zuen, batzuetan dibertimenduaren, proba/akatsaren eta absurduaren mugak zeharkatu eta etiketatze oro alferrikako eginez.

Versalles edo Las Vegas

Italia, 1960ko hamarkadaren amaiera. Europak Mediterraneora duen irteera naturalean egosten zen modernitatearen kritika garrantzitsuenetakoa. Modernitatea amaitzear zen, baina beste mugimendu artistiko bat etorriko al zen, beste irizpide, kanon eta estilo batzuekin? Ettore Sottsass-ek eta Alessandro Mendinik modernitatearen utopia orotan fedea galdua zuten, eta gizartea arautzen zuten lege, merkatu baldintza eta gustu onaren marrak gainditzeko ahalegina egin nahi zuten artearen bidez. Helburu horrekin, arteak sakratutik zuen oro ezabatzen saiatuko ziren (Mendini, batez ere), Duchampek irekitako bideari segida emanez. Ameriketako arte indigenaren monumentuak hartu eta plastikoz eta pop kolorez errepikatzen zituen Mendinik, edota, Destruction of Lassu Chair-en bezala, su ematen zien alde batetik lanei, eta haren ifrentzuan, su emandako beste lan bat erreproduzitzen zuen gero. Radical Designa deitu zioten Sottsass eta Mendinik euren uberari: eklektikoak ziren, atzokoa eta momentukoa jasotzen zuten euren lanetarako, Amerikako eta Europako korronteak, deuseztapena eta errepikapenerako potentzialtasuna, pertsona eta industria, sakratua eta profanoa.

Motorraren zabalpenak abiaduraren demokratizazioa ere bazekarren berarekin. Distantziak murriztu egiten ziren, baina begien ikusteko ahalmena, abiadura ere aldatuko zuen, azkartuz. Robert Venturi eta Denise Scott Brown bikoteak Las Vegasera egindako bidaia bat grabatu zuen autoan. Ez da alferrik hautatuko hiria, Bruno Zevi kritikari italiarrak, 1967an, arte modernoak Versallesen eta Las Vegasen artean hautatu beharko zuela iragarri baitzuen. Klasizismo gorenaren eta behe mailako herri kulturaren artean hautatu ordez, baina, biak hartu zituzten postmodernistek: Versalles eta Las Vegas.

Las Vegas ez al da Versalles berritu bat, bere ezaugarrietan eder? Orainaren diktadura dakar postmodernitateak, geure begirada azkar eta pantailen bitartez bideratzea (ordenagailuen asmazioa izan daiteke burura datorkigun lehenpantaila, baina autoaren aurreko beira ere ez al da pantaila bat?). Azkar ikusten da, azkarrago bizitzeko, baina horregatik etorkizuna ez da heltzen. Oraina da denbora bakarra. Ez dago biharrik; biharko eguna, akaso, deuseztapen erabatekoa izango da. Apokalipsia, izatekotan. Artelan modernoek garapena, utopia edota balio batzuetan oinarritutako perfekzioaren ilusioa iragartzen zuten, eta objektu postmodernoa, berriz, urrun zegoen perfekziotik, ez baitzuen ez eredurik ez helbururik.

Azalkeriaren sakontasuna

Ez edertasunik, ez perfekziorik, ez denborarik, ez helburu moralik. Aurreko guztitik libre aritu, hartu dena eta moldatu, zaharra hartu eta berria egin: birziklatu. 60ko eta 70eko hamarkadetan, arkitekturan, historizismoaren joerak aurreko mende eta belaunaldietako elementuak konbinatzera jokatu zuen. Kritikariek ironia gisara ikusi zuten puzzle hori, artearen historiarekiko irreberentzia bat balitz bezala. Baina, izatekotan, postmodernitatearen printzipio ia bakarra izan zen: adierazteko modu monolitiko baten amaiera eta, berarekin, aniztasunaren gorazarrea. Kito. Ondorioz, brikolaje edo collagearen festa izango da aro hau. Diseinu industriala eta antzinako zeramika lan berean, altzari berrietarako teknika puntillista ustez zaharkituak, arkitekturarako plastikozko zutabeak, jantzi ezinezko soinekoak... Ezinezkorik ez dago, debekaturik ere ez. Zer da artelan ona? Ba al da arte onik? Nork ezartzen ditu kanonak (eta nork behar ditu), artelanak asko saltzen badira? Aurreko irizpideak desagertu, eta berririk ez dago.

1980ko hamarkada hurbildu ahala, postmodernismoari aukerak biderkatu egin zitzaizkion. Mugimendu bazterreko eta irreberentea zena fenomeno sozial hedatu bilakatu zen. Diseinuaren hamarkada zen: aldizkariak, diskoen azalak, musika, bideoklipak. Talking Heads eta Culture Club, dantzari eta koreografoak, performancea, drag queen-ak, pop izarrak... postmodernitateak, artetik at ere, askatasunaren konkistaren sentipena eman (eta ikusgarri egin) zien gutxiengo sozialei.

Modernitatearen balio moralak (erlijioen presentzia) eta identitarioak (estatu-nazioa edo komunitate izaera zentzu historikoa) galtzear ziren, eta mundua batzen zuen balio ez-naif bakarra zegoen: dirua. Hor sartzen da jokoan Andy Warhol, eta haren diruaren laudorioa. Dollar Sign lanean (1981) dolarraren ikur handi bat serigrafiatu zuen. Diruak gidatzen ditu botere harremanak, eta artea ez dago horretatik salbu; ondare ekonomikoa baita, ez kultura edo aberastasun emozional/hezitzailea. Kanonik ezean, gehien saltzen dena da irizpide nagusi. Ezinbestean, merkatuaren erreferentziak etenik gabeak dira erakusketaren bigarren erditik aurrera: Barbara Krugerren poltsa eraldatua dago, I Shop Therefhore I Am sloganarekin (Erosten dut, beraz banaiz») ; edo Jenny Holzerrek, 1985ean, New Yorkeko Times Square plazan iragarki komertzialetarako erreserbatutako karteleran jarri zuen lelo ia mitikoa Protect Me From What I Want (Babes nazazu nahi dudanetik).

Garai bertsukoak izan arren, Warholetik Holzerrera jada aldaketa dago. Diruaren gorazarre egitetik diruaren kulturaren menera bizitzeko arriskua eta kezkara. Azalekoaren hipokrisia salatzen hasten dira batzuk. Azala ez da mamia. Edo bai. «Azalkeriak sakontasuna du, giza bizitzearen erabateko zailtasun gisara ulertzen eta onartzen bada», Mendiniren ustetan.

Lehen bezala ezin izan

Postmodernitatea galeraren sentipenean errepikatzen da erakusketaren amaiera aldera. Eredu moral eta estetiko bat desagertu (errepikatzeko edo aurka egiteko) izanaren malenkonia dago, baina baita, aldi berean, galtzeko ezer ez duenaren euforia inozoa ere. Dena da libre, dena da ikusgarri, horretarik asko moldagarri eta likidoa da, gainera, Zygmunt Baumanek idatziko zuen bezala. Baina likidoa bada, zer geratzen zaigu? Erakusketa ixteko dagoen New Orderren bideoklipean agertzen den bezala, «izan ote gaitezke gu geu, lehen ginen bezala».

Erakusketa ikusten duenari, postmodernitatea ordura arteko guztitik libre egin zela irudituko zaio, baina definiezina dela, Lyottarden eta Baudrillarden teoriak gorabehera. Izatekotan, abiapuntu eta helbururik gabeko bidaia libre bat dela. Errari ibili zirela artistak beren askatasunean.

Bada artelan bat, azken atea zeharkatu aurretik, postmodernitatearen anbiguotasunarekin jokatuz, zer pentsatua ematen duena. Robert Longoren argazki bat da, Men in the Cities sailekoa. Bertan, gizonezko bat ikusten dugu bizkarrez. Aurpegierarik ez zaio ikusten, gorputza keinukera aldrebesean du, ez dakigu dantzan ari den edo tiro bat jo diotelako erortzen ari den, hilurren. Postmodernitatearen azken metafora besterik ez da: ez dakigu azken lau hamarkadak dantza fribolo bat izan diren ala zibilizazioaren amaiera orain arte ulertu dugun moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.