Musika emanaldiek eta paisaiak bat egiten duten puntua, horixe da Dantz Point. Musika elektronikoko eta abangoardiako musikako zuzeneko saioak egiten dituzte Gipuzkoan zehar, ondareari lotutako lekuetan. Azken bi urteetan, saioak grabatu eta sarera igo dituzte, baina ez da zuzeneko entzulerik izan. Aurten, ordea, aurrez aurreko sei emanaldi antolatu dituzte.
Gaur aurkeztu dute aurtengo egitaraua Jokin Telleria Dantz Pointeko arduradunak, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Mertxe Urteaga aldundiko Kultura Departamenduko teknikari arkeologoak eta Iker Furones Paolo Solo eta Paula Cornejo Furonia DJ lasartearrek. Izan ere, haiek abiatuko dute aurtengo topaketa, Lasarte-Orian.
Larunbatean egingo dute lehen emanaldia, hilaren 30ean, 19:00etan, Brigiden komentuan. Horren ondoren esango dute noiz egingo dituzten hurrengoak, eta zein artista ariko den horietan musika jartzen. Oraingoz, lekuen berri eman dute: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak eta Donostiako Kursaaleko terrazak; Hondarribian eta Irunen ere egingo dituzte ekitaldiak, baina oraindik ez dute zehaztu non.
Hain zuzen, Arditurriko meategiak izango dira aurtengo jaialdiko gunerik enblematikoena, aldundiak nabarmendu duenez. «Kontzerturako aukeratu den espazioak aparteko baldintzak ditu», Urteagaren hitzetan. Aiako Harriaren magalean dago, eta beruna, zilarra, kobrea eta burdina ustiatu izan dituzte handik erromatarren garaiaz geroztik. Ibilaldiak antolatzen dituzte meazuloetan barrena.
Proiektua, handitzen
«Ezkutuan diren hainbat paraje eta artista garaikide erakutsi eta ezagutaraztea lortu dugu», esan du Millanek. Programaren moldagarritasuna eta irekiera nabarmendu ditu.
Dantz proiektua 2017an sortu zen, eta, haren atzetik, 2019an, Dantz Point. Telleriak adierazi du jaialdiak oihartzuna izan duela nazioartean: Dance Televisionek sari bat eman zion, eta programa diruz lagunduko dute Europako funtsen bidez, proiektua bost herrialdetan sustatzeko asmoz, «kultur ondarea belaunaldi berriei forma eta eduki berritzaileen bidez transmititzeko».