Dantz jaialdia, elektronikaz elikatzeko topagune bat

Musika elektronikoa eta garaikidea ditu oinarri jaialdiak, eta Donostiako hainbat txokotan egingo da, datorren larunbatera arte

Dr Rubinsteinek emanaldia eskainiko du aurtengo Dantz jaialdian. MAI NESTOR.
Nagore Garmendia Artano
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Musika elektronikoz blaitzen da Donostia urtero, Dantz jaialdiari esker. Musika elektroniko eta garaikidean murgiltzeko aukera ematen die jaialdiak musikazaleei eta kulturazaleei, hainbat artistaz, agertokiz eta formatuz gozatzeko aukera eskainiz. Komunitate artistiko eta sortzaileentzako topaleku bat da, eta askotariko jarduerak eskaintzen ditu, hala nola hitzaldiak, erakusketak eta tailerrak.

Urtez urte hazi egin da jaialdia, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, «espektatiba guztiak gainditzeko konpromisoa» hartu dute. Astelehenean hasi zen, eta larunbatean bukatuko da aurtengo aldia. Igarotzea eta denborarik eza da aurtengo gai nagusia, eta musika elektronikoari eta abangoardiakoari buruz dagoen ikuspegiari egiten dio erreferentzia: «Musika hau beti dago mugimenduan, lekuz kanpoko edo denboraz kanpoko bere gizarte estatusari erreferentzia egiten zaiolako», azaldu dute antolatzaileek.

Jaialdiak aurrera jarraitzen du, eta asteko zatirik indartsuenean sartu da gaur. Alvaro Grandak, Reykjavik606 taldeko kideak, sintetizadoreetan oinarritutako eskola magistrala emango du. Ondoren, Elena Barker, Iñaki Garcia, Amaia Rodriguez eta Zuri Hernandez arituko dira DJ lanetan, Lotura, Synthetica eta Stream Radio kolektiboetako kideak. Jarraian, Distopia Mutantek hartuko du lekukoa.

Egitaraua zabalagoa izango da bihar; Izar5, Error Etika eta Vema Diodes, Thing proiektuko DJ eta ekoizleen emanaldiekin hasiko dute eguna, eta inprobisazio proiektu baten ideiak, plangintza eta alde on eta txarrak landuko dituzte.

Arratsaldean, biniloen azoka irekiko dute, eta musika elektronikoan eta garaikidean garrantzitsuak diren dendak, zigiluak, banatzaileak eta tokiko eta nazioarteko kolektiboak egongo dira bertan. Bitartean, The Dream Is Just in My Mind film laburra eta Sisters with Transistors dokumentala emango dituzte. Thing proiektuko artisten performancearekin bukatuko da eguna; zenbait artistak eta ekoizlek zuzeneko emanaldia eskainiko dute, inprobisatuz: Error Etica, Pina, Another Machines, Izar5 eta Verma Diodes dira zuzenean arituko diren artistak. Sally Rous, Zuri, Ines eta Yngrid DJen emanaldiek girotuko dute ostiral arratsaldea. Jarraian, Bihotza, Bassywax, Lena Willikens, DVS1 eta BLAWAN taldeen emanaldiak egongo dira.

Larunbatean amaituko da jaialdia, Ope Loeb, Baiuca, Dj Python, Interstellar Funk eta John Talabot DJen emanaldiekin. A4, Rene Wise, Dr Rubinstein eta Jeff Mills DJek eskainiko dute emanaldia jaialdiaren azken txanpan.

Soinuen arima

«Musika elektronikoa musika genero bat baino askoz gehiago da», esan dute antolatzaileek. Pertsonek musikarekin eta haien inguruarekin duten harremana eraldatu duen kultura gisa ulertzen dute, eta, horregatik, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia Sailarekin lankidetzan sortutako proiektu bat bideratu dute.

Esan dutenez, kultura hori komunitatean, musikan eta ondare kulturalean oinarritzen da, eta horren harira sortutako estereotipoetatik, klixeetatik eta aurreiritzietatik kanpo dagoen irudi bat garatzea da ikerketaren xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.