Danborra danborraren kontra

Les Commandos Percu eta Deabru Beltzak taldeek 'Danbor talka' saioaren lehen proba egingo dute Bilbon

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Danba batzuek, eta tunba besteek. Danborra danborraren aurka jarriko dute Euskal Herriko Deabru Beltzak eta Frantziako Les Commandos Percu kale antzerki konpainiek. Perkusioa eta sua baliatzen dituzte bi taldeek beren emanaldietan, eta elkarlanean sortu dute orain Danbor talka ikuskizuna. Lekeitioko Kale Antzerki Nazioarteko Jaialdian egingo dute estreinaldia, uztailaren 11n, baina Bilbon izango dira gaur Plaza Berrian, 19:30ean. Ez dute saio osoa eskainiko oraingoan, baina kalera aterako dira, halere. Lehen jende aurreko proba egingo dute. Oraindik lau hilabeteko lana dute aurretik ikuskizuna osatzeko, eta, beraz, lehen kontaktua izango da. Lehen talka.

Ezagun zaharrak ziren bi konpainiak. Biak dira kale konpainiak, biek erabiltzen dute perkusioa, eta biek pizten dituzte su festak beren emanaldietan. Baina orain arte inoiz ez ziren sekula elkarrekin aritutakoak. «Bi taldeok maite dugu besteak egiten duena». Raymond Gabriel Les Commandos Percu taldeko kideak esan du lehenik, eta oso antzekoa bota du pixka bat geroago Deabru Beltzak taldeko Garbitxuk. 12 orduko lan saiotan dabiltza buru-belarri egunotan biak, eta bi taldeen onena batu nahi dute ikuskizun bakarrean. Garbitxu: «Haiek espezialistak dira agertoki gainean egindako ikuskizunetan, eta gu espezialistak gara batetik besterako ikuskizunetan». Eta bateratu egingo dituzte kalea hartzeko bi moduak Danbor talka ikuskizunean.

Guda baketsua

Elkarrekin arituko dira bi konpainiak kalean, baina baita elkarren aurka ere. Bi konpainien arteko guda moduko bat irudikatuko dute ikuskizunerako; sei danbor jotzaile beste sei danbor jotzaileren aurka. Argi ikusi zuten hori hasieratik. Gabriel: «Alde batetik, artista frantziarrak daude beren kulturarekin, eta beste aldetik, euskal artistak beren kulturarekin, eta hasieratik argi ikusi genuen gorde egin nahi genuela ezberdintasun hori». Talka baketsua da, ordea, Les Commandos Percuko kideak azaldutakoaren arabera. «Topaketa horren bidez eta elkarrizketa horren bidez sortu nahi dugu su komun bat energia guztia batuko duena».

Sua egongo dela aurreratu du Garbitxuk ere. Zehatzago: «Su asko egongo da». Baina oraindik lan asko dute aurretik, eta agerikoa du nekea aurpegian Deabru Beltzak taldeko kideak. Aurrerapen bat izango da Bilbon gaur egingo dutena, baina lan saio luzeak izango dituzte aurrerantzean ere. Martxo amaieran Bilbon izango dira berriz elkarrekin ikuskizuna entseatzen, eta entsegu eta aurrerapen sorta antolatu dute uztailera arte. Tolosan izango dira apirilean (Frantzia), Libournen eta Bresten (Bretainia) maiatzean, eta Lekeition egingo dute azkenik ikuskizunaren estreinaldia. Imanol Agirre Lekeitioko kale antzerkiko zuzendariaren hitzetan, «ikusgarria» izango da saioa. Herriko talan egingo dute emanaldi amaierako zatia. Itsaso ondoan.

Libourneko kale antzerki jaialdiak eta Lekeitioko kale antzerki jaialdiak bultzatu dute topaketa, biak aritu dira ekoizle, eta hainbat laguntzaile izan dituzte. Luzea da zerrenda, eta txiki gelditu zaie aurkezpen ekitaldiko mahaia ere ordezkari guztientzat: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Etxepare Institut, Lekeitioko Udala, Institute Français-a, Akitania-Euskadi euro eskualdea... Guztien laguntza eskertu dute artistek, eta Deabru Beltzak taldeko kideak azaldu du zergatia: «Oso garai zaila da, eta ikuskizunean 16 pertsona ibiliko gara biran. Lotu ditugu egun batzuk jadanik, eta agertu dute jaialdi batzuek proposamenarekiko interesa, eta hilabeteak falta dira estreinaldirako. Ez dago gaizki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.