Literatura

Damuak, bete gabeko ametsak eta minak

'Izotz ura' du izenburua Lide Hernandoren lehen eleberriak. Susa argitaletxearekin plazaratu du, eta, musika munduan girotu duen arren, bi lagunen arteko harreman gorabeheratsua du ardatz.

Lide Hernando
Lide Hernando, bere lehen liburuarekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko abenduaren 2a
06:05
Entzun

Saioa eta Mararen arteko tirabirez dihardu Lide Hernandok (Donostia, 1991) Izotz ura (Susa) eleberrian. Orokorrago, adiskidantzaz. Bi pertsonaia nagusiok ikaskideak izan dira, hala ikastolan nola abesbatzan ere, eta biek egin dute ibilbidea musikan; ez, ordea, puntu berera iristeko.

Saioa irakaslea da lanbidez, eta bikotekidearekin eta umearekin bizi da. Utzia du musika, baina pindarren bat pizten zaio oraindik, batez ere aspaldian grabatutako diskoak entzundakoan. Marak, berriz, alde egin zuen herritik, eta bete-betean murgildu zen musikan. Hurrengo diskoa grabatzeko asmoz, Londresera joatekoa da, eta han gelditzeko planik ez zaio falta.

Bizimoduak, hortaz, urruntzera eraman ditu bi adiskideak, batak bestearen berri jakin gabe urteak emateraino, baina elkarren aspaldiko lagun baten heriotzak berriro konektatuko ditu.

Protagonistak haur zirenetik hasi, eta ia 35 urte bete arteko tartean gertatutakoak aletzen ditu nobelak. Besteak beste, bien arteko tirabirak, hurbileko jendearekin duten harremana, gaztetxeetako giroa eta musika munduaren gaineko kontuak, hots, diskoen grabazioak, kontzertuak, nazioarteko birak, talde baten sorrera nahiz amaiera, promozioa, musikariek hartu behar izaten dituzten erabaki zailak eta beste.

Mararen eta Saioaren ikuspegi diferenteak musikan pil-pilean dauden hainbat gai jorratzeko baliatu ditu Hernandok, esate baterako, bizibide horri heltzeak dituen eragozpenak, euskaraz edo erdaraz kantatzeko hautua, musika politikarako tresna gisa hartzea eta pertsonaia publiko bihurtzeak dakarren ordaina.

Susako editore Leire Lopez Ziluagak «pertsonaien eta denboren plano nahasketa» nabarmendu ditu, horixe bera baita liburua egituratzen duen sistema: «Hemeretzi ataletako bakoitzean, pertsonaia batetik bestera egiten da jauzi, orain Saioaren atala, orain Mararena».

Hirugaren pertsonan kontatuta dago, baina, Lopez Ziluagak azaldu duenez, «hurbiletik jarraitzen zaio pertsonaia bakoitzari, egiten dutenaz gain, pentsatzen eta sentitzen dutena ere kontatzen baita». Azken atalean, berriz, «kamera objektibo bihurtzen da narratzailea, eta kanpotik begiratzen zaie pertsonaia biei», editorearen hitzetan betiere.

Orainaldia eta iragana ere nahasian datoz, elkarren harremanean nahiz norbanako gisa, dauden tokira nola heldu diren jabetzearen. Lopez Ziluagaren ustez, «bizitzak aurrera egin ahala mamitzen diren damuak, bete gabeko ametsak eta minak» azaltzen ditu liburuak.

Lehenik idazle

Musikan egindako ibilbideak egin du ezagun Hernando. Idazketa, ordea, lehenagokoa du. Idazten hastekotan menperatzen den gaiari heltzeko gomendioa egin zion irakasle batek, eta hain zuzen hori egin zuen 2020ko itxialdian: «Musikari buruzko nobela bat hasi, ustez».

Urte hartan, pandemia zela eta, jarduna eten beharrak galera handia ekarri zien musikariei. Diru iturri nagusia eszenatokia izanik, talde batzuek hondoa jo zuten. Musika jardunaren fruitua «soilik sare sozialen ispilu beltzetik jaso beharrak pentsamendu intrusibo andana» sortu zion Hernandori.

«Bi emakumeren arteko adiskidetasun harreman konplexu, gorabeheratsu, zintzo bezain gaiztotu bat kontatzen du».

LIDE HERNANDOMusikaria eta idazlea

«Bakerik ematen ez» zioten pentsamendu horiek bi ildo kontrajarritan zihoazela konturatu zen. Alde batetik, «Lide zentzudun eta moralki zuzena, era berean inmobilista eta beldurtia» zegoen, Hernandoren hitzetan. Horrek «euskal kultura defendatu eta zaintzea» zuen misio nagusia. Bestetik, «Lide ausart eta buru irekia, era berean fribolo eta hotza, musika jarduna ogibide gisa ulertu nahi zuena» ageri zen. Bi ildo horien ondorio dira Saioa eta Mara pertsonaiak, eta Hernandok «bete-betean bizi izandako euskal musikaren barrunbeak kontatzeko asmoz» eraiki zituen.

Halaber, bere ideia kontrajarrietatik sortutako bi emakumeak «nola moldatuko liratekeen» jakin nahi izan zuen; «zein puntutan leudekeen ados eta zein armarekin egingo lioketen aurre musika industriako oihan arriskutsu eta sarritan bidegabeari».

Hernandok, bestalde, eleberrian zer lantzen ari ote zen galdegiten zioten bakoitzean, «musikari buruzkoa» zela erantzuten zuen hastapenean, baina zerbaitek ezinegona pizten zion, «ardatza toki egokian» jarri izan ez balu bezala.

Idazketa prozesua amaitu zuenean jabetu zen erantzun zuzenaz: «Ez da musikari buruzkoa, musikarik gabe berdin funtzionatuko ez lukeen arren». Hernandoren hitzetan, «bi emakumeren arteko adiskidetasun harreman konplexu, gorabeheratsu, zintzo bezain gaiztotu bat kontatzen du».

Izenburuari erreferentzia eginez, urarekin alderatu du harremana. Likidoa denean «arazorik gabe jariatu, eta bi gorputzen edo pentsamenduen arteko zirrikitu guztiak» hartzen dituela esan du. Besteetan, berriz, «itsasoan solte eta bananduta gelditu diren izotz blokeen antza» duela esan du. Gaineratu du bi protagonistak beharbada tartean daudela erosoen, «izotz ur egoeran alegia, ez likido, ez solido».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.