'Damnatio memoriae' eraisteko

Maite Lopez las Herasen 'Poetandreak literatura greko-latindarrean' poesia antologia kaleratu du Balea Zuria argitaletxeak. Antzinaro klasikoko 24 idazleren testuak bildu ditu

Maite Lopez las Heras, Donostian, Poetandreak literatura greko-latindarrean lanaren aurkezpen egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Zorionik gorena izango litzateke poetak esanda, emakumeak direla ahaztu gabe, irakurketa bereizlerik ez egitea». Hori da Maite Lopez las Herasek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1985), Poetandreak literatura greko-latindarrean antologia argitaratuta, poeta hitzetik nabarmendu nahi duen adiera. Antzinaro klasikoko 24 emakumezko poetari bildutako testu eta testigantzak itzuli ditu euskarara. Aurretik, 2020an, Safo poesia guztia argitaratu zuen, eta, bigarren lan honekin, «isiltasunaren harresia eraisten» hasi nahi lukeLopez las Herasek: «Emakumeek jasandako damnatio memoriae edo memoriaren zigorra ahaztu gabe».

Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko editorearen hitzetan, aurrekoaren «continuum bat» da liburu berria. Bilduma osatzeko, idazleak ez ditu sartu antzinate klasikoan «benetako zentzutik» urruntzen ziren poemak. Esaterako, ez ditu hainbat kristau poeta. Garai hartatik gaur egunera iritsi dena ez da asko, Lopez las Herasek aipatu duenez. Historiak «desagerrarazi, isilarazi eta ezkutatu» egin ditu, haren ustez. «Eta ez dagoen lekutik, ezin da atera».

Poetandreak ondu aurretik, bi helburu zituela aitortu du Lopez las Herasek: lehena, ezkutuan zeuden emakumezko poetak azaleratzea; eta, bigarrena, haien poemak euskarara ekartzea. Hala, hiru ekarpen egiteko sortu du lana: emakumeei «ahotsa emateko», euskal literatura «zabaltzeko», eta antzinate klasikoari «lekua» egiteko.

Itzultzaileak uste du literatura klasikoan emakumeei «ahotsa jarri» dien gizonen adibide asko dagoela. Aitzitik, andrazkoen lekukotasunak urriak dira: «Ez dira ikusten, ez dira ikasten, eta tarte bat eskaini nahi izan diet».

Filologia klasikoan lizentziaduna izaki, iruditzen zaio aro horretako literatura «aspaldikeria» gisa tratatua dela. Euskarara ekarri ditu testuak, eta ez du ausaz egin hori ere, literatura eguneratzeko nahia asetzeko baizik. Hutsunea dagoela irizten du, bai literatura klasikoa, eta baita euskara ere ez direlako «eguneratzen».

Liburua hitzaurre batek zabaltzen du, eta izenburuari buruzko egilearen hausnarketa dakar. Sarreran, irakurlea kokatu, eta kronologiaren atalean, emakumezko poeten garaiz garaiko azalpen batzuk sartu ditu. Antologiaren aurretik, Galdutako hitzak tartean bildu ditu poemarik gabeko poetak; hau da, haien piezarik iritsi ez, baina zeharbidetik haien izenak gaur egun era askotara erregistratuak dauden idazleenak. Beste batzuen aipuengatik iritsi diren deiturak dira sarri, eta «gehiago gal ez daitezen» sartu ditu liburuan. Garai arkaikotik, Femonoe, Damofile, Karixena eta Muia; helenistikotik, Partenis, Moskina, Glauze, Teano, Aristodama eta Altzinoe; eta aro erromatarretik, Memia Timotoe, Kornifizia, Zintia, Perila eta Teofila.

Ez zen haiengandik espero

Gaur arteraino iritsi diren testuak ere ez dira ezagunak. Itzultzaileak emakume eredugarriak ez izateari egozten dio: «Haiengandik espero gabeko gaiak jorratzeagatik, antzinarotik gaurdaino, izate hutsa bera ukatu egin zaie». Denak ziren, salbuespenik gabe, mulieres doctae. Hizkuntza jasoa zuten, kulturadunak ziren, eta gizarte maila altukoak.

Literaturari berari ere «berrikuntza» asko ekarri zizkiotela dio filologoak.Esaterako, Safok bere eran moldatutako estrofa bati safikoa deitzen zaio. Telesilak eta Praxilak ere bi bertso mota asmatu zituzten: telesiliarra eta praxiliarra. Edo, itzultzailearen esanetan, Erinak «sekulako originaltasuna» erakusten du hileta deitorea konposatzerako orduan, hexametroa erabiltzen duelako.

Jasotako poeta guztietatik, 21ek idatzi zuten grekoz, eta hiruk soilik latinez, 1.400 urteko tartean. Garaiz garai kontatuta: arkaikotik, Safo, Kleobulina eta Erifanis; klasikotik, Korina, Beo, Telesila, Praxila eta Erina; helenistikotik, Mero, Hedila, Anite, Noside eta Filina; eta, azkenik, erromatar garaitik, Melino, Herennia Prokula, Klaudia Trofime, Julia Balbila, Zezilia Trebula, Damo, Terentzia, Teodebia, Sulpizia elegiagilea, Sulpizia satiragilea eta Akonia Fabia Paulina.

Hiru adieradun izenburu bat

Lopez las Herasek garbi zuen hasieratik ez zuela nahi bi hitzeko izenburu bat izaterik; emakumezko poeta ez zuen atsegin. Besteak beste, emakumea eta poeta bat eta bakarra delako harentzat: «Ez da aukeratzen orain emakumea naiz eta gero poeta. Biak dira gauza bat eta bera. Nahi izan nuen bateratu, elkartu bat sortu». Hala asmatu zuen poetandre, ez ziolako liburuari izenburu «ortodoxo eta gramatikalki zuzenik» ere jarri nahi. Iruditzen zitzaion zuzenegia zatekeela hala eginez gero: «Liburua seguru asko geldituko zen aurkezpen honetan eta bizpahiru apaletan».

Poetandre hitzak, gainera, badauka azalpen etimologikoa ere: «Poeta latinez poeta esaten da, kultismo bat da, ez da batere aldatu». Lehen deklinabideko izenak femeninoak dira, salbuespenak salbuespen —zuhaitzen izenak, ibaienak eta ogibideak—. Lopez las Herasek gehitu du, baina, poeta maskulinoa dela latinez, eta grekoz ez dela hori gertatzen.

Hala, tituluak badu beste trikimailu txiki bat ere. Poeta latinoa da, eta andrea, berriz, grekoa: «Andros grekoz gizona da, eta gustatzen zait jolastea androginia horrekin, hitzean bertan latina eta grekoa nahastuz». Izenburua poeta eta emakume gisa har liteke, poeta eta gizon gisa, edo latinaren eta grekoaren arteko jolas modura. Dena hitz batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.