Bizkaiko Foru Aldundiak eta Guggenheim fundazioak Urdaibai inguruan eraiki asmo duten Guggenheim museoaren bi egoitzetako bat Gernika-Lumon (Bizkaia) dagoen Dalia enpresa zaharraren orubean proiektatua dute. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak asteon zabaldu du fabrika hori eraisten ari direla, eta hori salatzeko protesta egin dute hainbat lagunek gaur goizean, eskualdeko plataforma ugarik deituta. Zaindu Dezagun Urdaibai, Guggenheim Urdaibai Stop, Guggenheim Ez, Eguzki talde ekologistak, Ekologistak Martxan eta Lanius Ornitologia elkarteak elkarrekin zabaldutako deialdiak erantzun zabala jaso du: dozenaka herritarrek Guggenheim Urdaibai proiektua eteteko eskatu dute elkarretaratze batean.
«Dalia testuinguru historiko batean kokatu behar da, eta kontuan izan behar da nondik etorri zen, zer egin zen bertan eta zer garrantzi duen Gernikarentzat», adierazi dute. Halaber, Dalia eraisteko hondeamakina modu «erdi klandestinoan» lan egiten ari dela salatu dute, eta zalantzan jarri lan horiek aurrera eramateko lizentziarik ote duten. Ez hori bakarrik: herritarrei oinarrizko informazioa eskaini ez izana leporatu diete eraisketa lanen arduradunei.
Joan den urtarrilaren 22an Iñigo Urkullu lehendakariak Guggenheim Urdaibai proiektuaren bideragarritasunari buruzko gogoeta aldia iragarri zuen, baina, gaur salatu dutenez, iragarpen hark herritarrak «desmobilizatzeko» helburua baino ez zuen. Alabaina, ohartarazi dute ez dutela hori lortuko, eta Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontra antolatzen jarraitzera deitu dituzte herritarrak.