Dalia fabrikaren lurretan lanean ari diren bi hondeamakinaren irudiak zabaldu ditu gaur Guggenheim Urdaibai Stop plataformak. Gernika-Lumon (Bizkaia) dago eraikina, eta Urdaibai inguruan eraiki asmo duten museoaren bi egoitzetako bat bertan proiektatua dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Guggenheim fundazioak. Gaurkoak dira irudiak, eta, hedabideei helarazitako prentsa oharrean plataformak salatu duenez, azken hilabeteetan museoaren aipamenak isildu egin diren arren, agintariek Busturialdeko herritarren iritzia kontuan hartu gabe erabakiak hartzen jarraitzen dutela azaltzen du ekintzak. «Eraiste horrek argi eta garbi erakusten du saldu nahi izan diguten gobernantza modu berria paper errea dela».
«Dalia eraisteak argi eta garbi erakusten du saldu nahi izan diguten gobernantza modu berria paper errea dela».
GUGGENHEIM URDAIBAI STOP
Plataformak gogoratu du Urdaibaiko museoaren bideragarritasunari buruz gogoeta egiteko etenaldi bat iragarri zuela urtarrilean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. «Ustekabean». Eta Guggenheim Urdaibai Stop mugimenduko kideen ustez, Busturialderako garapen ekonomikorako plan bat lantzeko beharra ere iradoki zuen lehendakariak prentsaurreko berean. Horregatik, gogoratu dute esan zutela plan hori «herritarren adostasunean» eta «parte hartzean» oinarrituko zela, baina, hain justu ere, kontrako norabidean egindako urrats bat da eraistea, haien ustez.
Diotenez, museoaren bideragarritasunari buruz «hausnartu barik», «herritarrei jakinarazi barik», «eskualdeko udalen artean adostu barik», eta «herritarrek eta udalek parte hartu barik» hasi dituztelako lanak. «Lotsa barik», laburtu dute.
Museoaren aipamenik gabe
Gernikako Udalean maiatzaren 29an aurkeztu zuten mozioa ere aipatu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak. Eta Jose Maria Gorroño alkateak eman zien erantzuna hartu du gogoan. «Alkateak adierazi zuen ez dagoela ez egitasmoari buruzko informaziorik, ez ingurumenari buruzko txostenik, ez adostasunik». Zalantza horiek izanik ere, Dalia eraisteko lizentzia eman egin zutela salatu dute, ordea. «Zergatik sinatu zen udalez gaindiko hitzarmen bat, Muruetako eta Foruko alkate jeltzaleekin batera, aldundiari hiru udalerrietako hirigintza planak aldatzeko erabateko eskua emateko, egitasmo horri leku egiteko helburu bakarrarekin?».
Espainiako Gobernuak Urdaibai inguruko lurrak «deskontaminatzeko», «Muruetako itsasadarraren fluxu naturala lehengoratzeko» eta «espazioak birnaturalizatzeko» 40 milioi euroko laguntza iragarri zuen 2023ko uztailean. Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostu zuen laguntza hori Madrilgo Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, eta Guggenheim museoaren luzapenarekin lotuta eman zuen albistea aldundiak. Museoaren aurkako plataformak gogoratu duenez, ordea, hitzarmenean ez da museoaren inongo aipamenik egiten. Baina mesfidati da plataforma. «Kontuan hartu behar da fabrika abandonatuta eta amiantoz kutsatuta egon dela ia berrogei urtez eta orain arte inori ez zaiola otu hura deskontaminatzea».
Lana orain, «ustez, inolako helburu zehatzik gabe» hasiko dutela sinestea zaila zaiola iradokitzen du plataformak, horregatik. Dioenez, sinatutako akordioan eta eraistea egin ahal izateko emandako lizentzian ez baita aipatu ere egiten Guggenheim Urdaibai proiektua. «Denbora honetan guztian benetan egin beharreko gauza bakarra geratu da egin barik: hausnartzea».
Kosta Legea
Bestalde, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Urdaibaiko biosferako itsasertzaren babesa apaldu zuen iazko urrian, eta hiru salaketa jaso ditu horregatik. Aldaketa hura egin aurretik, Kosta Legeak ez zuen modurik ematen Muruetako (Bizkaia) eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora ezer eraikitzeko, baina, aldaketaren ondotik, hogei metrora murriztu zen babes esparru hori, eta horrek bidea ireki zion Urdaibain Guggenheim proiektua eraikitzeari, haren aurkako eragileek salatu dutenez. Kosta Legea urratzea egotzita, salaketa aurkeztu zuten horregatik Guggenheim Urdaibai Stop eta Zain Dezagun Urdaibai plataformek lehenik, bai eta Greenpeacek ere ondoren.
Museoa sustatu duten erakundeen arteko iritzi ezberdintasunak ere azaleratu dira azkenaldian. Juan Ignacio Bidartek Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak egin zuen esplizitu egoera, esaterako, zuzendaritza uzteko asmoa iragartzeko eskainitako prentsaurrekoan. Egitasmoa «handia» dela adierazi zuen, eta oraingoz ez doala «aurrera». «Adostasuna lortzea eskatzen du, eta orain ez dago halakorik. Proiektua egin daiteke, baina ez da ziurra egingo denik».