Kolonizatzaileak —Frantziako Estatua— menpeko izan duen estatu bati —Benin— 26 arte pieza itzuli zizkionekoa kontatzen du Diopek, zehatz-mehatz kontatu ere, baina era berean onirikotasunari lekua eginez. Piezak bidaiarako biltzen dituzten bitartean, inguruan dauden gazteen solasa harrapatzen du kamerak, besteak beste. Senegaldar jatorriko zinemagile frantsesak bigarren filma du: Atlantics izan zuen lehena.
Epaimahaiaren sari nagusia Hong Sangsoo korearren A Traveler‘s Needs filmak irabazi du. Beste irabazleetako bat Nelson Carlos de los Santos Arias dominikarra izan da, zuzendaririk onenaren saria jaso baitu Pepe filmean egindako lanagatik. Pepe Amerikan hildako lehen eta azken hipopotamoa da; Kolonbiako oihanean hil ostean, mamu gisa itzuliko da. Zuri-beltzean egina dago filma.
Esanguratsua, halaber, Bruno Dumont frantsesaren L’Empire zientzia fikziozko filma: epaimahaiaren sari berezia jaso du. Aktoreen artean, Sebastian Stan-ek (A Different Man, Aaron Schimberg) protagonista nagusirik onenaren saria jaso du, eta Emily Watson-ek (Small Things Like These, Tim Mielants) bigarren mailako protagonistarik onenarena.