Arabako Foru Aldundiak joan den astean iragarri zuen itxi egingo duela Gasteizko Amarika erakusketa aretoa, han Ekintzailetza eta Berrikuntza zentro bat ireki nahi duelako. Erabakiak haserrea piztu du Arabako artista eta kultur eragileen artean, eta Amarika Elkartea sortu dute aretoaren defentsan aritzeko. Haren bidez sinadura bilketa bat abiatu dute change.org plataforman. Ostiralean eratu zuten elkartea, eta dagoeneko 80tik gora kultur eragile eta artistak babestu dute ekinbidea.
Haien artean da, esaterako, Daniel Castillejo arte komisario eta Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren zuzendari izandakoa, eta Arabako Foru Aldundiaren erabakiari kritika zorrotza egin dio elkartearen webgunean argitaratutako idazki batean. «Ez dakite zer egiten duten komunitate oso baten eta herrialde osoaren historia artistiko eta kulturalaren funtsezko ondare bat ahanzturaren paperontzira botatzean». Testuan kontatu du 1989. urteaz geroztik lehen mailako erakusketa aretoa izan dela, baina erabaki politiko «tamalgarriek» eta «mespretxu administratiboek» desagerrarazi dutela.
«Ez dakite zer egiten duten komunitate oso baten eta herrialde osoaren historia artistiko eta kulturalaren funtsezko ondare bat ahanzturaren paperontzira botatzean»
DANIEL CASTILLEJOArte komisarioa eta Artium museoko zuzendari ohia
Elkartearen sortzaileen ustez, aretoa ixtea Arabako arte bisualekiko «konpromiso instituzionalik ezaren» beste sintoma bat da. «Arte bisualen sektoreak ezin du onartu erakusketa areto bat desagertzea, horrek galera larria dakarrelako lurraldean artea zabaltzeko eta arterako sarbidea izateko», salatu dute. Eta, hain justu ere, itxieraren inguruan ez dutelako «amore eman» nahi erabaki dute Amarika elkartea sortzea.
Elkarteak sortutako atari digitalean —amaricaelkartea.org— irakur daiteke zer arrazoi dituzten aretoa ixtearen aurka. Gogora ekarri dute aretoak hamarkada luzez hartu dituela erakusketak, eztabaidak eta proiektuak, arte sorkuntza hiriaren pentsamendu kulturalaren erdigunean kokatuta. Eta hura ixteak egungo artearen «esperimentaziorako» eta «hedapenerako» gune egonkor bat galtzea ekarriko duela iritzi diote, bai eta Fernando de Amarika pintorearen ondarearen funtsezko zati bat bertan behera uztea ere.
Amarika elkarteak webgune bat ireki du itxieraren aurkako informazioa zabaltzeko. Salatu dutenez, aretoa ixteak «atzera-bueltarik gabeko galera» ekarriko dio ekosistema artistikoari
Salatu dutenez, azken urteotan hartutako «erabaki politikoen» ondorioz apaldu da aretoaren erabilera, eta, orain, Arabako Foru Aldundiak Ekintzailetza eta Berrikuntza Zentro bat instalatzea planteatu duen honetan, albo batera utzi du aretoaren funtzioari buruzko edozein gogoeta. Elkartearen iritziz, aretoa ixteak «atzera-bueltarik gabeko galera» ekarriko dio ekosistema artistikoari, eta «atzerapausoa» izango da kultur politiketan.
«Amarika aretoa ixteak ez dio egiturazko behar bati erantzuten, ezta behar ekonomiko bati ere, baizik eta erabaki politiko bati; ez dituzte kontuan hartu komunitate artistikoa eta gizarte zibila», azpimarratu dute. Hori hala, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote erabakia berriz azter dezala, eta berma dezala Amarika aretoak artearen eta kulturaren gune izaten jarraituko duela.
Artea hedatzeko «funtsezko azpiegitura»
Hiru helbururen inguruan sortu dute elkartea, webgunean azaldu dutenez: lehenik, Fernando de Amarikaren ondarea zaindu nahi dute, «kulturari egiten dion ekarpena eta haren ondarea Arabako gizarteari uzteko borondatea bizirik mantentzen direla ziurtatuz»; bigarrenik, Arabako «arte bisualen ekosistema» defendatu, indartu eta bultzatu nahi dute, artistei, kolektiboei, kudeatzaileei, galeristei, irakasleei, kritikariei, publikoari eta sektoreari lotutako edozein pertsonari ahotsa emango dion egitura kolektiboa eskainita; eta hirugarrenik, Amarika aretoak arteari eskainitako erakusketa gune gisa jarraitzea nahi dute, artea hedatzeko eta artera iristeko «funtsezko azpiegitura» moduan. Jakinarazi dutenez, elkarteko bazkide izateko aski da helbide elektronikoan izena ematea.
Nolanahi ere, argitu dute elkartearen helburua ez dela soilik aretoa irekitzeko eskatzea; are, Arabako arte garaikidearen eta kultur ekosistemaren iraupenaren aldeko indarrak batzeko asmoa dutela azaldu dute. «Kulturaren eta humanismoaren alde egiten dugu, eta kultura helburu gisa defendatzen dugu, ez bitarteko gisa».
Elkarteak jakinarazi duenez, Amarika aretoa berriro ere irekitzeko eskatuko duen herri ekinaldi legegile bat aurkeztuko dute aurki Arabako Batzar Nagusietan. Ez dute argitu nork aurkeztuko duen ekinbide hori, baina elkartearen babesa izango duela ziurra da.