Dagoenari datorrena lehertzen

Atx Teatroak antzezlan berria estreinatuko du gaur Azpeitiko Soreasu antzokian: 'Lubaki lainotsua'. Belaunaldien arteko talkaz dihardu obrak, eta hiru aktore izango dira eszenatokian

Maren Basterretxea, Javi Barandiaran eta Miriam K. Martxantek osatu dute Lubaki lainotsua antzezlanaren aktore taldea. AINHOA RESANO.
itziar ugarte irizar
Azpeitia
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Armak zurezko kutxa baten gainean, eta gutun azalak lurrean. Agertokiaren erdian, zakuz altxatutako horma bat. Lubaki bat. Eta haren inguruan, lantaldeko lehen kideak joan-etorrian, eramateko kafea eskuz esku, teknikariak beharrezko elementu guztiak behar duten lekuan egon daitezen lanean. Estreinaldiaren bezpera Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian, eta nekearen eta gogoaren artean Lubaki lainotsua-ren atzeko lantaldea. «Etxea oso urrun dago», umorez aitortza Iñaki Ziarrusta zuzendariak. Ekainean hasi ziren Azpeitian antzezlana mamitzen, eta azken hilabete eta erdia elkarrekin igaro ostean heldu dira berriz hara, Maulen, Igorren (Bizkaia) eta Errenterian (Gipuzkoa) egonaldiak egin ondoren. Lubaki baten ebakidura oinarri, belaunaldien arteko talkaz dihardu obrak, eta hiru aktore hartuko ditu agertokian: Javi Barandiaran, Maren Basterretxea eta Miriam K. Martxante.

Antzezlanari forma ematen igaro dituzte azken asteak, eta forma ematea testutik askatzea izan daiteke antzerkian. Ziarrustaren esanetan, teatroak «literaturatik haragoko komunikazio molde bat» eskatzen baitu. Berak idatzi du Lubaki lainotsua-ren abiapuntuko testua, baina aurrenekoz kanpo begirada batekin aritu da lanean, Ximun Fuschekin. «Frontoi lana egin dit; nik pilota bota, eta iruzkinekin, zuzenketekin itzuli dit berak. Hori aktoreei erakutsi aurretik, entseguekin moldatuz joan baita dena».

Berrikuntza izan da lanerako metodo hori konpainiarentzat, baina ez bakarra. «Atx sortu genuenetik, proiektu bakoitzarekin guretzat erosoa zen horretatik irteten saiatu gara, eta kasu honetan pertsonaien barne mundua lantzea izan da erronka». Orain arte euren antzezlanek «marrazki bizidunen trazadun pertsonaiak» izan dituztela iruditzen baitzaio zuzendariari. «Kanpotik baino ez genituen zizelkatzen, baina hemen barrutik ere eraiki ditugu».

Hiru dira obra berriaren pertsonaiak, eta hiru aktoreak: soldadu beteranoa (Barandiaran), postari gaztea (Basterretxea) eta hildakoa (Martxante). Ziarrusta: «Nik soka batean ikusten ditut hirurak: soldadua eta postaria bi muturrak dira, eta erdian dago gerran hildako laguna. Hilda dago, ez du ezer irabazteko ez eta ezer galtzeko, eta horrek ematen dion askatasunetik eta erlatibismotik saiatuko da bi muturrak erdirantz hurbiltzen. Kontua da soka bakarra dela denentzat».

«Ez da batere erraza zure pertsonaia», Ziarrustak aurrean duen Martxanteri. Sorbaldak jasoz hark: «Ez, nik ere ez dut lortu oraindik nire ahotsa guztiz ulertzea, baina hasi naiz. Eta ohartu naiz, baita ere, nire jarrerak pertsonaia zaharrenaren zein gaztearenaren oso antzekoak direla».

«Nora zoazte horrela!»

Talka. Hitz hori errepikatu dute bai aktoreak eta bai zuzendariak antzezlana azaltzerakoan. Belaunaldien artean gertatzen den talka. Nekez eragotzi daitekeena, eta egunerokoan eta inguru hurbilean bizi-bizi sumatzen dutena haiek. Ziarrusta: «Nik 17 urteko seme bat daukat. Oso harreman ona daukagu, baina agerikoa da zelako aldea dagoen haren mundu ikuskeraren eta nirearen artean. Guraso modura uste dezakezu oso modernoa zarela, baina, hala ere, ez zara gai gauza batzuk ulertzeko». Leku beretik Martxante ere: «Ni oso punkia izan naiz; ez ditut maite izan ni baino zaharragoak izan direnen egiteko moduak, baina orain ikusten ditut gazteagoak, eta pentsatu izan dut: 'baina nora zoazte horrela!'». Kanporagotik begiratuta, ordea, «gizakiaren historia belaunaldien arteko talkan» oinarritzen dela oroitu du zuzendariak, eta hori onartzeari eman dio garrantzia: «Belaunaldien arteko higadurak sortu du historikoki garapena: estropezu handiak zein urrats baketsuagoak».

Txokea azalaraziko duten gai ugari ukituko ditu antzezlanak: biolentzia, kontsumoa, konpromisoa, familia, maitasuna eta beste.«Zeharkako hari asko, intentsitate diferentetan», Ziarrustak.

Gerraren iruditerian oinarrituta sortu dute eszenografia osoa— «muturreko testuinguru batean kokatu nahi genuelako»—, eta inoizko «errealistena» gelditu zaiela aipatu du zuzendariak. «Zakuzko horma zakuzko horma da; ez du beste esanahirik gordetzen. Eta, hala ere, ez da guztiz errealista; gerran dagoen leku bat ezerezaren erdian bezala gelditu ohi da, baita denboran ere, eta hori irudikatu nahi du lubakiak, erdi ametsezko giro batean».

Konpainiako lanek ohi duten kolore umoretsua eman diote obrari, baina baita «barrura begirako ezohiko pasarteak» ere. «Hiru, ez gehiago», zehaztapena Ziarrustak. «Ilunetik hasiko da, eta gero etorriko dira bestelako giroak. Denetarik. Galduta egotearen sentsazio bat eragin nahi izan dugu, batez ere hasieran; obrak aurrera egin ahala, apurka joan dadin ikuslea loturez ohartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.