Maiatzaren 2an beteko dira 500 urte Leonardo Da Vinci hil zenetik, eta harrapaka ibili dira museo nagusiakharen lanen atzetik, ea nork lortuko maileguan erakusgai jartzeko piezarik baliotsuenak. Artistaren jaioterritik gertu, Florentzian, hasita dituzte urteurrena gogoratzeko ospakizunak dagoeneko. Uffizi galerian, artistaren eskuizkribu ezagunenetako bat jarri dute: Leicesterko kodexa, Hammer kodexa izenez ere esaten diotena. Bill Gates Microsoften sortzailearena da gaur egun, 1994an eskuratu baitzuen enkante batean, 30 milioi dolar ordainduta. Hain zuzen, pertsona pribatu baten esku dagoen Da Vinciren kodex bakarra da. 72 orriko liburu hori eskuinetik ezkerrera dago idatzita, eta zientzialari gisa zituen ezagutzetako asko jaso zituen artistak han.
Italian jaio eta Frantzian hil zen Da Vinci. Hala, Parisko Louvreko aurtengo erakusketa nagusietako bat ere artistari eskainitakoa izango da —hark du, gainera, Da Vinciren bilduma propiorik handiena munduan—. Domenikos Theotokopoulos Greko-ari eskainiko diona da aurtengo agendan nabarmentzen den beste erakusketa. Museoaren kanpoko aldean dagoen kristalezko piramideak ere 30 urte betetzen ditu aurten, eta hori ere ospatuko du Louvrek, hainbat jardueraren bidez. Halaber, berezia izango da urtea Madrilgo Prado museoarentzat, 200 urte beteko baititu.
Da Vinci hil zen urte berean abiatu ziren Juan Sebastian Elkano nabigatzaile getariarra eta beste zenbait lagun munduari bira ematera, eta 2022an itzuli ziren. Euskal Herrian, kultur arloko hainbat jarduera iragarri dira urteurrena gogoratzeko —San Telmo museoak, esaterako, ziklo berezi bat antolatuko du— , baina baita Espainian ere. Batzorde berezi bat sortu du Gobernuak, eta askotariko egitasmoak antolatu dituzte: erakusketak, kontzertuak, ikus-entzunezko lanak eta abar. Ekitaldietako batzuk, gainera, Portugalekin batera egingo dira —hangoa zen Fernando Magallaes hasierako patroia—.
Bestelako urteurrenak ere ugari izango dira. 300 urte beteko dira, esate baterako, Daniel Defoeren Robinson Crusoe nobelarenlehen argitalpenetik. Mendea pasatu da Alemanian diziplina askotako artistak biltzen zituen Bauhaus eskola zabaldu zutenetik, bai eta Alemanian bertan Rosa Luxemburg iraultzaile eta pentsalaria hil zutenetik ere. 50 urte beteko ditu, berriz, John Lennonen Give Peace a Chance abestiak.
Urteurrenez gain, berri-berriak izango dira beste lan batzuk. Zineman, esate baterako, jakinekoa da Quentin Tarantino, Tim Burton, Clint Eastwood eta M. Night Shyamalanek zuzendari ezagunak filmak estreinatzekotan direla.Klasiko batzuen hurrengo atalak ere prest daude: Terminator 6 eta Star Wars IX. atala, esaterako.
Duela hiru urte —eta aurreko urteetan—, Euskal Herrian asko hitz egin zen Europako kultur hiriburutzari buruz. Orduan Donostia izan zen antolatzailea, eta aurten Italiako Matera eta Bulgariako Plovdiv hiriek izango dute ardura hori.
Da Vinciz beteko dira han-hemengo museoak
500 urte beteko dira aurten artista italiarra hil zenetik, eta urteurren hori ospatzeko erakusketak prest dituzte hiri askotan. Florentzian, esate baterako, 'Leicesterko kodexa' jarri dute ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu